Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak, joan den urtarrilaren 17ko epaian, arrazoia eman dio Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari (GHK), eta Debagoieneko Mankomunitatea kondenatu du Zubietako erraustegiko plantara eramatera bolumen handiko hondakinen errefusa.
Epaiak ebazten du Debagoieneko Mankomunitateak GHK-ri eman behar diola tamaina handiko hondakinen errefusa, gero Zubietako erraustegian tratatu ahal izateko.
Halaber, hondakinen frakzio hori ez emateak GHK-ri eta hura osatzen duten gainerako mankomunitateei eragin dizkien kalteak ordaintzera kondenatu du Mankomunitatea. Kalte horiek zehazteko, indarrean dagoen tarifa aplikatuko zaio Debagoieneko Mankomunitateak 2020ko irailaren 25az geroztik zabortegira eramandako tona-kopuruari, Kontsortzioaren Batzarrak zaborrak Zubietara bideratzeko eskaera formala egin zuenetik.
Zubietara jotzeko beharrik ez
Zaldibarko zabortegiaren hondamendira egin behar da atzera auzia ulertzeko: zabortegia erori aurretik, inguruko mankomunitate batzuek hara bideratzen zituzten bolumen handiko hondakinak, baina, hondamendiaz geroztik, zabor horiek erraustegira bideratu beharrean aurkitu ziren.
«Kontua da guk ez genituela Zaldibarrera eramaten bailaran biltzen genituen hondakin zaharrak, guk kontratu bat geneukan hemengo enpresa batekin [Agirre Etxabe SA] eta berak kudeatzen zituen zaborrak», esplikatu dio NAIZi Garazi Larrea Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak.
Bere esanetan, bailaran ez daukate beharrik hondakin handiak Zubietara eramateko, aurretik ere ez zituztelako Zaldibarko zabortegira eramaten.
Helegitea jarriko du Mankomunitateak
GHK-k 2020ko irailean jakinarazi zion Debagoieneko Mankomunitateari bolumen handiko hondakinak erraustegira bideratu behar zituela, baina ordurako Agirre Etxabe enpresarekin kontratu luzapena eginda zuen Mankomunitateak.
«Bidaliko genizkiola esan genien, baina gure kontratua amaitzen zenean, bestela, kontratua mozteagatik enpresa indemnizatu beharko genuke», azaldu du Larreak.
Gainera, kontuan izan behar da 2020ko abendura arte Zubietako instalazioa ez zela martxan jarri. «Epaia errekurrituko dugu –aurreratu du Garazi Larreak–, hondakinak martxan ez zegoen instalazio batera eramatea derrigortu gaituztelako, guk indarrean geneukan kontratu bat moztuz».
GHK-k argudiatzen du bere eskumena direla mota horietako hondakinak, baina urteak direla Mankomunitateak kudeatzen dituela. «Orain, komeni zaienean traste zaharrak erraustegiari jaten emateko, epaitegietara eramaten gaituzte. Bereak dira baita ere, adibidez, ospitaleetako plaken eskumenak, baina horiek ere guk kudeatzen ditugu».
Prozesu judizial bat probestuz
GHK-k bestelako epaiketa bat baliatu du Debagoieneko Mankomunitatea hondakin hauek Zubietako erraustegira bideratzera derrigortzeko. Hondakinak Bergarako Epele zabortegira bideratzen zituen mankomunitateak, harik eta Gipuzkoan soilik hiru puntutara mugatu zituzten arte zaborrak bildu eta tratatzeko guneak. Ordutik, 2017tik, Elgoibarrera eraman ditu hondakinak mankomunitateak.
Epaitegietara jo zuen makomunitateak, GHK-ri eskatzeko 2017tik zaborra Elgoibarrera eramateak sortu dizkion gainkostuak ordaindu diezaion. Azkenean, adostu dute gastu horiek 2019tik aurrera konpentsatuko direla.
Prozesu judizial hori probestu zuen GHK Debagoienari hondakinak Zubietara bideratzea derrigortzeko.