NAIZ

Lakuak covid ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra arte luzatzeko eskatuko du

Lakuako Gobernuak covid ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra arte luzatzeko eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari. Iñigo Urkulluk «zuhurtziari eta zehaztasunari» eustea gomendatu du eta neurriak mantentzeko aholkua eramango due ostiralean bilduko den LABIren batzordera.

Covid-19aren aurkako neurri murriztaileak mantentzearen alde agertu da Urkullu. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Covid-19aren aurkako neurri murriztaileak mantentzearen alde agertu da Urkullu. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Lakuako Gobernuak covid ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra arte luzatzeko eskatuko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari. Haren erabilera hoteletara, turismo-ostatuetara eta joko-aretoetara hedatzea ere eskatuko du.

Bestetik, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak gomendatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan martxan diren covid-19aren aurkako egungo murrizketei eustea, Batzorde Zientifikoak egin duen bezala, eta hala jakinaraziko dio Babes Zibileko Planaren Kontseilu Aholku-emaileari (LABI) ostiraleko bileran.

LABIren mahai instituzionalaren azken bilera abenduaren 28an egin zen, eta, besteak beste, jarduera komertzial, sozial eta kulturalak goizaldeko 01.00ean ixtea erabaki zen, edukiera orokorraren %60 murriztea, barran kontsumitzeko debekua eta taldeak 10 pertsona mugatzea.

Ostegunean, Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioaren 100. urteurrena ospatzeko antolatutako Bilboko ekitaldian, Lakuako Gobernuko buruak ziurtatu du pandemiaren bilakaera «positiboa» dela, baina egoera epidemiologikoa «zaila» dela oraindik.

Zehaztu duenez, LABIren azken bileratik gaur arte «goranzko eta beheranzko joera» egon den arren, ebaluazio indizeak abenduaren 28koak baino «okerragoak» dira orain.

«Hori dela eta, Batzorde Zientifiko Teknikoak eta osasun-agintariek indarrean dauden neurriak mantentzea gomendatzen digute. Zuhurtziari eta zehaztasunari eustea gomendatzen digute. Horixe gomendatzen dut nik ere», esan du.

Hori dela eta, esan du ostiralean LABIren Aholku Batzordean «diagnostikoa eta erabakia» partekatuko dutela eta hartutako neurrien berri emango dutela.

Batzuek luzatu, besteek kendu

Lakuako Gobernuak neurri murriztaileak denboran luzatzea erabakiko balu, Nafarroak hartu duen bideari segiko lioke, ez ordea Estatu espainiarreko beste autonomia erkidego batzuek egin duten apustuari.

Kataluniak, Asturiasek, Kantabriak, Galizak eta Errioxak, kasurako, ostalaritzako eta gaueko aisialdiko murrizketak bertan behera utziko dituzte, covid pasaportea eskatzen jarraituko badute ere, Asturiasek salbu.

Murrizketekin jarraitzea erabaki dutenen artean daude, EAE eta Nafarroaz beste, Andaluzia eta Valentzia, adibidez.