Datorren igandean, otsailaren 6arekin, bi urte beteko dira Zaldibarko zabortegia amildu eta ondorioz bi langile hil zirenetik. Urteurrena baliatuta, Zaldibar Argitu plataformak manifestazioa egingo du igandean, bi helburu nagusirekin: batetik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hildako langileak oroitzea eta, bestetik, Lakuako Gobernuari eskatzea erantzukizunak har ditzala, bi urtean horretarako astia izan duela iritzita.
12.00etan hasiko da martxa Ermuko plazatik eta Eitzagan bukatuko da, non ekitaldi bat egingo duten zabortegiko hondamendian hildako beharginen omenez, 13.00etan.
Zaldibar Argitu plataformako eta Aldaketaldia 2022ko kideak prentsaurrekoa eskaini dute asteazken goizean Eibarren, mobilizazioa iragarri eta haien aldarrikapenak plazaratzeko. 57 erakundeen babesa jaso duen manifestua aurkeztu dute eta ondoan izan dituzte erakunde horietako batzuetako kideak ere, Ekologistak Martxan plataformakoak esaterako.
2020ko otsailaren 6 hartako hondamendia gogora ekarri dute plataformetako kideek, akordura ekarriz Joaquin Beltranen gorpua ez dela agertu. «Ez ziren istripu baten ondorioz hil», agertu dute. Bestalde, Eitzagako bizilagunak aipatu dituzte, leku hori izan baitzen hondamendiaren «epizentroa» eta zuzenean eragin baitzien zabortegia amiltzeak eragin zuen kutsadurak. Gogorarazi dute bere momentuan azterketa medikuak egiteko eskatu zietela Lakuari eta Zaldibarko Udalari, baina bien erantzuna ezezkoa izan zela.
«Aro baten amaieran gaude. Muga energetikoak, materialak eta biologikoak gero eta nabariagoak dira; klima aldaketak, biodibertsitatearen galerak edota lurzoruaren, airearen eta uraren kutsadurak erakusten duten bezala», ohartarazi dute.
«Desazkundea» eta trantsizio ekosoziala da, erakunde hauen ustez, klima aldaketaren aurrean hartu beharreko bidea, eta zentzu honetan, beharrezkotzat jo dute ‘Euskal Herriko desazkunde justurako txoke-plana’ 2030erako onartzea. Plan horrek, besteak beste, CO2 isuriak 2030erako %65ean murriztera derrigortuko luke.
Tapia Legea
Baina kritikatu dute kontrakoa egiten ari direla Euskal Herriko administrazioak: «Jarraitzen dute AHTa bezalako azpiegitura faraonikoak bultzatzen; edo garraio pribatua sustatzen duten bide azkarrak eraikitzen; edo errausketaren eta zabortegien aldeko apustua egiten; edo energia berriztagarrien megaproiektuak eta milioi askoko hidrogeno korridoreak funts publikoez laguntzen, energia enpresa handien onurarako; edo proiektu turistiko jasanezinak sustatzen. Eta, besteak beste, Petronorrek eta Iberdrolak jarraitzen dute Gobernuaren mesedeak jasotzen».
Proiektu horiek tokiko administrazioetatik igaro gabe onartu ahal izateko Lakuak berriki aurkeztu duen Tapia Legea gogor salatu dute agerraldian. «Guztiz arbuiagarria iruditzen zaigu Tapia Legea delakoa, Eusko Legebiltzarrak atzeko atetik onartu duena. Lege hori, Nafarroako udalaz gaindiko eragina duten plan sektorialak bezala, udal autonomiaren eta herritarren erabakitzeko gaitasunaren aurkako eraso zuzena da», esan dute.
Erantzukizunak eta ikerketa
Zaldibar Argitu plataformako kideek Lakuaren jarrera gaitzetsi dute, hondamenditik bi urte igaro eta gero ere ez dituelako ardurak argitu. Are, Zaldibarko zabortegiaren amiltzean ardura izan zezaketen zenbait pertsona garrantzizko beste postu batzuetara mugitu dituztela salatu dute. «Honetan zuzenki lotuta egon diren arduradunak ardura politikoak hartzeko aukera eman die Eusko Jaurlaritzak. Orduko hartan Ingurumen sailburua zen Iñaki Arriola orain beste sail baten burua da; Ura agentziako zuzendaria zen Ernesto Martinez de Cabredo orain Eusko Trenbide Sareko zuzendaria da; Ingurumen sailburua zen Elena Moreno orain Merkataritzako zuzendaria da. Uste dugu honek dena esaten duela», adierazi dute.
Gogora ekarri dute, halaber, Europako Legebiltzarreko Eskarien batzordeak aho batez erabaki zuela zabortegiaren inguruan egiten ari den ikerketarekin jarraitzea, eta informazio gehiago eskatu ziola, batetik, Lakuako Gobernuari eta, bestetik, Europako Batzordeari. «Horren kontrapuntua Gasteizko Legebiltzarrean daukagu», iritzi diote Zaldibar Argituko kideek, Lakuako Gobernua sostengatzen duten alderdiek ezezkoa eman baitzioten Legebiltzarrean hondamendia ikertzeko batzorde bat osatzeari.
Honengatik guztiarengatik, eta bereziki Lakuako Gobernuari zuzenduta, Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren ardurak argitzea eskatuko dute igandean Ermuko plazatik abiatuko den manifestazioan.