Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Gemma Gilik beste urtebeterako luzatu du hitzarmena Realarekin: «Disfrutatzen ari naiz»

Gemma Gili erdilari valentziarrak 2023. urteko ekainera arte luzatu du kontratua Realarekin. Hala, talde txuri-urdinak Natalia Arroyoren plangintzan funtsezkoa den beste jokalari bat lotu du denboraldi gogoangarri hau bukatu aurretik. Giliren bigarren denboraldia da aurtengoa. 

Gemma Gili Zubietan, hitzarmenaren berritzea sinatu berritan.
Gemma Gili Zubietan, hitzarmenaren berritzea sinatu berritan. (REAL SOCIEDAD)

Gemma Gili erdilariak 2023. urtera arte luzatu du hitzarmena Realarekin. Donostiara iritsi zenetik, ezinbesteko pieza bilakatu da Natalia Arroyoren plangintzan eta beraz, bere jarraipena lotzea funtsezkoa zen klubarentzat. Valentziarra 2020. urteko udaran iritsi zen Realera eta kontratua bere osotasunean betez gero, hiru denboraldi emango lituzte talde txuri-urdinean. 

Lehendabiziko denboraldian 31 partida jokatu zituen, 26 hasieratik, eta gol bat sartu zuen. Aurten, ligako partida guztietan parte-hartu du, horietatik 15ean hasieratik arituta. Momentuz, beste gol bat egin du. Iris Arnaiz erdilariarekin batera, oso bikote orekatua eta indartsua osatzen du Gilik. 

«Hemen egon nahi du», adierazi du Castelló de la Planako jokalariak hitzarmena berritu berritan. «Oso gustora nago, jokatzen ere asko disfrutatzen ari naiz eta horregatik jarraitu nahi du», gehitu du klubari emandako elkarrizketan. 

«Batek pentsatzen du non jarraitu dezakeen hazten, ikasten; non sentitzen den maitatua, non dagoen gustora... Hemen halaxe sentitzen naiz, baloratua sentitzen naiz, garrantzitsua, eta horiek dira, besteak beste, erabaki hau hartzera eraman nauten arrazoiak», azaldu du Gilik. 

Taldea egiten ari den denboraldi gogoangarriaz ere mintzatu da: «Inork ez zuen espero une honetan hain ondo egongo ginatekeenik, hainbeste hilabetetan hain maila altua mantenduko genukeenik». Emaitza on hauek taldearen konfiantza handitzen dutela gehitu du eta orain, bigarren itzulia hasi berritan, helburuak betetzeko unea iritsi dela. 

Emaitza on horiek lortzeko giltzarria taldeko giro ona eta guztiek egiten duten lan handia direlakoan dago. «Bide beretik jarraituko dugu, anbizio berarekin», ziurtatu du Gemma Gilik.

Klub txuri-urdina, berandu baino lehen, funtsezkoak diren jokalarien hitzarmenak luzatzeko lanean gogor dabil. Nerea Eizagirrek ere 2023. urtera arte berritu zuen, Amaiur Sarriegik, 2025. urtera arte eta Natalia Arroyo entrenatzaileak, 2024ra arte

Bigarren itzuliko lehendabiziko bi partidak irabazita –Athleticen aurkako derbia eta Valentzia–, Bartzelona «ahalguztiduna» jasoko du igande honetan 12.00etan. Klubak aurretiaz martxan jarri duen izen-emate prozesuan, 800 bazkidek eman dute izena eta beraz, Zubietako z7 zelaian baimenduta dagoen edukiera bete da. 6 orduan eman dute izena kasik mila lagunek.