Jon Ormazabal

Aurtengo zesta punta negua ez da soilik gorria izango Euskal Herrian

Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika bikoteen arteko lehiak emango dio hasiera larunbat honetan Jai-Alai Winter Series, Euskal egutegia sendotzeko asmoz Gernikan antolatutako txapelketa berriari.

Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika, osteguneko aukeraketan.
Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika, osteguneko aukeraketan. (JAI ALAI NEWS)

Euskal tradizioan «gorri» adjektiboa jarri izan zaion negu izenari, «gogor», «zail», «hotz» edo antzerako esanahia eman nahi izan zaionean urteko sasoi honi. Hortik Mikel Laboak Bertold Brechten poema oinarri egindako abestia eta gero hortik izena hartu zuen euskal rock eszenako talderik handienetako baten izena. Euskal Herriko zesta puntaren neguek azken urte luzeetan asko izan dute gorritik, baina larunbat honetatik aurrera, urdinetik ere izango dute gutxienez. Gorri edo urdin. Euskal modalitaterik nazioartekoarena izan den honi hainbeste eman eta kendu dion apustuaren aroa amaituta, kirol esparrua izango da bere etorkizunaren giltza eta bide horretan eragiteko asmoz Jai Alai Winter Series txapelketa bere aletxoa jartzera dator.

Promozio eta ezagutarazte lan guztiak txukun beteta, benetako protagonisten, pilotarien txanda heldu da eta Erkiaga-Zabala eta Barandika-Lekerika izango dira proiektu berri honi larunbat honetan hasiera emateko ohorea izango dutenak. Zaila da larunbat gauez jokatuko den partida bakar honetarako –gainontzekoak –finala salbu– astelehenetan jokatuko dira ETB-k prime-timean eman ditzan– pronostiko argi bat ematea. Izenez, izar kategoria irabazia du, eta gainera 2021ean urte oso ona egitetik datorrelako, Aritz Erkiagaren izena nabarmendu beharko litzateke agian, baina Barandika-Lekerika etxean arituko dira eta elkar bikain ezagutzen dute elkar. Afizionatuetan, Danian, Gernikan bertan, hamaika partida jokatu dituzte elkarrekin eta elkar oso ondo moldatzen diren bikotea osatzen dute.

«Bullet» ezizenarekin ezaguna, Zabala atzelari markinarra fisikoki oso pilotari indartsua da, eskuinez eta errebesez. Filipinetan eta Floridan aritu ostean, bere unerik onenean dago eta txapelketa honetan leku bat egitea lortu du.

Hasiera orekatua

Barandika-Lekerikak, printzipioz, pilota biziarekin jokatu nahiko dute, biek min handia egiten dute eskuinaz. Erkiaga-Zabalaren asmoak, hortaz, pilota paretara baztertu eta errebesez jokatu araztea izango da. Ikusiko da nork lortzen duen partida euren zelaira eramatea. Larunbatean galtzen duenak zail izango du eta sailkapena partida bakarrera jokatu behar izango du Olharan-Etchetoren aurka. Larunbat honetako partidak ikusmin handia sortu du Gernika aldean eta frontoian 800 ikusleentzat izango da lekua osasun arrazoiak direla medio.

B multzoko pilotarientzat lehiaketa astelehenean hasiko da Arbe-Lopez eta Beaskoetxea-Aldazabal bikoteen arteko lehiarekin. Goikoetxea-Aimarrek otsailaren 14an izango dute lehen partida.