Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Karolina Sainz de Bikuña
Kazetaria eta bikoiztailea

«Belaunaldi batzuek galdu dute ikus-entzunezko produktu garaikideak euskaraz jasotzeko aukera»

Bere ahotsa publiko Herri Irratian egin zuen lehen aldiz, 80ko hamarkada amaieran. Geroztik, dokumentalak, filmak, iragarkiak, tren geltokiko azalpenak, museoetako audiogidak, erantzungailu automatikoak... jantzi ditu ahotsez. Kazetaria eta bikoiztailea da Karolina Sainz de Bikuña.

Karolina Sainz de Bikuña kazetaria eta bikoiztailea da
Karolina Sainz de Bikuña kazetaria eta bikoiztailea da (Jon URBE | FOKU)

Ahots bati aurpegia marraztea eta gorputza janztea ariketa tentagarria da beti. Karolina Sainz de Bikuñak hogeita hamar urte inguru daramatza bikoiztaile lanetan eta ertz askotatik iritsi zaigu bere ahotsa. Gerta daiteke trenean joatea eta bere ahotsak adieraztea zein den hurrengo geltokia; gerta daiteke euskarara bikoiztutako lehen porno filma ikusteko zirrara sortzea eta bere ahotsean jasotzea hitz apurrak eta arnasestu jarraiak; gerta daiteke Malagako Carmen Thyssen Museora joan eta audiogidak Sainz de Bikuñaren ahotsez euskaraz deskribatzea museoko ibilera. Eta gerta daiteke baten bat orduantxe konturatzea duela hamarkada batzuk ahots horixe sartzen zela beren etxeko sukaldean egunero Herri Irratiaren uhinetan.

Ahotsaren hari horri tiraka osatu du GAUR8k solasaldia Karolina Sainz de Bikuñarekin. Formakuntzaz kazetaria da eta ofizio horretan hasi zuen bidea. 18 urte eman zituen Herri Irratian 80ko hamarkada amaieratik hasita. Gaur egungo bere jarduna komunikaziora bideratuago dago, enpresa desberdinetan aritu da komunikazio arduradun eta orain Elkar Taldearen baitan Martin Ugalde Kultur Parkeko koordinatzailea da. Bikoiztaile lanari ez dio inoiz utzi urteotan.

Bere ahotsa «publiko» egin zuen lehen aldia Herri Irratian izan zen, artean Kazetaritzako ikasketak egiten ari zela, 1989an. «Hirugarren ikasturtean nengoela, praktikak egitera joan nintzen Herri Irratira. Jesuitei lotuta zegoen. Praktikak amaitu eta irratian lanean hasteko aukera sortu zitzaidan. Zalantzak izan nituen, ikasketak amaitu gabe nituelako oraindik. Juan Mari Irigoien osaba dut eta beti aholkulari bezala izan dut. Orduan ere berari galdetu nion eta hark animatu ninduen lanean hasi eta ikasketak nire kasa jarraitzeko».

Horrela hasi zen Herri Irratian eta 18 urte jarraian eman zituen bertan. «Mariano Ferrer, Iñaki de Mujika, Arantxa Kaltzada, Pako Sagarzazu... hainbeste izen handi izan nituen ondoan... lan arloan nire urrezko garaia izan zela esango nuke. Pribilegiatua sentitzen naiz profesional handi horiek gertutik ezagutzeko aukera izan nuelako».

Euskarazko irratigintzaren hasierak ere gertutik ezagutu zituen. «Garai hartan Radio Popularrek ele bitan funtzionatzen zuen. Euskadi Irratia ere garai hartan hasi zen. Gu Loiolako Herri Irratian aritzen ginen, gero Donostian zabaldu zen beste estudio bat. Garai hartan zaila zen euskara hutsean aritzea irratian, gentozen garaitik gentozen eta euskaraz aritzeko gai ziren kazetariak ere ez ziren asko. Akordatzen naiz ni Herri Irratira iritsi nintzenean Maddalen Iriartek utzi berria zuela, telebistara joan zelako. Eta Edurne Ormazabalek ere orduantxe utzi zuen. Horiek izan ziren hasiera-hasierakoak eta gu jarraipena eman zuen belaunaldia».

Kariñoz gogoratzen ditu hasierako urte haiek, baina ez ziren samurrak izan. «Garai hartan Herri Irratia Coperi lotua zegoen. Iritsi zen une bat bertako langileok lotura hori zalantzan jarri genuena. Gogoratzen naiz nola Mariano Ferrerek esaten zuen ez zela posible Copek Madrildik inposatzen zizkigun edukiak eta ildo ideologikoa mantentzea. Bi aukera jarri ziren mahai gainean, ordura arte bezala jarraitzea edo Copetik ateratzea. Bigarren aukera zaila zen, jesuitek eutsi beharko ziotelako ekonomikoki proiektuari eta ezingo zitzaien lanpostu guztiei eutsi. Langileen artean bozketa egin zen erredakzioan eta garbi atera zen Copetik ateratzearen aldeko aukera, nahiz eta jakin horrek gure lanpostuak arriskuan jarriko zituela».

Copetik askatuta, bide berria zabaldu zen Herri Irratian, zaila bezain interesgarria. «Eduki berriak lantzen hasi ginen, euskaraz gero eta gehiago, albistegiak euskaraz... ez zen erraza izan, baina oso ilusionantea izan zen». 18 urte eman zituen Sainz de Bikuñak Herri Irratian, irratia oso gertukoa eta etxekoa zen garaian. «Jende askok familiakotzat hartzen gintuen, etxekoak ginen haientzat. Goizean goiz hasten ziren Mariano Ferreren ‘El kiosko de la Rosi’ programarekin eta eguna pasatzen zuten irratiaren bueltan. Gaur egun agian irratiak ez dauka horrenbeste pisu, komunikabide asko daude eta komunikatzeko modu ugari. Baina garai hartan oso berezia zen jende askok irratiarekin zeukan lotura».

Lokuzioa hobetzeko ikastaroak

Herri Irratian zegoen garaian sortu zuten Rec Estudioa Joxe Felipe Auzmendik eta Jose Luis Rubiok, bikoizketa lanak egiteko. Bide horretan, bikoiztaile berriak behar zirela eta, Rec Estudiotik bikoizketa ikastaroak eskaintzen hasi ziren, Klara Badiolarekin. «Gu irratian ginen eta pentsatu genuen lokuzioa ikastea ondo etorriko zitzaigula. Irene Larraza –egun Etxepare Institutuko zuzendaria– eta biok joan ginen, irratian hasi berriak. Gogoratzen dut ikaskideen artean garai hartako Goenkaleko aktore asko zeudela. Han hasi ginen bikoizketa lanean».

Bikoizten aritutako lehen aldia mikatz gogoratzen du. «Urduri jarri nintzen eta ez nintzen gai testua ondo irakurtzeko; ezinean, trabatuz... gogoan dut pentsatu nuela lan hori ez zela sekula niretzako izango». Bukatu zen ikasturtea eta etorri ziren beste pare bat, eta irratiko lanarekin parean, bikoizketaren munduan sartzen joan zen Karolina Sainz de Bikuña. Lehen aldi hartako arantza ondo atera du, hogeita hamar urte beranduago bikoizketarekin asko gozatzen duela aitortzen baitu.

Bikoiztu zuen lehen filma “Emmanuelle” izan zen, gaztelerara. Euskarara lehena, Heidi. «Gogoratzen naiz Heidiren filmean Pedritoren amaren papera egin nuela, Brigitte. Protagonismo gutxi zeukan».

Bikoizketa lanak ere egiten dituen arren, batez ere lokuzio lanak egiten ditu, «nagusiki ikus-entzunezko ekoizpen desberdinei ahotsa jartzen diet. Ez naiz izan film batean protagonistaren ahotsa hasi eta buka jarri duena. Bigarren mailako pertsonaiak egin izan ditut. Baina hori baino gehiago egin ditut dokumentalak, iragarkiak...».

Sainz de Bikuñaren lanbide nagusia komunikaziora bideratuta dagoena da, bikoizketa nolabait bigarren lana da. «Profesional asko bikoizketatik bizi dira eta pandemian ez dituzte garai onak bizi. Nik ulertzen dut lan handiak, protagonisten paperak, enkargu garrantzitsuak, profesional horiek egin behar dituztela; horretara dedikatzen dira, profesional petoak dira eta ordu asko eskaini dizkiote lan horri. Alde horretatik nik alor hau umiltasun puntu batetik bizi nahi dut».

Ahots grabea

Sainz de Bikuñaren ahotsa grabea da, sakona eta samurra aldi berean. «Hasiera-hasieratik esan zidaten emakume beltzen paperak egingo nituela eta baita adineko emakumeenak ere. Gaztetxotatik ni baino helduagoak diren emakumeei jarri diet ahotsa, nire ahotsaren ezaugarriengatik. Inoiz ez diot jarri ahotsa neska gazte bati. Marrazki bizidunetan mutilei ahotsa jarri izan diet, neskei inoiz ez».

Trenean edo autobusean ere entzun daiteke Sainz de Bikuña, geltokien berri ematen, ordutegiak errepasatzen... «Nik berez ez ditut ahots horiek grabatu. Horiek nire ahotsaren fonemekin sortutako esaldiak dira, horregatik dira hain ortopedikoak. Nik hobeto egingo nuke [barrez]. Duela urte batzuk EHUtik iritsitako eskaera bat izan zen. Datu base bat sortu behar zuten euskarazko fonemekin, beste hizkuntza batzuetan egiten den bezala. Fonemen datu base hori gauza askotarako erabil daiteke; autobus eta trenetarako, ikusmen arazoak dituztenentzako, robotentzat, erantzungailu automatikoentzat... gogoratzen naiz Leioara joan nintzela lan hori egitera eta oso gaizki pasatu nuen. Egunean zortzi bat ordu jarraian pasatu nituen estudio batean sartuta, fonema bat bestearen atzetik ahoskatzen. Ur pixka bat ekarri zidaten, baina ez nuen atsedenik hartu ezta bazkaltzeko ere. Bi egun jarraian estudio batean sartuta dauden euskal fonema posible guztiak grabatzen. Orriak, orriak eta orriak... soinu eta doinu posible guztiak sortu behar ziren».

Gerora askotariko erabilpena eman zaio datu base horri. Oraindik gertatzen zaio udaletxeren batera deitu eta harrera egiten duen erantzungailu automatikoan bere ahotsa entzutea. «Gogoratzen naiz garai batean Illunben zeuden zinema aretoetarako sarrerak telefonoz erosteko prozesuan ere nire ahotsa topatzen nuela».

Pornoa, euskaraz

Euskarara bikoiztutako lehen porno filma ere badago bere lanen zerrendan. «Donostian egindako ekoizpen bat izan zen eta Iñaki Beraetxe eta biok aritu ginen, Rec Estudioen bidez iritsi zitzaigun enkargua. Hasiera batean ez zidaten esan zer lan mota zen. Iritsi orduko sumatu nituen irribarretxoak. Gazteleraz egindako porno filma zen eta euskaratu egin behar zen. Asko lasaitu ninduen Iñaki Beraetxe ondoan izateak, beteranoa zen, bikoiztaile bikaina eta babes hori baneukan. Lan bat gehiago zen eta porno filmak euskarara bikoizteak bere garrantzia zeukala pentsatu nuen, euskara normalizatzeko bidean hori ere behar zela. Ekarpen bat egiten ari ginela pentsatu nuen. Gero ez dakit noraino iritsi den». Ez omen zaio inor gerturatu esanez porno film batean bere ahotsa entzun duela. «Egia esan, elkarrizketa gutxi eta arnasestu asko zeuden. Nekatu eta mareatu egin nintzen pixka bat».

Rec Estudioek ateak itxi zituzten duela bi urte. Gaur egun Mediavox eta Doctor Master estudioen bitartez iristen zaizkio enkarguak nagusiki. Eta Elkarren ere lokuzio lan ugari egiten ditu.

Egin duen azkenetariko lana Malagako Carmen Thyssen museoarentzat izan da. Audiogida zerbitzuak euskaraz ere eskaintzen du museoan barnako ibilbidea eta ahotsa Karolina Sainz de Bikuñarena da. «Ilusio handia egin dit lan horrek. Malagako museoaren proposamena jaso zuen Etxepare Institutuak. Museoak audiogida hamar hizkuntzatan eskaintzen du eta euskarari ere tokia egin nahi izan dio. Etxeparetik niri proposatu zidaten. Museoaren ibilbidearen deskribapena da eta une batean Carmen Cerveraren paperean ere sartzen naiz, museoari buruz hitz egiteko». Lan mardula izan da, ordu dezente jarraian, baina oso interesgarria. «Asko ikasi dut lan hori egiten, koadroei buruzko informazio mordoa ematen da, baita museoari buruzkoa ere. Euskararentzat horrelako lanak oso garrantzitsuak direla iruditzen zait, munduko edozein tokitan Europako beste hizkuntzen alboan euskara ikusteak ahaldundu egiten gaitu».

Bikoizketa, mahai gainean

Bieuse (Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea) elkartean sartu berri da Karolina Sainz de Bikuña. Bikoizketaren alorrak une berezia bizi du, Estatu espainoleko aurrekontu orokorren harira, mahai gainean eta lehen lerroan jarri den alorra izan da. Politikari zenbaitek burlaizez «Sintxanek euskaraz egitea» tontakeria balitz bezala saldu nahi izan badute ere, bikoizketa ez da tontakeria, hizkuntza baten normalizazio bidean olatu garrantzitsua da.

Estatu espainolean sortu den ikus-entzunezkoen legearen baitan, euskarazko bikoizketari bultzada emateko une aproposa dela ulertzen du Sainz de Bikuñak. «Une honetan egiten den baino euskarazko bikoizketa askoz gehiago egiteko aukera dagoela iruditzen zait, zinema garaikidea euskarara ekartzeko. Haur eta gazte belaunaldi batzuek dagoeneko galdu dute ikus-entzunezko produktu garaikideak euskaraz jasotzeko aukera. Une honetan ezinbesteko aukera daukagu horri buelta eman eta mundu osoan estreinatzen diren filmik onenak euskarara ekartzeko. Lege horrek eskaintzen duen aukera baliatu beharko genuke eta benetako apustua egin. Nabarmendu nahiko nuke Pantailak Euskaraz plataforma egiten ari den lana norabide horretan».

Egunotako jendartean ikus-entzunezko edukiek daukaten garrantzia ikusita, euskararen normalkuntzarako «ezinbestekoa» da hor presentzia izatea. “Frozen”-ek euskaraz egitea garrantzitsua da, eta Euskal Herrian badago lan hori egiteko bikoiztaile harrobi aberatsa. «Euskal Herrian bikoiztaile askok bidea urratu behar izan dute, zerotik sortu eta sekulako maila dago hemen. Oso-oso bikoiztaile onak daude Euskal Herrian», iritzi dio Sainz de Bikuñak. Euskarak baditu ahotsak, orain entzuna izateko espazioak behar ditu. •