Ostiralean aurkeztu zien nafar Gobernuak sindikatuei Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Dekretuaren zirriborroa. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Iruñean gaur egin duten agerraldian «atzerapauso onartezina» dela salatu dute.
Zirriborro hori eztabaida fasean sartuko da orain eta Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, eta Agurne Gaubekak, Behatokiko zuzendariak, «aurreikuspen makurrenak» bete direla iritzi dute.
Bilbaok nabarmendu egin du «eremu ez euskaldunean euskararen ezagutzak ez duela inolako baliorik izanen», bai ordea alemana, frantsesa edo ingelesak. Era berean, eremu mistoan lanpostu batzuetan besterik ez da euskararen ezagutza kontuan hartuko. «Nazioarteko itunen kontra doa».
2017 aurretik zegoen itunarekin ere «atzerapausoa» dakarrela azpimarratu du. «Ulertezina da garai ilunetako hizkuntza politiketan hartutako neurriak ez baliogabetzeaz gain, are murritzago jotzea. Lehen gutxi, orain gutxiago». Zentzu horretan aipatu ditu orduan eremu mistoko lanpostu guztietan zela merezimendua euskararen ezagutza eta orain ezetz eta puntuazio altua zuten hiru lanpostu gutxiago daudela: museo zaintzaileak, liburutegi arduradunak eta administrari laguntzaileak, azken hau nabarmenduz.
Dekretuaren zirriborroa «berandu» argitaratu izana ere kritikatu du Kontseiluko ordezkariak. «2019tik ari ziren esaten prest zegoela. Ohartzen al gara ehunka lanposturen deialdiak izan direla bidean eta Nafarroako berezko hizkuntzaren ezagutzak ez duela tokirik izan? Adarra jo zaigula esan behar dugu».
Eskubideak jokoan
Gaubekak azpimarratu du «eskubide» kontua dela. «Ezin esan eskubideak aitortzen direnik, horiek bermatzeko beharrezko mekanismoak ezarri ezean». Zentzu horretan, argi utzi du Dekretuak ez duela bermatuko ez ahalbidetuko herritarrek administrazio publikoan euskara erabili ahal izatea. «Berezko hizkuntzan bizi nahi duten pertsonak desberdinkeriaz hartuko dira eta beraien hizkuntza erabiltzeko edota gratzeko oztopoak betikotuko dira».
Gobernua urraketa horretan «harago» joan dela ere adierazi du. «Lurralde osoko herritarrei euskarazko zerbitzua ukatzen ari dira, baita euskara ofiziala den eremuetako herritarrei. Bestetik hegoaldean bizi diren nafarrak bi aldiz kaltetzen dituzte, beraien herrietan euskaraz zerbitzuak jasotzeko are aukera gutxiago izango dutelako eta zerbitzu zentralak jaso behar dituztenean ere ez zaielako aukera hori bermatuko».
Eragileei deia
Bilbaok nabarmendu nahi izan du «oraindik garaiz gaudela» Dekretua moldatzeko eta horregatik alderdiei «erantzunkizunez» jokatzeko deia egin die. «Gobernuan daudenei eta Gobernua sostengatzen dutenei. Marra gorri hau pasatzen utziz gero, duela 20 urte abian jarritako hizkuntza politika ilunen muina berretsiko da».
Zentzu horretan, datozen asteetan Dekretua sakonean aztertu, estrategia adostu, sindikatu eta alderdiekin eztabaidatu eta «beharrezkoa bada» mobilizaziorako deia ere eginen dutela aipatu dute «hau konpon dezatela eskatzeko».