NAIZ

Kopan sartzeko lehen aukera du Gernikak igande honetan Campus Prometeren pistan

Bere garaian atzeratutako Ligako 13. jardunaldiko partida jokatuko du igande honetan Gernikak Logroñon (18.00, Canal FEB TV). Lehen itzulia amaitzeko hiru neurketetatik bat irabazi beharko lukete bizkaitarrek Kopan egon ahal izateko.

Gernikari gasolina gastatu zitzaion IDKren aurkako derbian.
Gernikari gasolina gastatu zitzaion IDKren aurkako derbian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Koparako txartela lehen bailehen eskuratzea da Lointek Gernika Bizkaiak duen helburua. Igande honetan lehen aukera izango dute bizkaitarrek Errioxan, Campus Prometeren pistan (18.00, Canal FEB TV), bere garaian atzeratutako Ligako 13. jardunaldiko partidan. Errioxarrek txartela eskuratu nahi dute ere, baina zailagoa dute. Bizkaitarrentzat garaipen batekin nahikoa izan liteke, birekin ziur egongo direla Kopan eta hiru garaipen lortuta, gainera, pista faktorea izango lukete alde.

Gernikarrek ikusi zuten nola iragan asteazkeneko partida atzeratzen zen ia ia autobusean igotzen zeudela. Cadi La Seuren kontra jokatu behar zuten, baina erritmo falta hori ez nabaritzea izango dute beste erronka igande honetan. Izan ere, Donostiako derbian jasotako porrotak erakutsi zuen ez dela gauza bera entrenatzea eta lehiatzea. Bizkaitarrei goizegi gastatu zitzaien gasolina.

Alde positiboa begiratuta, gernikarrek denbora gehiago izan dute biharko neurketa prestatzeko eta akatsak zuzentzeko. Hori bai, Campus Promete aurtengo sentsazioa da. Aina Ayuso, Irene Lahuerta, Txell Alarcon, Paula Estebas, Agostina Burani, Bojana Kovacevic, Serena Geldof, Maimua Diarra edo Jovana Nogic bezlakao jokalariak ditu. Duela astebete fitxatutako Maria Barneda katalanak ezin izango du jokatu, oraindik ez baitiote izena eman.