NAIZ

Dariel Garcia kubatarrak 2023ko ekainaren 30era arte jarraituko du Bidasoa-Irunen

Iazko udan iritsi ondoren, jokalaria oso pozik agertu da beste denboraldi batez Artalekuko taldean jarraitzeko aukera izateagatik.

Gurutz Aginagalde Bidasoa-Irungo presidentea eta Dariel Garcia jokalaria.
Gurutz Aginagalde Bidasoa-Irungo presidentea eta Dariel Garcia jokalaria. (CD BIDASOA)

Asobal Liga ‘oporretan’ dago Europako Txapelketa jokatzen dagoen bitartean –igande honetan amaitzen da–. Baina taldeek ez dute atsedenik hartzen eta Bidasoa-Irun horren adibide bat da. Astearte honetan iragarri duenez, kluba eta Dariel Garcia Rivera akordio batera iritsi dira jokalari kubatarra 2023ko ekainaren 30era arte taldean jarraitzeko.

Duela 26 urte Santiago de Cuban jaiotako ezker hegalak (197 zentimetro, 93 kilo) 76 neurketa jokatu eta 177 gol sartu ditu Asobal Ligan, BM. Logroño La Rioja taldetik 2018/2019 denboraldian Ligara iritsi ondoren. Errioxako klubarekin 63 partida jokatu zituen, 151 gol eginda.

Dariel Garcia iazko udan iritsi zen Irunera denboraldi baterako. Aurten, Ligako 13 neurketa jokatu ditu (26 gol), lau EHF European Leaguen (6 gol), eta Kopan 12 gol egin zituen.

Akordioa sinatu ostean, jokalaria oso pozik agertu da beste denboraldi batez jarraitzeko aukera izateagatik, eta eskerrak eman dizkio klubari berarengan jarritako konfiantzagatik. «Espero dut horrela jarraitzea eta taldeari ekarpena egitea», adierazi du.

Dariel Garciak Artalekuren garrantzia azpimarratu du. «Inoiz ez nuen hainbeste jendearekin jolasteko
sentsazio hori izan. Sorpresa atsegina hartu dut. Espero dut Artaleku betetzen jarraitzea eta emaitza
onak lortzen jarraitzeko giroa egotea», azpimarratu du.

Kirol arloan, lehen taldeko jokalariak Bidasoa-Irun «oso egoera onean» dagoela azpimarratu du. «Oso
batuta gaude eta helburuak bete nahi ditugu», amaitu du.

Rodrigo Salinas eta Matheus Francisco da Silva

Bidasoa-Irun taldeko Rodrigo Salinas eta Matheus Francisco da Silva jokalariek Recifen (Brasil) astearte honetatik larunbatera bitartean jokatuko den Hego eta Zentro Amerikako Txapelketan parte hartuko dute.

Txapelketa honen bigarren edizioa da eta lau plaza banatuko ditu 2023ko urtarrilean Poloniak eta Suediak
jasoko duten Munduko Txapelketarako.

Bi jokalari bidasotarren selekzioak B multzoa partekatuko dute Paraguai eta Costa Ricarekin batera. A multzoan Argentinak, Uruguaik eta Boliviak parte hartuko dute, Kolonbiak pandemiarekin lotutako arazoengatik ezin izan duelako bertaratu.