Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Bera Berak ez dio aukerarik eman Rocasari eta are gehiago sendotu du lidertza (33-20)

Partida biribila egin du Bera Berak Rocasaren aurka (33-20). Lehendabiziko zatia 10 goleko aldearekin bukatu da, talde lanaren esentzia gorenera eramanaz. Defentsan sendo aritu dira, Maddi Aallak sekulako geldiketak egin ditu eta erasoan inoiz baino freskoago aritu dira. Zuazok berdindu egin du. 

Emma Boada oso fin aritu da jokoa banatzen.
Emma Boada oso fin aritu da jokoa banatzen. (Jon URBE | FOKU)

Aurreko bi jardunaldietan zenbait zalantza azaleratu zituen Bera Berak. Arerio ahulagoak izanagatik ere, espero baino gehiago borrokatu behar izan zuen garaipena bideratzeko. Azken emaitza zabala izan arren, partidan sartzea kosta egin zitzaien donostiarrei. Halaxe baieztatu zuen Maddi Aalla atezainak ere astean argitaratutako elkarrizketan baina, era berean, gogorarazi zuen arerio zuzenen aurka, hasi eta buka, maila ona erakutsi izan dutela.

Bada, larunbat arratsalde honetan, bigarren sailkatu Rocasari ez dio garaipena usaintzeko aukera bakar bat ere eman (33-20). Hasieratik nagusitu dira etxekoak eta segituan, tarteak zabaltzen hasi dira. Lehendabizi hiru goleko aldea (4-1), Laura Hernandez bi minuturako kanporatua izanda ere, 2-1eko partziala lortu eta tartea lau golera ere handitu dute (7-3). 

Pavlovicek bi gol segidan egin dituenean, gorantz etorriko zirela zirudien baina itxura soilik izan da. Kanariarrak ez dute asmatu erasoan, hamarnaka baloi galdu dituzte Bera Berak hutsegite horiek minimizatzea lortu duen bitartean. Horrez gain, Maddi Aalla atezaina protagonista bihurtu da egin dituen 8 geldiketekin, jaurtiketen %44 gelditu ditu, alegia –orotara, 15 egin ditu–. 

Silvia Navarro Rocasako atezainak ere egin ditu merituzko geldiketak, ohikoa den legez, baina gehiagotan asmatu dute Bera Berakoek. Sara Gilek, esaterako, bota dituen guztiak asmatu ditu eta baita Laura Hernandezek ere. 

Hala, Robert Cuesta beraren harridurarako ere, Bera Bera gainetik pasa da eta atsedenaldirako, 10 goleko aldea lortu du etxeko taldeak, markagailua iraultzea kasik ezinezko eginez.

Imanol Alvarezen erreakzio azkarra

Bigarren zatiaren hasieran bazirudien Rocasa poliki-poliki hasiko zela aldeak murrizten, 1-4ko partzialarekin hurbildu dira apur bat –Pavlovic eta Spugniniren bitartez– baina berandu baino lehenago erreakzionatu du Imanolek eta 5-1eko defentsari nola aurre egin argituta, erasoan berriro ere funtzionatzen hasi dira, hala nola defentsan ere. Lehendabiziko hamar minutuan kasik ez du hutsegiterik egin Rocasak eta 40. minututik 47. minutura, bost egin ditu eta berriro ere hamar golera handitu du aldea talde donostiarrak (26-16).

Markagailuko diferentzia handia izanda, Imanolek talde osoa erabili du, talde orekaren bitartez garaipen ezinhobea sinatuz. Lehen zatian ere, minutuak nahikoa banatuta egon dira jokalarien artean eta bigarren zatian, bide horri jarraipena eman dio. 

Azkenerako, markagailua 33-20koa izan da, Bera Beraren nagusitasuna ederki islatzen duen emaitza, alegia. Lehen itzulia bukatzeko erdietsitako garaipen honekin, lidertza sendotu du talde donostiarrak. Gainera, Xixongo La Calzada eta Malagaren arteko norgehiagoka zuzena, asturiarrek irabazi dute eta hala, bigarren postura igo dira, Bera Berak baino bost puntu gutxiagorekin. 

Zuazok, berdinketa baliotsua

Zuazok ere partida garrantzitsu bat jokatu du larunbat arratsalde honetan. Aula Valladolid arerio gogorra jaso du Lasesarren eta neurketa parekatu izan den aldetik, emaitza ere halakoxea izan da. Azkenean, garaipena ez da inorentzat izan eta 24-24 markagailuarekin, talde bakoitzak puntu bana batu dute. 

Puntua ez da sari makala Barakaldoko taldearentzat, teorian gehiago den arerioa baita Aula Valladolid. Dena dela, bizkaitarrek ondo erakutsia zuten zenbateraino estutzen duen etxean eta azkenean, puntu bat batu ahal izan du. 

Garoa Sarrionandia-Ibarra hegalekoak egin du berdinketaren gola minutu bat falta zela eta etxeko taldea sendo aritu da puntu hori babesteko. 

Lehendabiziko zatian, Aula Valladolidek hiru goleko errenta erdietsi du baina azken hatsean, 12 golera berdintzea lortu du Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak zuzendutako taldeak. Giltzarria izan da partidan bizirik jarraitzea, bigarren zatia oso parekatua izan baita. Azkenean, justizia egin dela esan daiteke eta jaitsiera postuak apur bat gehiago aldentzea lortu duela Zuazok.