Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Elkarrizketa
Garazi Murua
Athleticeko kapitaina

«Goian egoteko eta lehiatzeko gai garela ikusi dugu berriro»

Athleticek aurten ez du erraza sariren bat eskuratzea, aurkariak asko eta indartsuak baitira, baina sentsazioak oso desberdinak izaten ari dira. «Aurrera egiteko gaitasuna erakutsi dugu», azpimarratu du Muruak, baikor taldearen nortasunari eta harrobiaren iturburu etengabeari esker.

Garazi Murua.
Garazi Murua. (ATHLETIC CLUB)

Athleticen dinamika ona apurtzeaz gain, Europan aritzeko zuri-gorrien aukerak dezente murriztu zituen igandean Sportingek. Baina erronka oso zaila den arren, Athleticen ilusioa ez da amatatu.

Igandeko porrotaren ondoren ez al dira kalkulu larregi egin behar?

Argi dago zaila dela, baina, matematikek ahalbidetzen duten bitartean, ametsari eutsiko diogu. Puntu asko daude lehiatzeko, otsailean besterik ez gaude, eta, orain artekoa ikusita, partida onak egiteko eta puntu asko ateratzeko gai garela ziur nago.

Koparen ilusioa ere hor dago, baina ez dakit zer den zailagoa, kasu horretan saria irabazlearentzat besterik ez baita eta Bartzelonak parte hartzen baitu.

Bartzelona sekulako taldea da. Baina partidak irabazteko, aurretik jokatu egin behar dira. Eta partida bakarrera lehiatzen diren txapelketek ustekabeak egoteko aukera gehiago eskaintzen dituzte beti. Partidak jokatu egin behar dira.

Aurten Bartzelonak partida denak irabazi ditu, gehienetan aurkariak jipoituz eta astero debatea piztuz: ona al da emakumeen futbolarentzat talde bat hain nagusi izatea?

Ulertzen dut debatea, baina ez dut uste zalantzarik egon behar denik. Azkenean proiektu baten arrakasta da. Apustu sendo bat egin zuten, sekulako lana egiten ari dira eta azken urteotan horrek guztiak eboluzio bat izan du. Desoreka horren konponbidea ez da Bartzelona ahultzea, baizik eta gainontzeko taldeek, bakoitzak ahal duen neurrian, antzeko apustua egitea. Eta, egia esateko, bide horretan gaudela uste dut, profesionaltasun maila gero eta handiagoa baita.

Bartzelona beste maila baten dago, baina Athletic aurten kataluniarren atzeko bigarren multzo horretara itzuli dela esan daiteke?

Pozik gaude egiten ari garenarekin, batez ere nondik gatozen ikusita. Aurreko denboraldia oso gogorra izan zen denontzat, baina gauza asko ikasi genituen eta aurrera egiteko gaitasuna daukagula erakutsi dugu. Aurtengoak ez dauka zerikusirik iazkoarekin, ez bakarrik emaitza aldetik: jokoa, konfiantza... beste sentsazio bat da. Eta, gainera, Txapeldunen Ligarekin amesteko aukera izatea, Koparen ilusioa ere hor dago... Goian egoteko eta lehiatzeko gai garela ikusten ari gara berriz.

Eta bere lekua aurkitzen ari den belaunaldi berri batekin gainera.

Eta zein garrantzitsua den hori guretzat! Gure harrobia gure oinarria da. Oso positiboa eta polita da guretzat jokalari gazteak taldean sartzen ikustea. Pazientzia eduki behar da. Ni ere behetik nator eta badakit lan handia dagoela atzean; eboluzio eta prozesu bat egon behar da. Oso pozgarria da gazteak bide hori egiten ari direla ikustea eta, are gehiago, gazte horiekin taldea lehiatzeko eta goialdeko postuak borrokatzeko gai dela ikustea. Oraina eta etorkizuna dira.

Zu ez zara bakarrik Athleticen etorkizunaz arduratzen. Izan ere, futbolariek dituzten baldintzak hobetzearekin ere konprometituta zaude eta, horren erakusle, azkenaldi honetan Futpro sindikatu berriarekin bat egin duzu. Zergatik behar zuen futbolak sindikatu berri bat?

Sindikatu hau emakume futbolariek sortu dute eta nik uste dut ekimen propio bat izatea txalogarria dela. Jendea oso inplikatuta dagoela erakusten du eta ikuspegi bereizgarria ematen dio emakumeen futbolari. Kolektiboaren zati handi batek ondoegi ordezkatuta ez geundela sentitu dugu azkenaldi honetan, eta sindikatu honen sorrera behar genuen aldaketa bat dela pentsatu dugu.

Harrera ezin hobea izan da. Sindikatua sortu eta aste gutxitara egindako hauteskundeak irabazi zituen Futprok, AFE boteretsua bigarren postuan utzita.

Horrela da, eta seguruenik lehen komentatu dizudan sentsazio horren isla da. Argi dago deigarria dela. Baikorrak ginen baina babes maila oso-oso altua izan da eta benetan eskertuta gaude jokalariek eman diguten babes horregatik.

Eta zein da Futproren eta oro har futbolarien lehentasuna?

Hitzarmenaren eguneratzean bai ala bai agertu behar diren puntuak: lanaldi partziala desagerraraztea, lanaldi osoko jardunaldiak direlako gureak; soldata minimoa igotzea; amatasuna modu egokiagoan erregulatzea; eta konpentsazio zerrenden artikulua berregin eta hobetzea.

Hitzarmena garatu ahal izateko ezinbestekoa da profesionalizazioa. Badator pixkanaka-pixkanaka, baina oraindik ez da heldu.

Prozesu konplikatua izan da eta, emakumezkoen futbolarekin beti gertatzen den bezala, oso poliki joaten ari da dena. Hori bai, baikorrak gara eta laster martxan jarriko dela uste dugu. Orain bai, pausuak ematen ari dira eta kasu honetan pazientzia pixka bat gehiago edukitzeak pena mereziko du.

Etorkizuneko liga profesionalean, posible izango al da Carlos Santiso Rayo Vallecanoko entrenatzailearena bezalako kasurik egotea?

Ezetz espero. Baina une honetan ere onartezina izan beharko litzateke. Sindikatuetan aztertzen ari gara eskua nola sartu daitekeen, Federazioan ere egoera aztertzen ari dira eta faltan botatzen dut kluben elkarteak zer edo zer esan ez izana, bidaltzen den mezua eta eskaintzen den irudia benetan baita latza eta penagarria.