Egonezina, amorrua eta malenkonia nagusi dira uneotan Saski Baskoniaren baitan. Behinola ACB Ligan, Kopan eta Euroligan puntaren puntan urtea joan eta etorri erdiesten zuen Baskonia hura desagertu dela dirudi, edo desagertze bidean bai bederen. Behin behar eta, gasteiztarrek Valentzia Basketen mesedea behar zuten otsailaren 17tik 20ra bitartean Granadan jokatuko den Kopako lehiaketan lekua izateko, baina nahi hori ere ez zen bete, Xabi Lopez-Arostegi eta enparauek Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferi 78-80 irabazi arren. Alde handiagoa behar zuen Baskoniak, edo hobeto esanda, berari zegozkion etxeko lanak behar bezala aurrez betetzea, besteren baitan egon beharrik gabe.
Azken hiru denboraldietan bigarren aldiz geratu da talde gasteiztarra Kopatik at; are, azken zortzi denboraldietan, hirugarren bider. Zein eta 2002tik 2009ra bitartean «Kopako Errege» deitua izatea merezi zuen Baskonia, hain zuzen ere.
«Ez dago besterik. Taldearentzat zaleentzat, klubarentzat, neronentzat entrenatzaile naizen aldetik, Kopatik kanpo geratzea desastre hutsa da; porrot mingarria eta frakasoa». Halaxe onartu du Neven Spahijak igandeko apore mikatza oraindik ahoan, eta asteartean 20.30etan San Petersburgoko Zeniten aurka jokatu partidaren bezperan Baskoniaren webguneari egindako adierazpenetan.
Ez «tamalgarria», ez «ezusteko ezatsegina» ez besterik: «porrot mingarria eta frakasoa», Spahija entrenatzailearen beraren ahotik. Egia da Sibenikekoa Gasteizeraa itzuli aurretik nahikoa aldrebes zebilela Baskonia, Euroligan batik bat, baina bere aginduetara ere ez dira gauzak behar beste zuzendu. Esan bezala, Kopatik at eta Euroligan hamabosgarren postuan 7-14ko balantzearekin.
«Etorkizuna aldatu»
«Egoera hauxe da, baina horrek lanean gogorrago ekitera bultzatu behar gaitu», gaineratu du entrenatzaile kroaziarrak. Gorputzaldi txarra eta animoz lur jota dago uneotan Saski Baskonia, eta beraz, Euroligako garaipena izan liteke analgesikorik egokiena.
«Oraina ezin dezakegu aldatu, baina gure esku dago gure etorkizuna aldatzea. Horretarako lan egin behar dugu, %100etik gora behar bada ere», bota du Spahijak.
Beharko, Zenit aurtengo Euroligako sorpresa nagusiena baita. Sailkapen nagusian laugarren postuan dago Xavi Pascual katalanak zuzentzen duen taldea 13-7 balantzearekin, eta ez da ahaztu behar aurreneko itzulian, Errusiatik barrena Baskoniak egin zuen txango hartan, Unics Kazanen aurka ez ezik, Zeniten aurka ere merezita galdu zuela: 83-54, alajaina, 21-30 aurretik jarri eta gero 24-0ko partziala jaso ondoren hondatu zen partida baten ondoren.
Gogoan izan behar da iazko Euroligan Valentzia Basketek eta Baskoniak Top 8an sartzeko buruz buruko lehia Zenitek berak eraman zuela, baina aurten iaz baino denboraldi bikainagoa egiten ari da Xavi Pascualen taldea, nahiz eta Kevin Pangos galdu eta Shabazz Napier izar izateko fitxaturiko antolatzailea, denboraldi aurretik hona min hartuta egon den. «Talde oso luzea du Zenitek eta gogorra, eta batek ez bada besteak erantzuten du», ohartarazi du Spahijak.
Baskoniari dagokionez, azken ordura arte ezingo da jakin Atenasen jokatu ezinik geratu zirenetatik zenbat egongo diren jokatzeko moduan. Covid-19a dela-eta, Alec Petersek eta Arturs Kurucsek berez berrogeialdia amaitu dute, baina PCR negatiboa beharko dute jokatzeko baimenik izango badute. Zailagoa dirudi Tadas Sedekerskisentzat, ostegunean bertan eman baitzuen positibo.
Horrez gain, Matt Costellok ez zuen Panathinaikosen aurka jokatu azken orduan orkatila okertu zuelako. Hau ere azken unera arte zalantza izango da. Gogoan izan behar da Panathinaikosen kantxan Baskoniak bederatzi jokalari baino ez zituela izan, horien artean Alex Barrera eta Sander Raieste, maiatzetik hona jokatzeke zegoen hegalekoa.
«Nekatuta nago zein jokalari falta zaigun edo ez begira. Jokatzen dutenek jokatzen dutela, erreakzionatu behar dugu, esnatu. Galtzea beti da posible, baina modua da inporta duena: borroka egin behar dugu azkeneraino», azpimarratu du Spahijak zentzu honetan.
Ez omen zaio aitzakiarik jartzea gustatzen entrenatzaile kroaziarrari, baina berak ere onartu du «jokalari hauen faltak behar bezala entrenatzea eragotzi» diela. «Baina hori ezin da aitzakia izan eta partida egunean ganoraz ariko gara».
Beharko ganoraz aritu, eta ez joan den ostiralean Panathinaikosen aurka aritu zen moduan. Azken emaitza 75-63 izan bazen ere, 27 puntuko galera ere izan zuen tarte batean talde gasteiztarrak. Are gehiago, atsedenaldira 20 puntu baino sartu ez zituela iritsi ziren Spahijarenak; hau da, gasteiztarrek Euroligan sekula egin duten aurreneko zatirik txarrena egin ondoren.
«Zalantzarik gabe, hobetu egin behar dugu», onartu du ere Saski Baskoniako entrenatzaileak. «Hobetu beharra dugu, hori beste ezeren aurretik, baina horrek ez du esan nahi asteartekoa galdutzat jotzen dugunik. Baskoniaren kamiseta jazten duenak badaki ezin duela partida bat jokatzen hasi baino lehen galdutzat eman», azpimarratu du Spahijak, Buesa Arenara animatuko diren zaleei itxaropen apur bat edo eman nahian edo.
«Ez dakigu zenbat jokalari izango ditugun, baina topera ariko gara», gaineratu du Spahijak, eta «egoera honetatik ere aterako» direla ziurtatu ere.
Kopako zozketa
Bien bitartean, Granadan otsailaren 17tik 20ra bitartean jokatuko den Kopako zozketa burutu da, euskal talderik gabe aspaldiko partez.
Ia urtero gertatzen den legez, Real Madril eta Bartzelona finalean bakarrik elkar gurutzatzea izan du xede zozketak, ez baitira alperrik biak serie-buruak.
Real Madrilek, aurreneko itzuliko liderrak, ostegunean jokatzeko eskubidea dauka, atseden egun bat izateko. Hala, Kopa Joventutek eta Txus Vidorretaren Lenovo Tenerifek ekingo diote aurreneko final-laurdenari, ostegunean 18.30etan. Real Madrilek Breogan izango du aurrez aurre 21.30etan.
Ostiralean, berriz, Valentzia Basket eta UCAM Murtzia ariko dira 18.30eta hasita eta Bartzelonaren aurkaria ACB Ligako aurreneko itzuliko sorpresarik ederrena izan den Manresa izango da, 21.30etan.
Larunbatean aurreneko finalerdia 18.30etan hasiko eta 21.30etan bigarrena. Igandean, berriz, 18.30etatik aurrera jokatuko da final nagusia, eta zorte apur batekin, agian hautagaietako bat ez da ez Real Madril ezta Bartzelona ere izango; bietako bata ere ez izatea agian asko eskatzea izango da.
Tamalez, euskal talderik ez da izango Granadan, bai nolabaiteko euskal ordezkariztarik, hala ere. Hasteko, Xabi Lopez-Arostegi getxoztarrak jokatuko du Valentzia Basketekin, Pablo Laso Real Madrileko entrenatzailea eta Txus Vidorreta, Lenovo Tenerifeko teknikaria ahaztu gabe.