«Taldea ondo ikusten dut, gogotsu», adierazi du ostegun honetan Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek. Taldea lehiatu gabe egon da pasa diren kasik bi hilabetetan (azken partida azaroaren 20an jokatuko zuten, EHF European Leagueko itzulerako partida, Ramnicu Valcearen aurka) eta asteburu honetan itzuliko da txapelketara –igandean 12.00etan, Lanzaroten (Euskal Herriko ordua)–. Baita Zuazo bera ere, zeinak Malaga jasoko duen larunbatean Lasesarren (19.30ean).
Zonzamas Lanzarote taldea bisitatuko du talde donostiarrak; liderra azken sailkatuaren aurka, partidarik galdu ez duen taldea oraindik punturik batu ez duenaren aurka. Printzipioz, Bera Berak ez luke arazorik izan behar garaipena eskuratzeko eta Imanol Alvarez kontziente da horretaz baina bi hilabeteko geldialdiaren ostean saihetsezina da «zalantza» batzuk izatea. Gainera, nabarmendu du Lanzaroteko taldeak nahiz eta punturik izan ez, ondo lehiatzen duela: «Porriñoren aurka ikusi zen, atsedenaldira dena parekatuta zegoen».
Horregatik, lehiatzerako orduan taldea nola dagoen ikusteko «arerio egokia» izan daitekeela ados agertu da entrenatzaile ermuarra, nahiz eta gogoratu duen garrantzitsuena bi puntuak eskuratzea izango dela. «Abantaila txiki bat daukagu bigarren sailkatuarekiko eta helburua, astero hori mantendu eta handitzea izango da», gaineratu du.
Izan ere, ez du ezkutatu otsaileko lehen asteburuan Rocasaren aurka jokatuko duten partida funtsezkoa dela. Kanariarrak bigarrenak dira ligan, Xixongo La Calzadarekin batera –bien arteko lehia hurrengo asteazkenean zen jokatzekoa baina Rocasan antzeman dituzten 7 covid-19 kasuen ondotik, atzeratu egin da– eta hiru puntuko aldea dauka talde donostiarrak. «Erritmoa hartzeko, partida horretara puntu-puntuan iristeko, lesiotik edo koronabirusa izan ostean, jokalariak ondo iristeko bi partida izan daitezke Zonzamas eta Morvedre, baina irabazi egin behar dira», dio Alvarezek.
Uste du azaroan oso maila altuan zegoela taldea eta berdin edo hobeto itzultzea izango du helburu Bera Berak. Historikoki, geldialdi luze hauek taldeari «on» egin diotelakoan dago ermuarra. «Defentsa lanetan hobetu dezakegulakoan nago, baita erasoan ere, baina talde honi gehiago komeni zaio defentsan hobetzea ondoren korrika egin ahal izateko», azaldu du Alvarezek.
Hala, irabaztea funtsezkoa den modu berean, «irregularitate uneak gutxitzea» izango du xede taldea Lanzaroten: «Hainbeste denboraren ostean, normala izango da halako uneak izatea, hauek identifikatu eta gutxitu egin beharko ditugu; eta nola ez, irabazi». «Partidak ez dira irabazten faboritoak izate hutsagatik, Porriñoko adibidea daukagu hor», gogorarazi du, era berean.
Jokalari bakarra geratuko da etxean
Covid-19a kasik etxe guztietara sartu den moduan, Bera Bera ere ez da salbuespena izan. Nolanahi ere, dena ondo bidean, soilik jokalari bat geratuko da etxean birusaren ondotik, gainontzeko bost jokalariak berreskuratzea espero baitu azken proba egin ostean. Sei jokalari eta bigarren entrenatzaile Alex Nogues jo ditu koronabirusak. «Batzuk egunero eta beste batzuk bi egunetik behin gaude probak egiten, arriskuak minimizatzen», azaldu du.
Hala, lesio aldetik ere ondo daudela adierazi du Alvarezek, jada Maddi Aalla atezaina bueltan delako «eta hori oso garrantzitsua da taldearentzat. Munduko txapelketa jokatu zuten bost jokalariak ere oso ondo iritsi ziren –Maitane Etxeberria, Eli Cesareo, Laura Hernandez, Malena Cavo eta Mariane Fernandes–».