NAIZ

Gasteizen emakume bat harrapatu eta hil ostean ihes egindako gidariak positibo eman du drogetan

Gizonak emakumea autoarekin harrapatu ostean ihes egin zuen eta ez zion laguntzarik eskaini. Lekukoei esker Udaltzaingoak atxilotu egin zuen 43 urteko gizona; positibo eman du drogetan.

Harrapaketa Salburuan izan zen.
Harrapaketa Salburuan izan zen. (GOOGLE MAPS)

Gasteizko Udaltzaingoak 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, Salburua auzoan gidatzen zihoala 84 urteko emakume bat harrapatu eta hil ondoren bertatik ihes egiteagatik. Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, positibo eman du drogetan.

Gertaera astearteko 18.45 aldera izan zen, Hezeguneen ibilbidean, emakume bat oinezkoen pasabide bat zeharkatzen ari zela Opel Vectra auto batek harrapatu zuenean. Kolpea gogorra izan zen arren, gidariak ihes egin zuen emakumea ondo zegoen ikustera gelditu gabe.

Hainbat lekukok eta hiritar batek egindako deietan emandako informazioari esker, udaltzainek autoa topatu zuten garai bateko Ignacio Aldekoa ikastetxeko aparkalekuan, Salburua inguruan, ezbeharra gertatu zen kaletik gertu. Haren alboan zegoen gidaria eta atxilotu egin zuten zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delituaren eta gertakarien tokitik alde egin izanaren ustezko egilea zelakoan.

Atxilotuari alkohol eta droga frogak egin ostean, negatibo eman zuen alkoholemian baina positibo THCan (marihuanaren substantzia).

Asteazken honetan jarraituko dute ikerketarekin eta lekuko batzuei eta harrapaketaren ustezko egileari deklarazioa hartuko diete gertatutakoa argitu ahal izateko. Gainera, egunean zehar gidaria epailearen aurrera eramango dute.