Alessandro Ruta

Monica Vitti aktore italiarra hil da

Erromako aktoreak 90 urte zituen eta lan handiak utzi ditu bidean. Aspaldi desagertu zen bizitza publikotik, gaixotasun neurodegeneratibo baten eraginez.

Monica Vitti, 1966an, Canneseko zinema jaialdira iristen.
Monica Vitti, 1966an, Canneseko zinema jaialdira iristen. (AFP)

Monica Vitti, Italiako aktorerik handienetako bat, gaur goizean hil da. 90 urte zituen eta 1968ko Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen.

Bere senar Roberto Russo argazkilariak eman du albistea. «Begiekin hitz egiten genion elkarri», aipatu du Russok, aspaldidanik Monica Vittik gaixotasun neurodegeneratibo baten kontra borrokatzen zuelako.

‘Garondo polita’
Monica Vittiren benetako izena Maria Luisa Ceciarelli zen. Erroman jaio zen, 1931n, eta hasiera batean zinema ez zuen batere atsegin, antzerkia erabat maite baitzuen.

Ahotsa, bai, ahotsa bazeukan gainera. Paregabezko ahotsa zuen Monica Vitti-k, tonu gogor eta zakar batekin. Bikoizketari esker sartu zen zinearen munduan, hain zuzen ere Michelangelo Antonioni-ren ‘Il grido’ maisulanaren haritik. «Garondo oso polita du neskak, zinemarako ona izango litzateke», esan zien bere kolaboratzaileei Antonionik, gerore Vittiren bikote bilakatuko zena.

Handik aurrera hainbat lanetako protagonista izan zen, besteen artean, ‘L'avventura’ eta ‘Deserto rosso’, adibidez.

Le Monde-ren akatsa
1968ko ‘La ragazza con la pistola’ filmerik erabakigarrienetako bat izango zen Vittirentzat: Eskoziaraino bere senar ohiaren bila doan siziliar emakume baten azalean jarri zen Vitti eta hainbat sari eskuratu zituen, esate baterako, Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra.

‘Commedia all'italiana’ obrako protagonista ere izan zen, gutxienez hiru hamarkadeen zehar, beharbada emakume bakarra lau ‘Zaldun handiekin’ batera: Alberto Sordi, Marcello Mastroianni, Ugo Tognazzi edota Vittorio Gassman.

Azpimarratzeko modukoak dira, halaber, ‘L'anatra all'arancia’ eta ‘Polvere di stelle’. Hemen eszena oso ikoniko baten parte hartzen zuen Vittik, Alberto Sordirekin abesten ‘Ma 'ndo vai se la banana non ce l'hai?’ –‘Nora joango zara platanorik ez badaukazu?’–, Italiako egunerokotasunean sartuko zen esaldia.

1988an ‘Le Monde’ egunkariak aktorea hiltzat eman zuen. «Mila esker lagunok, bizitza luzatu didazue», erantzun zien Vittik, beti ironikoki, bere pertsonaien antzera. Gaur arte, zoritxarrez. Gaur, aldiz, benetan hil da.