NAIZ

Ceutako Tarajal hondartzako tragedia gogoratuko dute larunbatean Bilbon

CNAAE-Euskadiko Komunitate Beltz, Afrikar eta Afrikarren ondorengoena, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bizkaiko Erregularizazioa Orain eta SOS Arrazakeriak Ceutako Tarajal hondartzan 2014ko otsailaren 6an gertatu zen «tragedia saihesgarria» gogoratuko dute larunbat honetan ekitaldi baten bitartez.

Tarajaleko heriotzak salatzeko Bilbon izandako beste elkarretaratze bat.
Tarajaleko heriotzak salatzeko Bilbon izandako beste elkarretaratze bat. (Ongi Etorri Errefuxiatuak)

‘Legezko bideak bizi seguruak. Migrazioa eskubidea da’ lelopean Estatu mailako 200 erakunde eta gizarte talde baino gehiagok bederatzigarren urtez jarraian Ceutako Tarajal hondartzan 2014ko otsailaren 6an gertatu zen «tragedia saihesgarria» gogoratuko dute. Bertan Saharaz hegoaldeko 14 gazte hil ziren gutxienez, Guardia Zibilak jaurtitako gomazko pilota eta gas negar eragileen artean.

«Duintasunaren aldeko lehen martxa» deiturikoa Ceutan egin zen, tragediaren ondoko egun batzuen buruan eta ordutik hona urtero egin da, penintsulako hainbat lekutako laguntza duela.

Aurten, Euskadiko Komunitate Beltz, Afrikar eta Afrikarren ondorengoena, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bizkaiko Erregularizazioa Orain eta SOS Arrazakeria elkarteek elkarretaratzea egiteko deia egin dute, Bilbon, otsailaren 5ean arratsaldeko 18.30ean Arriagako Plazan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldi honetan «egun hartan hil ziren eta Europako muga eta migrazio politiken errealitate odoltsua sufrituz oraindik ere hiltzen ari diren pertsona guztiak» gogoratu nahi dituzte.

Caminando Fronteras GKEren arabera, 2021 urtean hamabi pertsona hil ziren egunero batez beste, migrazio bide desberdinetan Estatu espainiarrera heltzen saiatzen ari zirelarik: 4016 Kanarietako bidean, 191 Aljeriako bidean, 102 Itsasartean, eta 95 Alboranen. Biktimak guztira 4.414 izan dira eta 2021a serie historikoko urterik hilgarriena izan da. Ezin ahaztu ere Euskal Herrian hildako 7 pertsonak.

Hainbat balore erakutsiko dituen ekitaldia

«Europako Batasunaren nekropolitiken eraginez, pertsona hauek gero eta bide arriskutsuagoetan barrena abiatzen dira, bizia arriskuan jarrita, eta saihestu ahal ziren heriotzak gertatzen dira. Horregatik, Espainiako hegoaldeko mugan gertatzen diren itzulketak eta giza eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko ekitaldia egingo dugu. Ekitaldi honek zenbait balore erakutsi nahi ditu, alegia, justizia, askatasuna eta elkartasuna», zehaztu dute dute.

Era berean, otsailaren 4an, ostiralean, La Bolsa Udal zentroan, Xavi Artigas eta Xapo Ortegaren ‘Tarajal: desmontando la impunidad en la frontera sur’ dokumentala proiektatuko da.