NAIZ

PSE eta EAJren arteko arrakala handitu du lan erreformaren bozketak

EH Bilduren eta ELAren «beldur eta konplexu» izatea leporatu dio PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezak EAJri eta, honek Moncloari, lan erreforma ezer moldatu gabe atera izana aurpegiratu.

Eneko Andueza eta Iñigo Urkullu, Gasteizko Legebiltzarrean.
Eneko Andueza eta Iñigo Urkullu, Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak EH Bilduren eta ELAren «beldur eta konplexu» izatea leporatu dio EAJri, lan erreformaren dekretuari ezezko botoa eman diolako. Aitor Esteban jeltzaleak, aldiz, «ahalegin berezia» eskatu dio PSOEri, legegintzaldia «behar bezala» amai dadin.

PSEko senatari eta diputatuekin batera Bilbon egindako prentsaurrekoan, Anduezak esan du EAJk «ez ikusiarena» egin diela euskal langileei. «EAJk EH Bilduren beldurra eta konplexua izan du hauteskunde etekin hutsagatik. Eta ELAren eta bere ‘zenbat eta okerrago, hobe’ eta jarrera antisistemaren bahitu bihurtu da», adierazi du.

Anduezak esan du EAJk eta EH Bilduk azaldu beharko dutela «zergatik atera duten hauteskunde kalkulagailua eta zergatik jarri duten nazionalismoaren pegatina hegalean Rajoyren erreformaren defentsan, PPrekin eta Voxekin».

EAJri «besteek egingo dutenaz fidatuz politika egitea aurpegiratu dio. «Gerta daiteke ezetz bozkatzea, baiezkoa izatea nahi izanda, eta, azkenik, tamayazoaren, tranparen eta gezurraren politika gailentzen laguntzea», atzo UPNko diputatuen ezetzaren ondoren gertatuko zen bezala, PPko diputatu bat nahastu ezean.

Hala eta guztiz ere, PSEko idazkari nagusiak «argi» utzi nahi izan du gai horrek ez duela zerikusirik EAJrekin EAEn duten gobernu akordioarekin, horrek ez baitu eraginik izango.

EAJk «ahalegina» eskatu dio Sanchezi

EAJko Aitor Estebanek, aldiz, Madrilgo Gobernuan jarri du ikusmira. Bozeramaile jeltzaleak esan du koalizio Gobernuarekin lan erreforma onartzeko akordiorik ez lortzea «puntuala» izan dela, baina Gobernuak «bazkideekin akordioak lortzeko ahalegin handia egiten ez badu» jarraitu dezakeela gaineratu du.

«Moncloak ez du ezer aldatu, eta horrek gauzak zailtzen ditu», kritikatu du Estebanek. Jarraian, deitoratu egin du Gobernuak Ciudadanosen aldeko botoak jaso izana lan araudi berria aurrera ateratzeko. EAJren arabera, Ciudadanosen babesa «boto erreaktiboa» eta «ez fidagarria» da, Gobernuko kideak «izorratzera» bideratua, «ez Gobernua babestu nahi dutelako, kontrakoa baizik».

Zenbait bazkidek lan erreforma baliozkotzeari uko egin izanak Gobernuaren egonkortasunari eragiten ote dion galdetuta, EAJko ordezkariak gogorarazi du gai hori ez zegoela inbestidura akordioaren barruan. Hala izan balitz egoera «asko aldatuko litzatekeela» gehitu du. Zentzu horretan, espainiar Gobernuari «argitzeko eta askoz gehiago ahalegintzeko» eskatu dio.