Estatu espainiarrean da Iratxe Sorzabal euskal presoa eta Irunen, bere jaioterrian, hainbat lagun elkartu da aldi baterako espainiaratzea salatzeko. Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak herri ekimenak deitu du protesta, eta 19.00etan gauzatu da, San Juan plazan.
Iratxe Sorzabalen aldi baterako Espainaratzea salatzeko elkarretaratzea Irunen. Tortura oinarri duen epaiketari aurre egin beharko dio aurki Madrilen 2015ean Baigorrin atxilotu zutenetik frantses Estatuan preso duten irundarra. pic.twitter.com/vC4YmlZoo9
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) January 14, 2022
Ostiral goizeko 11.30ean Reauko espetxetik atera ostean. Elkarretaratzean ostean jakin da Estremerako espetxean sartu dutela, berak egindako telefono dei baten bidez. Horretan aipatu duenez, itxuraz egun batzuk isolaturik eman beharko ditu.
Hegazkin militar batean burutu dute euskal presoaren Espainiaratzea.
AZKEN ORDUA | Iratxe Sorzabal Estremerako espetxean dago. Hegazkin militar batean eraman dute, Torrejon de Ardozeko militar basera. https://t.co/c5eFlugJVY
— Peli Lekuona (@PeliLekuona) January 14, 2022
2015eko irailaren 22an David Plarekin batera Baigorriko landetxe batean atxilotu zutenetik frantziar Estatuan dago preso Sorzabal, Paris inguruko Reauko espetxean.
Auzitegi Nazional espainiarrean epaitua izan dadin espainiaratu dute frantziar agintariek. Otsailaren 7 eta 8an epaituko dute irundarra, 1996an Xixonen bi lehergailurekin ETAk burutu zuen atentatuan parte hartu izana leporatuta.
«Justizia baino, mendekua»
Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak elkarretaratzean salatu du Sorzabalen kontra egingo den epaiketak «duela 20 urte baino gehiago Guardia Zibilaren eskuetan torturapean egindiko deklarazioak» dituela oinarri.
Horrekin batera, deitoratu du Auzitegi Nazionalak salbuespen politikak aplikatzen jarraitzen duela, «justizian baino, mendekuan oinarrituz».
«Iratxe Sorzabalek jasandako tortura lazgarriek ez dute dagokien ez ikerketa ez eta erantzukizun judizialik izan, aldiz, epaitegietan torturapean botatakoak zigorrerako oinarri bilakatu dira», agertu dute, preso irundarrari elkartasuna adieraztearekin batera.
Datozen ekintzak
Datozen egunetarako hainbat ekintza antolatu ditu Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak plataformak. Datorren ostiralean, hilak 21, "Bi Arnas" dokumentalaren proiektua aurkeztuko du, baita berau finantzatzeko bultzatuko duen crowdfunding kanpaina ere.
Bestalde, Sorzabalen epaiketa baino egun bat lehenago, otsailaren 5ean, manifestazioa deitu dute. Irungo San Juan plazatik abiatuko dira eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte, «Paristik eta Madriletik ozen entzun dezaten Bidasoaldeko herritarren haserrea, salaketa eta Iratxerekiko elkartasuna».