NAIZ

Aldundia Pagasarrin hiru aisialdi eremu artifizial erakitzen ari dela salatu dute

Bizkaiko Foru Aldundiak Pagasarri mendiaren tontorreko babeslekuaren ondoan, Arnotegin eta Ihurbilen aisialdirako eta kirolerako hiru eremu eraikitzeko hartutako erabakia salatu du Ampliación Supersur Ez! plataformak. Natura inguruneak gehiago ez artifizializatzea garrantzitsua dela nabarmendu du.

Pagasarrin eraikitzen ari diren aisialdi eremu artifizialak.
Pagasarrin eraikitzen ari diren aisialdi eremu artifizialak. (Twitter @AneLindane)

Ampliación Supersur Ez! plataformak zalantzan jarri du Bizkaiko Foru Aldundiak Pagasarri mendian, tontorreko babeslekuaren ondoan, Arnotegin eta Ihurbilen aisialdirako eta kirolerako hiru eremu eraikitzeko hartutako erabakia.

«Ekintza horien bidez, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren faseko obrek, Supersur izenekoak, eragindako kalteak konpentsatu nahi dira. Konpentsazio neurriak Plan Berezian jasota daude, eta bertan esaten da proiektuak Bilboko Udalari aurkeztu behar zaizkiola, hark onartzen baititu; beraz, erakunde horrek erantzukizun handia du obra horiek egitean», dio plataformak.

Kolektiboaren ustez, Supersurrek Bolintxuri eragindako kalteak konponezinak dira dagoeneko, eta kalte gehiago egingo dute azpiegitura hori martxan jartzearekin batera. «Bizkaiko Foru Aldundiak ez zituen inoiz errepide horretako lanak egin behar», dio.

Plataformak, gainera, mendira joaten diren pertsonek «mendiaz modu naturalean, irudimenez eta askatasunez gozatzeko» duten eskubidea aldarrikatzen du. Horregatik, Pagasarri bezalako ingurune gehiago ez artifizializatzea garrantzitsua dela nabarmendu du. «Zertarako behar dira jolas eremu horiek mendi enblematiko honetako hainbat gunetan?», galdetu du.

Konpentsaziorako modu egokiagoak

«Bizkaiko Foru Aldundiak neurri batean konpentsatu nahi badu bere politikek lurraldean dakartzaten desarrollismoaren aztarna, hainbat modu ditu hori egiteko, egokiagoak eta ingurumenarekin integratuagoak; adibidez, Plan Bereziko proposamenak praktikan jar ditzake; adibidez, Pagasarriko gailurrean bertako landaredia berreskuratzea proposatzen da. Halaber, lur degradatuak edo habitat mehatxatuak birgaitzea proposatzen da», defendatu plataformak.

Aldi berean, Amplicación Supersur Ez! plataformak deitoratu egiten du Bilboko Udalak Pagasarrin jolas gune berri horiek baimendu izana.