NAIZ

Fukushimako zentral nuklearraren istripuak minbizia eragin diela salatu dute sei gaztek

Sei gaztek Fukushimako zentral nuklearraren aurkako salaketa bat aurkeztu dute 2011ko erradiazio isuriak tiroideko minbizia agerrarazi diela argudiatuz.

Sei gazteei babesa helarazteko elkarretaratzea Tokion.
Sei gazteei babesa helarazteko elkarretaratzea Tokion. (Behrouz MEHRI | AFP)

17 eta 27 urte bitarteko Fukushimako sei gaztek salaketa kolektibo bat aurkeztu dute ostegun honetan Fukushimako zentral nuklearra kudeatzen zuenTokyo Electric Power Company-ren (TEPCO) aurka. Gazteak tiroideko minbiziak jota daude eta, haien aburuz, 2011ko istripu nuklearraren ondorioz askatutako erradiazioak eragin die gaitza. Salatzaileek 616 milioi yeneko (4,78 milioi euroko) kalte-ordainak eskatu dituzte.

Fukushimako herritarrek aurkezten duten gisa honetako lehen salaketa da eta, beraz, ostegun honetan gazteen abokatuak Tokioko epaitegira heldu direnean, hamarnaka jarraitzailerekin eta auziaren babesleekin egin dute topo.

2011ko martxoan, urpeko lurrikara baten ondorioz sortutako tsunamiak Japonia astindu eta Fukushimako katastrofe nuklearra eragin zuenean, sei gazteak 6 eta 16 urte bitarteko adin txikikoak ziren eta Fukushimako eskualdean bizi ziren. Beraien senideen artean ez zuten minbizi kasurik eta 2012 eta 2018 bitartean tiroideko minbizia diagnostikatu zieten.

Hori horrela, akusazioak minbizia eta erradiazioaren artean harreman zuzen bat dagoela argudiatzen duen bitartean, japoniar Gobernuko agintariek Fukushimako erradiazioaren esposizioaren eta tiroideko minbiziaren artean loturarik izan daitekeenik ukatu dute.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Gobernu japoniarraren jarrera bera hartu du. Izan ere, iaz argitaratu zuen txosten batean ondorioztatzen zuen hondamendi nuklearra jazo eta 10 urtera ez zela biztanleen osasunarentzat «efektu kaltegarririk» dokumentatu. «Erradiazioaren eraginpean dauden umeen arteko tiroideko minbizi kasuen gorakada diagnostiko hobeen ondorioa izan daiteke», argudiatu du erradiazio atomikoaren ondorioei buruzko NBEko Batzorde Zientifikoak.

Salatzeko beldur

Gazteetako batek salaketa prestatzeko prozesua azaldu du prentsaurreko batean: «10 urte behar izan ditugu salaketa aurkezteko, hitz eginez gero diskriminazioaren biktima izateko beldur ginelako».

«Neskato bat nintzen minbizia nuela esan zidatenean eta ez nuen gastu judizialetarako dirurik», gehitu du. Malko artean, neskak bere diagnostikoa jakin zuen eguna gogoratu du: «Argi eta garbi esan zidaten ez zuela loturarik istripuarekin».

«Gazteetako lauri glandula osorik erauzi behar izan zieten eta tratamendu hormonala jaso beharko dute bizitza osoan zehar», esplikatu du gazteen abokatua den Kenichi Idok. Gainontzeko salatzaileei tiroidearen erauzketa partzial bat egin behar izan zieten.

Katastrofe nuklearra

2011ko martxoaren 11n, lurrikara gogor batek Japoniaren aurka talka egin zuen tsunami erraldoi bat sorrarazi zuen. Tsunamiak Fukushima Daiichi zentraleko 3 erreaktoreen nukleoak fusionatu egin ziren, airean erradiazio kantitate handiak askatuz, zeinak lurrean eta uretan zehar zabaldu ziren.

Hondamendiak 18.500 hildako edo desagertutzat emandako pertsonak utzi zituen eta 1986ko Txernobyl geroztiko hondamendi nuklear larriena izan zen, istripuaren ostean tiroideko minbizi kasu ugari atzeman baitziren.