Joan zen urtarrilaren 13an egin zuten mobilizazio eguna «zabalpen handiko greba» bezala baloratu zuten hezkuntza sindikatuek. FSU 64, UNSA 64, FNEC-FP-FO 64, CGT Educ'action 64 eta FCPE 64k, hain zuzen intersindikala osatzen duten zentralek, agiri batean adierazi dutenez, mobilizazio horren ostean Emmanuel Macronen Gobernuak eginiko iragarpenak ez dira aski.
«Ministerioa mugiarazi dezakegu gure eskaeren alde mobilizatzen baldin bagara. Osasun krisiaren kudeaketan sorturiko kaos orokorrak erantzun azkarrak eskatzen ditu, lehen ministroak eta Hezkuntza ministroak harturiko engaiamendu minimalistetatik harago», adierazi dute sindikatuek ostegun honetan egindako bigarren manifestazioaren atarian.
Gaineratu dutenez, «beharrezkoa da osasun protokolo egingarri, adostu eta iraunkor bat» plantan ezartzea, eskoletara egokiturik.
Guzien babesa bermatzeko, eskolek eta hezkuntza guneek material aski behar dutela aldarrikatu dute. «Iragarri diren kantitateez harago, eta ikasleentzat urririk. Eskolak urgenteki inbertsioak behar ditu krisiari aurre egiteko», diote. Horren harira, aurrekontu kolektibo baten beharra mahai gaineratu dute ezinbesteko kontratazioak egiteko.
Hori dela eta, gaur protesta dinamika horri segida emanen diote. Hastapen batean, ikastetxeetan afixekin eta ikurrekin jartzera deitu zituzten burasoak, langileak eta lizeoetako ikasleak. Suprefeturak Baionan duen egoitzaren aitzinean ere egin dute mobilizazioa, 12.30etan.