NAIZ

Jorge Dueñas bilbotarra Eslovakiako eskubaloi selekzioko hautatzaile berria izango da

Espaniako hautatzaile eta Arrateko jokalari ohia ostiral honetan aurkeztu dute Bratislavan eta 2024ko abenduaren 31 arte sinatu du kontratua. Helburuen artean, taldea Europako Txapelketako fase finalera sailkatzea izango da.

Eslovakiako Eskubaloi Federazioak gaur bertan aurkeztu du Jorge Dueñas, irudian eskuinean.
Eslovakiako Eskubaloi Federazioak gaur bertan aurkeztu du Jorge Dueñas, irudian eskuinean. (SLOVAKIA HANDBALL)

Jorge Dueñas bilbotarrak badu talde berri bat entrenatzeko. Taldea baino, selekzio bat: Eslovakiakoa. Prestatzaile bizkaitarrak 2024ko abenduaren 31a arte sinatu du kontratua bertako selekzioarekin eta gaur bertan aurkeztu dute Bratislavan.

Dueñasek helburu zehatz bat izango du: Eslovakia Europako Txapelketako fase finalera sailkatzea. Datorren azaroan ospatuko da txapelketa hau Eslovenia, Ipar Mazedonia eta Montenegron.

Horretarako, Eslovakiako selekzioak 5. multzoko lehen bi postuen artean amaitu beharko du, eta bertan oso ondo ezagutzen duen Espainia egongo da ere. Iragan urrian, Antequeran, Espainiako selekzioak garaipena erdietsi zuen Eslovakiaren aurka (33-28).

Jokalari bezala Arraten edota Valladoliden aritu ostean, Jorde Dueñasek entrenatzaile bezala hasi zuen bere ibilbidea Arraten bertan eta Zuazon ondoren.

Hala ere, arrakasta handiena selekzioekin iritsi ziren. Bereziki, Espainiako emakumezko selekzioarekin (2007tik 2017ra bitartean). Talde horretako hautatzailea zela, 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoetan brontzea lortu zuen, 2008ko eta 2014ko Europako Txapelketetan zilarrezko bi domina eskuratu zituen eta 2011ko Brasilgo Mundialean beste brontze bat irabazi zuen.

“Guerreras” taldetik irten ostean, Brasilgo selekzioa gidatu zuen eta Tokioko Olinpiar Jokoen ostean agur esan zuen.