NAIZ

Lehen Arretak jasaten duen «gehiegizko estresa» salatu du ESK-k Indautxun

ESK izan da Indautxuko Areilza Doktorea anbulategiaren aurrean egin den elkarretaratzearen deitzailea. Sindikatuak azaldu du mobilizazioaren helburua Lehen Arretak pairatzen duen «gehiegizko estresa» salatzea izan dela.

ESK sindikatuak deitutako mobilizazioa Indautxuko Areiltza Doktorea anbulategiaren aurrean.
ESK sindikatuak deitutako mobilizazioa Indautxuko Areiltza Doktorea anbulategiaren aurrean. (@EskOsakidetza)

«Lehen Arreta erreta» lelopean Osakidetzako hamarnaka behargin elkartu dira asteazken honetan Indautxuko (Bilbo) Areilza Doktorea anbulategiaren aurrean, Lehen Arretak jasaten duen gainkarga salatzeko xedez. ESK sindikatuak deitu du mobilizazioa eta, bere hitzetan, «estres handiko» egoeran dago Osakidetzako Lehen Arreta.

Sindikatuak argudiatu du pandemiaz gain, une honetan Lehen Arretak pairatzen duen «kolapso egoera» urteetan zehar EAEko arduradun politikoek izandako «utzikeriaren» eta «eraiste jasangaitzaren» ondorioa dela. Horregatik, baliabide pertsonal eta ekonomikoak eskatu dituzte elkarretaratzean: «Lehen Arretak lehenbailehen inbertsio, baliabide eta langile gehiago behar ditu osasun publikoa, unibertsala eta kalitatekoa bermatzeko».

Horretaz gain, Osakidetzaren aurrekontua %14tik %25era handitzeko beharra azpimarratu du sindikatuak. Era horretan, «Europako estandarrekin parekatzeko, sortu zeneko sustapen eta prebentzio printzipioak bete ahal izateko eta osasun arreta jasotzeko desberdintasunak saihesteko».

ESK-k nahikoa dela «konbikzioz» eta «irmoki» esateko unea iritsi dela defendatu du eta horretarako hainbat egunetako greba deitzeko aukera mahai gainean mantentzen duela berretsi du.