NAIZ

Euskal gazteen %67k guraso izan nahi du «egunen batean», gero eta gutxiagok

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako datuen arabera, seme-alabarik ez duten 30 urtetik beherako gazteen %66,9k dio «egunen batean» guraso izatea gustatuko litzaiokeela. Beraz, azken 7 urteetako beheranzko joerarekin jarraituz, gero eta gazte gutxiagok nahi dute haurrak izan.

Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, gazteen %66,9k guraso izan nahiko luke «egunen batean».
Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, gazteen %66,9k guraso izan nahiko luke «egunen batean». (Getty)

Gazteen Euskal Behatokiak asteazken honetan argitaratu dituen datuen arabera, oraingoz seme-alabarik ez duten Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %66,9k guraso izan nahiko luke «egunen batean». Era berean, lehen haurra izatea gustatuko litzaieken bataz besteko adina 30 urtetan finkatu dute.

Behatokiak 2021eko abenduan 15 eta 29 urte bitarteko 4.000 gazte baino gehiagori online egindako inkesta batetik aletu ditu datuak. Urtez urte guraso izateko nahian beheranzko joera bat hauteman du behatokiak. Izan ere, 2015ean seme-alabarik ez zuten gazteen %84,7k adierazi zuen egunen batean guraso izan nahiko luketela, baina ehunekoa urtero txikituz joan da %66,9ra arte.

Sexua eta adina nahastuz gero, Behatokiak ondorioztatu du emakumeen adinak gora egin ahala seme-alabak izatea asko gustatuko litzaiekeenen ehunekoak ere gora egiten duela. 15 eta 19 urte bitarteko emakumeen %28,4k erantzun du haurrak izatea «asko» gustatuko litzaiokeela. Aldiz, inkestatutako 25 eta 29 urte bitarteko emakumeen %43k erantzun du ama izatea «asko» gustatuko litzaiokeela.

Gizonen kasuan, adinak gora egin ahala muturreko jarrerek gora egiten dute, bai aita izatea «asko» nahi dutenena, baita ez aita izan nahi ez dutenena ere. 25-29 urte bitarteko gizonen %27,7k ez du aita izan nahi edo «gutxi gustatuko» litzaoke. Aldiz, %64,7k seme-alabak izan nahi dituela adierazi du.

Bestetik, egunen batean seme-alabak izatea nahi dutenek adierazi dute horretarako jotzen duten adinik aproposena 30,3 urte direla. Hala ere, behatokiak nabarmendu du adinean gora egin ahala, «adin ideal hori atzeratu» egiten dela. Inkestak jasotako emaitzen arabera, 15 eta 19 urte bitarteko gazteek, batez beste, 29,3 urte dituztenean izan nahi dute aita edo ama, 20 eta 24 urte bitartekoen iritziz, 30,2 urte dituztenean, eta 25 eta 29 urte bitartekoek 31,5 urtetara atzeratzen dute adin ideal hori.

Errealitatearekin talka

Lehen umea izateko adin idealari dagokionez, Behatokiak azpimarratu du inkestatuen aburuz lehen umea izateko adin idealaren bataz bestekoa, 30,3 urte, errealitatearen azpitik dagoela. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeek beren lehen seme-alaba erditzen dutenean 32,2 urte dituzte, batez beste, hau da, emakumeek idealtzat jotzen duten adina baino bi urte beranduago.

Bestetik, seme-alabarik ez duten baina izan nahi dutela dioten gazteei ea lehen seme-alaba idealtzat jotzen duten adinean izango ote duten galdetu die behatokiak. Gehienak baikorrak dira, %54,4k «seguraski edo agian bai» erantzun duela ziurtatu baitu behatokiak. Hala ere, inkestatuen %32,8k ez du uste posible izango denik.

Izan ere, gazteen nahiek zuzenean egiten dute talka errealitatearekin. Datuak egungo testuinguru ekonomikoan jarrita, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %15 baino gutxiago dago emantzipatuta eta gurasoen etxetik alde egiteko bataz besteko adina 30 urtetan kokatzen da.