Euskaltzaleen Topaguneak antolaturik, asteazikenean Topaldiaren 20. edizioa egin zen Bilbon. Bilborocken izandako jardunaldian –aurrez aurre eta streaming bidez jarraitu ahal izan zen–, hausnarketaren fokua kulturgintzaren eremuan jarri zen. Batez ere euskalgintzaren eta kulturgintzaren sistemen artean une batean eten edo bederen askatu egin diren josturak berriz lotzeko beharraz ohartu baitira eragileak.
«Azken urteotan, gai hau barne run-run baten antzekoa izan da. Azken hamarkadetan disoziatu dugulako kulturgintza eta euskalgintza, eta kateatzeko beharra dugu, bata ez delako ezer bestea gabe. Elkar ezagutzeko beharra dugu, loturak bilatu», Johana Olabarria Euskaltzaleen Topaguneko kultur arloko arduradunak aipatu zuenez.
«Bi ibilbideak elkar elikatzeko ordua iritsi da», esanez jarraitu zuen. Beraz, etorkizun hurbilean bueltaka egongo den hausnarketaren gakoa horixe izango omen da, herri kulturatik sortu eta elikatzen den euskalgintzaren kosmologia ezin daitekeelako kultur eragileen ekosistematik aparte egon. Bizirauteko indarrak metatzeko, josturak lotu beharrean dago.
Elgoibartik Iruñera
Honen bi adibide praktiko jarri ziren mahai gainean atzo. Bata, Elgoibarko esperientzia. Hau da, herri mugimendu ezberdinen elkarlanaren ondorioz, euskara modu naturalean erdigunean jartzen duten proiektuak sustatu dituzte. Horretarako, herriko kulturgintza eta euskalgintzaren egoeraren diagnosia egin du Gorka Arresek, Elgoibarko Izarrak eskatuta. Handik sortu den erradiografia ez da beste herrietatik asko aldentzen: emakumeak gehiengoa dira bi sistemetan, musika taldeak nagusi –beste diziplinek ia ez dute batere presentziarik edo presentzia txikia dute–, eta sakabanatzea; elkarren arteko koordinaziorik eza.
Bigarren adibidea diagnosi soilagotik harago doa. Iruñerrian azken urteetan sortu den kultur ‘loraldiaren’ edo ‘zepa’ berri baten –pandemiarekin hitz jokoa eginez– zertzelada batzuk eman zituzten Iñaki Sagardoik, Laba proiektuko kideak, eta Ion Celestino musikari eta Iruinkokoko kideak. Iruinkoko Zuberoako maskaraden tradiziotik hartzen duen antzezlan jai berri bat da; bertsoak, musika eta antzezlanak Iruñean bertan sortuak dira. Goizeko kalejira antzeko baten ostean, Santa Ana plazan Iruinkoko egiten da: beltzak zurien kontra, trufa erabiliz, eta dena oso lokala, bertako gaiez beteta. Aurtengo otsailaren 27an egingo da.
‘Kulturaren loraldi’ honen hainbat mugarri aipatu zituzten: Euskalerria Irratia, hirian dagoen argitaletxeen mugimendua, musika taldeak... eta dantza eskolak, azken hauek benetan «ahalduntze» lana egin dutelako, aipatu zutenez. «Nik euskara bizi dut kontrakultura forma bat delako, Iruñean ez da kultura dominantea izaten ahal», aipatu zuen Celestinok.
Ekintzaren bidezko bidea
Iturri anarkistetatik edaten du, esaterako, behin baino gehiagotan aipatu zuten kontzeptu batek: ‘politika prefiguratiboa’, hau da, zuzeneko ekintzen edo ekintzen etika planteatzen duen kontzeptua. «Ekintzaren bidez, hau guztia bizi ahal duzu. Iruñean euskaraz bizi daiteke? Bizi gara, eta hori frogatzen ari gara», gaineratu zuen Sagardoik.
Beste adibide bat, Celestinok aipatuta: «Iruinkoko egitea erabaki zenetik, erabaki politiko edo estetiko edo dena delakoa hartu zen: euskaraz izango zela prozesu osoa. Mozorro horiek euskaraz josiak izan dira, jostunak euskaraz ari direlako, bazkariak ere bai... Horrek sortzen duena zera da, sare bat».
Laba, bestalde, Gaztelu plazan zabaldu berri den topagunea da. Erabilera anitzeko espazio hau euskarazko kultur emanaldietarako eta sorkuntzarako bilgunea da. Hor biak loturik doaz estuki: kultura eta euskara.
«Iruñean bertan egindako proposamen bat da, eta nire iritzi pertsonalean ez du herrigintza edo antzeko asmo handiak betetzeko beharrik, gure herria Argapean dagoelako. Hurbileko kontaktuak bermatu behar dira eta bidegurutze horiek sortu eta Iruñeko ‘zepa’ horren aldaera berriei ez diegu beldurrik izan behar: ikasi dugun beste gauzetako bat konplexurik gabe aldaera berriak bilatzen eta prozesatzen ibiltzea baita. Ekialdeko zepak kontrakulturatik asko du. Lau katu gara eta galdetzen didatenean zer gertatzen den Iruñean, guk erantzuten diegu: eta zer ostia egiten duzue Bilbon, Donostian...?».
Ildo horretan, entzuleen aulkietatik antolatzaileei nolabait aurpegiratu zieten Bilboko bertoko kulturgileen falta hausnarketa honetan.
Bitartekarien aholkuak
Jardunaldi honen hausnarketak beste ‘hanka’ teorikoagoa izan du, kultur eragileei hausnarketarako eta ikasteko baliabideak eman nahi izan zitzaizkielako. Esaterako, interesgarria izan zen oso Bilboko Artaziak kooperatibaren partaideen testigantza, Andrea Arrizabalagak eta Ane Revueltak bitartekaritza kulturaleko talde honetako partaideek, Tabakalerako edo Donostia 2016ko Mugalari izeneko esperientziak erakutsi zituztelako. Kanpoko adibide batzuk ere bai, esaterako, Medialab Prado laborategi herritarra.
Guztietan ikusleak bilatzea baino gehiago, ikusleak sormen esperientziaren parte bihurtzea izan dute helburu. «Bitartekaritza kulturala ez da zubi bat bezala ikusi behar, soilik zubitik pasatzeko; plaza bat bezala ikusi beharko genuke, plaza bat ezagutza sortzeko eta ez soilik transmititzeko», azpimarratu zuten.
Eta Josu Bergara musikari eta Burutü komunikazio agentziako zuzendariak 11 puntutan laburbildu zituen mundu digitalean euskal kulturgintzarentzat aplikagarriak eta beharrezkoak diren estrategiak... eta horien artean funtsezkoena zein da? «Pasioa». Halere, Bergarak ez zuen bere kezka ezkutatu: «Digitalizazioa oso azkar doalako eta euskalgintzaren ardura bat erronka honi aurre egitea da, esaterako, youtuber gehiago egon daitezen. Sareetan zenbat eta euskaldun gehiago eta etengabeago, hobe. Hor dago klabeetako bat».
Gailu desberdinetatik informazioa etengabe jasotzen dugun garaiotan –400 mezu egunean, azpimarratu zuenez–, nola lortu ikusleen arreta, zure ekitalditxoa eta elkartea txikia denean? «Kulturaren komunikazioa eta euskarazko kulturaren komunikazioa ez nuke marjinala denik esango, baina ez da nagusia eta ez du sekulako publikoa zain. Jakin behar dugu zer garen, nor garen eta nora iritsi nahi dugun», esan zuen.
Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, bukaeran guztia laburbildu zuen. Aitorpen bat: «Inpresioa daukat sorrera momentuan euskara elkarteetan kulturgintzarekiko lotura hori lotuagoa zegoena, azken bolada honetan agian gehiago difuminatu egin dela eta horri bi buelta eman behar diogula. Euskaldun esanahia nola sustatu, hori da egunero dugun galdera».
Transmisioa, ahalduntzea... hori guztia nola bermatu da gure historia laburrean hainbat aldiz agertu den kezka. Baita ere, nola sortu kulturgile gehiago ikusleen artean, nola lortu kulturgileak inplikatu daitezen euskalduntzearen prozesuan...
Eta gogoeta bat, berriz, Kike Amonarrizen ahotik: «Mundua aldatu nahi dugu, baina lortu behar ditugu espazioak, denborak eta guneak, non sentitu behar dugun mundua aldatu dugula. Eta nik hori oso garbi daukat hori bizi izan nuela Abaigarko euskal udalekuetan. Han bizi izan ez banu inoiz bizi izan ez nuen zerbait, ez nintzatekeen hemen egongo».