NAIZ

EAEko Hezkuntza Itunerako dekalogo bat aurkeztu du LABek, proposamen gisa

Hezkuntza Itunaren inguruko dekalogoa plazaratu du LAB sindikatuak, EAEn hasitako eztabaidaren harira. Eskola publikoa ardatz duen publikotasun berri baten alde egitea eta euskalduntzen duen eredu orokortu bat ezartzea dira sindikatuak dituen helburuetako batzuk.

Garbiñe Aranburuk eta Irati Tobarrek LABen Dekalogoa aurkeztu dute.
Garbiñe Aranburuk eta Irati Tobarrek LABen Dekalogoa aurkeztu dute. (LAB SINDIKATUA)

EAEko Hezkuntza Itunari begira, LABek dekalogoa aurkeztu du astelehen honetan. Segregazioa gainditzea, murgiltze eredu orokortua ezartzea, ituntze unibertsalarekin amaitzea eta finantziazio publikoa baldintzatzea, titularitatean eragitea eta hezkuntza langileen baldintzak hobetzea dira LABen eskakizun nagusienak.

Hezkuntza Itunaren inguruko eztabaida ireki da eta, era berean, gogoeta Euskal Herri osora zabaltzeko ekimenak abian jarri dira. Honen aurrean, LABetik egiten duten irakurketa plazaratu dute Bilbon egindako agerraldian, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Irakaskuntzako arduradun Irati Tobarren eskutik.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, «Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio eta burujabea eraikitzea da gure helburua, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea dugu ortzi-mugan. Herri eta auzo eskolaz osatutako sare bakarraren aldeko apustua egiten dugu. Autonomian eta parte hartzean oinarritutako dena, titularitate publikokoa. Diru publikoz osoki finantzatua, familia guztientzat, jaiotzetik hezkuntza-prozesu osoa bermatuko duena. Herritar guztiei hezkuntza feminista, laikoa, inklusiboa, euskalduna, antiarrazista eta berdintzailea bermatuko diena. Euskal Curriculumean oinarrituta egongo dena».

1978ko itunen ondorioz, espaniar Estatuan ezarri zen hezkuntza sistema duala eta hizkuntza eredua gainditu beharra dagoela adierazi dute Aranburuk eta Tobarrek. «Egun indarrean dagoen eredu dualetik sare bakarrerako bidea konfluentziatik sortu behar dela iritzi dugu LABetik. Bide bat egin behar da», aldarrikatu dute.

Zentzu honetan, sare bakarrerako trantsiziorako «ezinbestekotzat hurrengo urratsak» dituzte: Hezkuntza sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsalarekin bukatu egin behar da; eskola publikoa ardatz duen publikotasun berri baten alde egin behar da; euskalduntzen duen eredu orokortu bat ezarri behar da; eta Hezkuntza langileen aitortza eta baldintzen hobekuntza ezinbestekoa da.