Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Hilabete motza baina erabakiorra

Asteazken honetan hasita, hiru jardunaldi lehiatuko dira otsailean Lehen mailan. Realak eta Athleticek Europara joateko nahi dituzte puntuak, Alavesek lasaitasuna ziurtatzeko eta Eibarrek, mailari eusteko.

Athleticek eskuratu zuen Unben jokatutako lehen itzuliko derbia. Irudian, Arola eta Moraza.
Athleticek eskuratu zuen Unben jokatutako lehen itzuliko derbia. Irudian, Arola eta Moraza. (Jon Urbe | Foku)

Urteko hilabeterik motzena da otsaila eta are gehiago Lehen Mailari dagokionez. Hiru jardunaldi besterik ez dira jokatuko, hirurak hurrengo hamar egunetan zehar, FIFA datengatik lehiak etenaldia izango baitu hil bukaeran. Baina asteazken honetan bertan hasiko den egutegiaren zati hau erabakiorra izan daiteke. Realak erabateko urratsa eman dezake Europarako bidean, Athleticek borrokan jarraitu dezakeen edo helburua aldatu beharko duen jakingo du, Alavesek lasaitasuna ziurtatzeko aukera dauka eta Eibarrek bere onena eman beharko du hiru aurkari gogorren kontra bilatu beharko baititu jaitsieratik urruntzeko puntuak.

Athletic-Eibar derbia

Bideak gurutzatuko dira behin baino gehiago. Eta talka egin ere, derbia hartuko baitu bihar Lezamak. Athletic azken aldiko boladatxoari jarraipena ematen saiatuko da, zuri-gorriek argi baitute hirugarren postura heltzea oraindik posible den arren, ez dutela inolako marjenik. Borroka aurkari zuzenen kontrako partidetan erabaki ahal izateko, teoriaz apalagoak diren taldeak gainditu behar dituzte aurretik, bai ala bai. Eta multzo horretan daude bihar hartuko duten Eibar eta igandean bisitatuko duten Sporting, hilabetea Bartzelonaren kontrako norgehiagokarekin amaitu aurretik.

Armaginek suspertuta ekingo diote derbiari, igandean Madril CFF gainditu eta jaitsieratik urrundu ondoren. Baina lortu duten koltxoia txikiegia da lasai egoteko –hiru puntu besterik ez, Vila-realek Espainiako Federazioak kendutako puntuak berreskuratzen baditu–, batez ere otsaileko egutegia ikusita: bihar Athletic bisitatuko dute, igandean Bartzelona eta datorren astean Real Madril hartuko dute Unben.

Iraia Iturregiren esanetan motibazioarekin ekingo diote erronkari, presioarekin baino gehiago, «denboraldi hasieran inork» ez baitzuen «pentsatzen Txapeldunen Liga izango zenik gure helburua». Baina taldearen «erregulartasunak» eta «lanak» honaino ekarri du eta Liga amaitzeko hamaika jardunaldiren faltan –hamabi bizkaitarren kasuan–, «bost puntutara besterik ez gaude.  Une horretan pentsatzen duzu “zergatik ez saiatu?” Badakit oso zaila dela baina aukera badago, zergatik ez borrokatu? Borroka horretan talde gutxi daude baina helburua lortu ahal izateko Rayoren kontrako partida edo Eibarren kontrako partida bezelakoak irabazi behar ditugu».

Aurrekoan lortu zuen bere taldeak; bihar errepikatzeko «birtute asko dituen» aurkaria gainditu beharko du, emaitzek hori ez badute isladatzen ere. Iturregiren esanetan, Eibar «ondo moldatzen da taldekako jokoan baina era zuzenago batean ere jokatu dezake, goian jokalari azkarrak baititu. Ondo lehiatzen du eta galdu duenean ere, partidak berdinduak izan dira». Armaginei «erasora jokatzea» gustatzen zaiela azpimarratu du Athleticeko entrenatzaileak, «eta guri ere», horregatik «partida gogorra eta golekin» espero du.

Ez da antzekotasun bakarra. Ana Junyenten esanetan, Athletici «asko gustatzen zaio baloia eukitzea eta gu eurek baino gehiago eukitzen saiatu behar gara. Gako asko egongo dira partidan baina garrantzitsuenetako bat izango da baloiaren posesioa ahal den denbora luzeenean eukitzea», «partidaren une desberdinak ulertzen» jakitearekin batera.

Eibarrek aurkari gogorra izango duela onartu du entrenatzaile armaginak baina, alde batetik, bere taldeak derbia «berrindartuta» ekingo diola azpimarratu du, «ez bakarrik Madril CFF gainditzeagatik, baizik eta garaipena lortzeko moduagatik». Eta, bestetik, «ezinezkorik ez» dagoela gogoratu du, «Bartzelona izan ezik. Pentsamendu horrekin ekiten diegu partida guztiei, mailarik onena eman behar dugula jakinez. Ez da nahikoa %100koa ematearekin, %200koa eman behar da eta horrela egiten dugu».

Real Sociedad-Real Madril, lehia gogorra

Hiru aste hauek erabakiorrak izan badaitezke Athleticentzat ikuspuntu negatibo batetik –puntu guztiak irabaziz gero ere, sari handiena zuri-gorrientzat borrokan bizirik jarraitzea izango litzateke baina hutsegite bakar batekin eliminatuta geratu daitezke–, kontrakoa gertatzen da Realarekin, orain arte ibili duen bide ikusgarriari esker: erabateko urratsa eman dezake talde txuri-urdinak historian lehen aldiz Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratzeko, atzetik datozen hiru talde indartsu izango baititu aurrean. Real Madrilek bisitatuko du bihar, asteazkena, Zubieta, bertan hartuko dute donostiarrek Atletico de Madril ere igandean eta Levante bisitatuko dute astebete beranduago.

Real Madrilen eta Levanteren kasuetan ezin da aurkari zuzenez hitz egin, hain handia den Realak orain arte hartu dien aldea, baita atzeratutako partidak kontutan hartuta ere. Mailako talde gogorrenetarikoak, berriz, badira eta, beraz, denboraldiko azken hilabete hauetan gainditu beharko dituen proba zailenetakoak ere izango dira hurrengo hauek.

Une onean dator talde madrildarra Zubietara, azken bederatzi jardunaldietan zazpi garaipen lortu ondoren. Horietako bakarra ospatu ahal izan du 2022an, urteko lehen hiru partidak atzeratu behar izan baitzituen covid-19arengatik. «Hazten ari da», azpimarratu du Natalia Arroyok. Sekulako jokalariak dituela gogoratu du baina «pieza berriak enkajatu behar izan zituzten» eta horretarako denbora behar da. Denboraldia aurrera joan ahala, Real Madril funzionatzen hasi da. Gainera «emaitzak lortzen hasi direnean», falta zitzaien konfiantza «suspertu dute».

Talde «berri» honi aurre ekiteko, bere taldea «talde osoa, alternatiba askokoa eta oso intentsoa» izan beharko da. Baikorra da Arroyo, edozein kasutan, Reala «gauzak oso ondo egiten ari» delako, hain ondo egiten ez dituenak «aztertu eta landu» egiten dituelako eta, batez ere, une zailenetan erakutsi duenagatik. «Partida batzuetan erosoago egon gara baina beste batzuetan tadeak sufritzen jakin izan du, ahal izan duen guztiari eutsi dio. Une latzenak gainditu ahal izatea, buelta eman eta argia berriro ikustea futbolean dagoen gauza zailenetakoa da eta hain talde gazte batek gaitasun hori izatea, oso azpimaragarria da», poztu da entrenatzaile txuri-urdina.

Realak, bestetik, zaleen babesa osoa izango du bihar, aforo murrizketengatik erabili daitekezen 800 sarrerak agortu baitira.

Betis-Alaves, beste urrats bat gehiago

Alavesek, azkenik, Liga amaiera lasaia ziurtatzeko aukera dauka, otsailak ekarriko dizkion bere inguruko hiru aurkariek eskainita. Oraindik duen koltxoiari eta Atletico Madrilen kontra emandako maila onari esker, konfiantzaz ekin ahal izango die hurrengo erronkei.

Betis izango du hilabete motz honen lehen aurkaria. «Oso talde ausarta», Mikel Cresporen esanetan. «Batez ere bere zelaian oso goian presionatzen dute, oso deseroso sentiarazten zaitu, asko zailtzen ditu aurkariaren paseak… Betis oso agresiboa espero dugu, baloia gure atetik oso gertu lapurtzen saiatuko dena», azaldu du entrenatzaile zuri-urdinak. Baina zailtasunen aurrean, bere taldea ere «ondo» dagoela adierazi du eta hurrengo jardunaldiek «planteatuko diguten exijentzia desberdinetara erantzuteko eta moldatzeko gai» dela erakutsi duela azpimarratu du ere.

Jordanen zalantzarekin bidaiatuko du Alavesek, estatubatuarrak igandean sufritu zuen kolpearen ondorioz, baina Garazi eta Lice Chamorro jokatzeko prest egongo direla uste du Crespok.