NAIZ

LABek eta Steilasek EAEko hezkuntza lege berriaren «ausardia falta» kritikatu dute

LAB eta Steilas sindikatuek Parlamentuko Hezkuntza lantaldearen behin-behineko txostena deitoratu dute, «azalekoa» dela kritikatuz eta bultzatzaileei «ausardia falta» leporatuz. LABek ekarpenak egingo dizkiola ere iragarri du.

LABek bere dekalogoan jaso zituen ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak.
LABek bere dekalogoan jaso zituen ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak. (LAB)

LAB sindikatuak uste du EH Bilduk, EAJk eta PSEk babestuko duten hezkuntza legearen oinarria «azalekoa» dela eta ikastetxe pribatuen itun sistema unibertsalarekin bukatzeko eskatu du. «Ponentzia Batzordeak aurkeztutako zirriborroak azaleko irakurketa egiten du, eta ez du hezkuntza sistemaren gabezien muina jorratzen; oso interpretazio desberdinak eta zabalak izan ditzakeen testua da», aztertu du.

Sindikatuaren iritziz, hezkuntza legearen helburua «hitzarmen sistema unibertsalarekin amaitzea» izan beharko litzateke. «Titulartasun publikoko sare bakar baterantz jo behar da, eskola publikoa sistemaren ardatz gisa hartuta eta deszentralizazioan eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzean oinarritutako arlo publikoaren kontzeptu berri bat eraikiz», adierazi du.

Hori lortzeko, LABek diru publikoa jasotzeko baldintzak ezartzea proposatu du (euskaraz murgiltzeko eredua, hezkidetza, laikotasuna, inklusioa, doakotasuna eta euskal curriculuma), eta Administrazioak funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeen «titulartasun partekatua» izatea. «Trantsizio aldian, hezkuntza zerbitzu publikoan bi titulartasun mota egongo lirateke, bata publikoa eta bestea partekatua», azaldu du.

Zero urtetik Bigarren Hezkuntzaren amaierara arte, Lanbide Heziketa barne, euskaraz murgiltzearen alde ez egitea ere kritikatu du. Era berean, tokiko eskolatze eta plangintza prozedura bateratuak babestu ditu, baina zehaztasun handiagoa eskatu du, eta bere erabakiak lotesleak izan daitezela. «Bereizketa tokiko beharrei erantzunez gainditzeko».

Kritika horiek guztiak gorabehera, LABek iragarri du ekarpenak egingo dizkiola zirriborroari, «hezkuntza akordioan eragiteko», argitzeko «egungo hitzarmenm sistemaren betikotzea edo kontzertazioaren mugatzea eta haren trantsizioa oso desberdinak direla».

Steilas

Steilasek nabarmendu du ez duela «aurrerapenik zerbitzu publikoen garapenean» eta gaur egun dagoen «titulartasun publiko pribatuari» eusten diola.

«Beraz, itun pribatizatzailea izaten jarraitzen du», kritikatu du sindikatuak, eta «ausardia eta konpromiso politiko falta» deitoratu du, «beste behin ere euskal eskola publikoa erreferentziala izateko aukera galtzen delako».

Halaber, gaitzetsi egin du ikastetxeen autonomia sustatzen dela baina ez duela «arautzen», eta, beraz, «zentroen arteko desoreka areagotzeko arriskua» hazi egiten dela.

Bide beretik, euskara ez dela «erdiguneanç jartzen salatu du eta, horrela, «esparru hirueledunean soilik sakontzen jarraitzen du, eta ez murgiltze ereduan».

Hezkuntzako langileen sindikatuaren ustez, «itun hori ez da bidea gizarte kohesionatu, aurrerakoi eta feminista bat lortzeko». «Itxuraz ‘progre’» den arren, «neoliberaltzat» jotzen du «berez, hezkuntza arloko patronalen neurrira sortua».