Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

«Batzen gaituen Kopa» Illunben jokatuko da apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean

Asteazken honetan egin da aurkezpena Gipuzkoako Aldundiaren prentsa aretoan eta bertan baieztatu dute Illunbek hartuko duela emakumezkoen eskubaloi Kopa apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean. Aurreko egunean emakumezkoen kiroleko jardunaldiak jasoko ditu Donostiak, txapelketako atariko moduan. 

Fernando Diez, Bera Berako presidentea; Harkaitz Millan, kirol diputatua; Tati Garmendia, Bera Berako eskubaloi alorreko arduraduna, Martin Ibabe, Donostiako Udaleko kirol zinegotzia eta Andres Garde, Espainiako Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea.
Fernando Diez, Bera Berako presidentea; Harkaitz Millan, kirol diputatua; Tati Garmendia, Bera Berako eskubaloi alorreko arduraduna, Martin Ibabe, Donostiako Udaleko kirol zinegotzia eta Andres Garde, Espainiako Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Batzen gaituen Kopa» lelopean egin da aurkezpena asteazken honetan. Jakina zen aurtengo edizioko Kopa Gipuzkoan jokatuko zela baina Bera Berak eszenatoki ezberdinak zituen buruan. Azkenean, hainbeste desiatutako Kopa Illunben jokatuko da, klub donostiarrak lehenetsitako aukera, alegia. 

Berez, Gipuzkoak 42. edizioko Kopa jaso behar zuen baina pandemiaren egoeragatik, lekualdatzea erabaki zen. Azkenean, Kanarietan jokatu zen. Urtebete beranduago, baina, are eta desio handiagoarekin antolatuko du Bera Berak 43. edizioa. Estatu espainoleko «sona handiena daukan txapelketa» antolatzea «ospatzeko arrazoia» dela bat azpimarratu du Harkaitz Millan Gipuzkoako kirol diputatuak. 

Tati Garmendia Bera Berako eskubaloi alorreko arduradunak adierazi duen legez, duela 26 urte jaso zuen Gipuzkoak azkenengo aldiz Kopako txapelketa eta beraz, gogo bereziekin hartu dute antolatzeko ardura. 

«Eskubaloiko goi-mailako txapelketako ekitaldiaz harago, kirol ezberdinen arteko integrazioa sustatu nahi dugu», azaldu du Garmendiak. Horrez gain, zale eta taldeak berriz topo egingo duten ekitaldi handia izatea nahi du, azken bi edizioetan oso edukiera murritzekin jokatu baita Kopa txapelketa eta «Illunbek daukan edukierarekin, behar bezala disfrutatzea lortu nahi dugu». 

Izan ere, Donostiako pabilioi honek 10.000 pertsonentzako edukiera dauka. Egungo osasun neurriak kontuan hartuta –urtarrilaren 28ra arte daude indarrean–, %50eko edukierarekin ireki ahalko luke Illunbek; hau da, 5.000 pertsona sartuko lirateke. 

Oraingoz zifra horrekin lanean daudela onartu du Garmendiak, izan ere jada salgai jarri dituzte hiru egunetarako abonoak (www.copadelareina2022.com webgunean eskuragarri). Nolanahi ere, neurriak aldatzen doazen heinean, hauen salmenta ere egokitzen joango direla onartu du. 

Hala, aditzera eman du, iazko edizioa Gipuzkoak hartu beharko balu kasik ezinezkoa litzatekeela Illunben jokatzea eta beraz, urtebeteko atzerapen hau «onuragarria» izan delakoan dago. 

Garmendiak uste du «klub bezala merezi genuela Kopa antolatzea eta txapelketa honetaz etxean disfrutatzea». Izan ere, Bera Berak zortzi Kopa garaikur altxatu ditu, zortzi Kopa 2009tik 2019ra bitartean; guztiak hamar urteren buruan, alegia.

Hori horrela, eta azken bi edizioetan final-laurdenetan eta finalerdietan kale egin ostean, Garmendiak bai uste du «presio puntu bat gehiago» izan dezakeela taldeak, «inori ez baitzaio gustatzen txapelketa bat antolatu eta lehendabiziko partidan kaleratua izatea».

Kopa irabaztea lortu dezaketen gauzarik gorena dela onartuta, emakumezkoen kirolari ikusgarritasuna ematea eta txapelketa honek hirian eta lurraldean hedapen handia izatea ere bada helburu garrantzitsua. Hala, aurreratu du, txapelketaren bezperan, apirilaren 28an, emakumezkoen kirolaren inguruko jardunaldia antolatuko dutela.

Illunbe, birmoldaketa betean

Aurkezpen prentsaurrekoan Donostiako kirol zinegotzi Martin Ibabek ere hartu du hitza eta nabarmendu du Illunbek jasoko duen lehendabiziko kirol ekitaldi handia izango dela eskubaloi Kopa hau. Horretarako prestatuta ote dagoen galdera erantzunez, onartu du birmoldaketa fasean dagoela eta egia dela oraingoz bi aldagela besterik ez dituela. Hala, aditzera eman du «Anoeta kirol guneko» beste instalazioetako aldagelak erabili beharko dituztela, Kopako azken fase honetan zortzi talde lehiatzen baitira, kadete mailako "Kopa txikia" txapelketaz gain. 

«Erronka» gisara baloratu du Illunbek Kopa jasotzea eta bidean dagoen birmoldaketari zentzu bat ematen diolakoan ere badago.

Harkaitz Millan Gipuzkoako Aldundiko kirol diputatuak, bestalde, Kopak ematen duen «ikuskizunaz gain», Donostian antolatuko den txapelketa balore batzuen erakusgarri ere izango dela adierazi du: «Talentuaren garapena emakumezkoen kirolean, ekitaldi honek eskaini ahal duen ikusgarritasuna; kadete mailako nesken parte-hartzea "Kopa txikia" bezalako txapelketan eta hala, harrobiari ikusgarritasuna eskaintzea; Gipuzkoako lurraldearen kohesioa sustatu eta genero berdintasunaren politikak kirolean bultzatzea, besteak beste».