Mikel Zubimendi

Mari Karmen Ayastuy eta Jose Luis Elkorori saria, aberriaren aldeko bizitza osoko lanagatik

Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak abian jarri zuten Monzon-Ganuza Saria aurtengoan herrian geratu da; eta bi sari banatuko dira. Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jasoko dute, Euskal Herriari bizitza bete lan eskaini diotela aitortu eta omentzeko.

Ezker-eskuin, Kristina Markina Igarza eta Iratxe Esnaola Arribillaga, gaurko agerraldian.
Ezker-eskuin, Kristina Markina Igarza eta Iratxe Esnaola Arribillaga, gaurko agerraldian. (Andoni Canellada | Foku)

Bergarako Udaleko kultura zinegotzi Kristina Markina Igarzak eta Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaola Arribillagak astelehen honetan egindako agerraldian jakitera eman dutenez, aurtengo Monzon-Ganuza Saria Jose Luis Elkoro Unamunok (Elgeta, 1935) eta Mari Karmen Ayastuy Agirrek (Bergara, 1943) jasoko dute, «Euskal Herriari eskainitako bizitza osoko lanari» aitorpena eginez.

Iaz saria Ipar Euskal Herriko ikastolen mugimenduan aitzindari izandako Libe Goñi Garatek jaso ostean, lekukoa «euskara min eta lehentasun beti, gure herriaren iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko konpromisoari leial eutsi dioten» Elkorok eta Ayastuyk hartuko dute aurten, martxoaren 10ean Bergarako Seminarixoan izango den ekitaldian.

Saria elkarrekin abian jarri zuten erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, «baldintza latzetan batzuetan, egoera zailetan gehienetan, hor egon dira biak. Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren balioen ildoan, elkarrekin amesten, ametsa elkarrekin bultzatzen». Bergarako ikastolaren sorreran parte hartzaile, «beti gure hizkuntza lehen lerroan jarriz, baita familia enpresa zen Elayn ere; aitzindari, euskaraz lan egitea gauzagarria den utopia dela frogatuz».

Jose Luis Elkoro 1976ko Alkateen Mugimenduko figura enblematikoa izan zen. Euskal Herriak bere izenean hitz egiteko instituzio eta botere legitimoak ez zituenean, bozeramaile eta ordezkari ez ezik, herri hau gobernatu ere egin zuen alkate ausarten taldekoa. Ikurrinaren legeztatzea, euskararen aitortza, autonomia estatutu nazional baten aldeko ahalegina, «gure herriaren geroa markatu duten eztabaiden pil-pilean beti».

Telesforo Monzon eta Jose Luis Elkoro lagun minak izan ziren. Biak aritu ziren eskuz esku Xibertan, abertzaleen batasunetik bakeari eta askatasunari aukera bat emateko ahaleginean. Biak egon ziren Herri Batasunaren sortze prozesuan, biak izan ziren mahaikide. Telesforo hilda, Jose Luisek hor jarraitu zuen, hitzari eta negoziazioari bide bat eman nahian. Preso sartu zuten HBko buru izateagatik, gero berriz “Egin” itxi zutenean, eta Mari Karmen beti izan du ondoan eta babesten, beti kide.

Harreman estua izan zuen Mari Karmenek Maria Josefa Ganuzarekin, bizipen asko komunean, asmo eta nahigabeak partekatu zituzten. Gaur gogoratu dutenez, «espetxea eta erbestea pairatu behar izan dutenen senideen sostengua izan da Mari Karmen, beti lagun eta prest».