Jon Ormazabal

Elezkanok eta Zabaletak ere ez dute atzean geratu nahi (22-9)

Etxarrengo atzelaria bere onera itzuli eta goitik behera dominatu du eta Elezkanok etekin handia atera die bere atzelariak irekitako zuloei.

Danel Elezkano oso eraginkor aritu da erasoan.
Danel Elezkano oso eraginkor aritu da erasoan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Inork ez du lehen bi postuetatik kanpo geratu nahi eta asteburuan gainontzeko arerio zuzenek egin bezala, garaipen erosoa lortu dute Elezkano eta Zabaletak, lehia horretatik erabat erori diren Peña-Albisuri 22-9 gailenduta Tolosan. Azken hiru asteetan 22 heldu ezinda aritu ostean, gaurkoan euren dohainik onenak berreskuratu dituzte eta garaipen erosoa eskuratu dute.

Hasi eta buka, Aspekoak oso nagusi izan dira kantxan, bakoitza bere postuan. Atzean, Zabaletak goitik behera agindu du, pilotakada latzak jo ditu ezkerrez eta, batez ere eskuinez, eta Jon Ander Albisu erabat dominatua izan du partida osoan zehar. Aurrean, berriz, hasieran hutsen bat pilatu badu ere, Danel Elezkano aurreko asteetan baino ausartago aritu da, erasora pasatzeko aukerak ondo aukeratu eta oso eraginkor arituz.

Jon Ander Peñak egindako merituzko tanto batzuei esker, bikote gipuzkoarrak hainbestean eusti dio partidari 8-6kora arte, baina hortik aurrera Zaratamokoa eta etxarrendarra goitik behera nagusitu dira kantxan zein markagailuan.

Emaitza honekin, txapelketak pil-pilean jarraitzen du bai goitik eta bai behetik eta asteburu honetako partida guzti guztiak ere erabakigarriak izango dira, bai lehen bi postuetan zeintzuk sartzen diren jakiteko eta baita txapelketatik kanpo geratzen direnak zeintzuk diren ikusteko.

FITXA TEKNIKOA:

Elezkano-Zabaleta:22

Peña II.a-Albisu: 9

Pilotakadak: 448. Iraupena: 55,15 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 4-1, 4-2, 7-2, 7-3, 8-3, 8-6, 12-6, 12-7, 16-7, 16-8, 20-8, 20-9, 22-9. Sakeak: 1 Elezkanok. Tantoak: 10 Elezkanok, 2 Zabaletak, 5 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Hutsak: 3 Elezkanok, 1 Zabaletak, 3 Peña II.ak eta 4 Albisuk. Gorabeherak: 402 ikusle Tolosako Beotibar pilotalekuan.