NAIZ

Tarajal hondartzako tragedia oroitu eta migranteen kontrako kriminalizazioa salatu dute Bilbon

Tarajaleko tragediaren zortzigarren urteurrenaren bezpera aitzaki elkarretaratzea egin dute Bilbon hainbat herritarrek larunbat arratsaldean, egun Ceutako Tarajal hondartzan daudenei elkartasuna adierazteko.

Tarajalgo hondamendia oroitzeko Bilbon egindako elkarretaratzea.
Tarajalgo hondamendia oroitzeko Bilbon egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

CNAAE-Euskadiko Komunitate Beltz, Afrikar eta Afrikarren ondorengoena, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bizkaiko Erregularizazioa Orain eta SOS Arrazakeriak plataformek deituta hainbat lagun elkartu da Bilboko Arriaga antzokiaren parean, Duintasunaren aldeko IX. Martxari babesa adieraztera eta 2014ko otsailaren 6an Tarajalen jazotako tragedia oroitu eta migranteen kontrako «etengabeko kriminalizazioa» salatzera.

‘Legezko bideak bizi seguruak. Migrazioa eskubidea da’ lelopean Estatu mailako 200 erakunde eta gizarte talde baino gehiagok bederatzigarren urtez jarraian Ceutako Tarajal hondartzan 2014ko otsailaren 6an gertatu zen «tragedia saihesgarria» gogoratuko dute Duintasunaren aldeko IX. Martxan.

«Tarajal gure 14 lagun eta anaien heriotzaren lekukoa izan zen. Heriotza horiek sistema politiko, ekonomiko eta sozialaren erruz gertatu ziren, sustatzen dituen politikek, baliabide gutxiago dituzten etnia eta arraza profil jakineko pertsonak gaitzesten eta baztertzen baititu, ikusezin bihurtu eta biziaren eskubidea ukaturik», salatu dute.

2016an Tarajalen hildako 14 migranteak oroitu dituzte. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Gogoan izan dituzte, baita ere, Europa eta Afrikaren arteko mendebaldeko mugan 2021 urtean zehar hil edo desagertu diren 4.404 pertsonak, baita Euskal Herrian hildako zazpi migranteak ere.

Migranteen kontrako etengabeko kriminalizazioa salatu dute elkarretaratzea deitu duten plataformek eta, horrekin batera, Atzerritarren Legea, migranteen bizia arriskuan jartzen duelako.

Hori dela eta, Giza Eskubideen Adierazpenean, Haurren Eskubideen Hitzarmenean eta Iheslarien Estatutuan jasota dauden eskubideak errespetatzen eta bermatzen dituen harrera sistema duina sortzea galdegin diete eskumena duten administrazioei.