Otsailaren 14tik aurrera osasun larrialdi egoera bertan behera geratu eta egun indarrean dauden neurriak indargabetu egingo direla iragarri zuen atzo LABIk. Erabaki honen ondotik, otsailaren 24tik aurrera inauteriak ospatzea erabaki du Tolosako Udalak eta eragileekin biltzeari ekin diote.
Atzo gauean, dagoeneko, herritarrek izan zuten albistearen berri eta izan ziren berria kalean txaranga batekin ospatzera atera zirenak ere.
Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan bilerak egingo dira eragileekin: «Karrozak eta konpartsak, txarangak, aisialdi taldeak, txoznak... Eta guztiekin aztertuko da zein ekimen prestatzeko eta gauzatzeko aukera dagoen. Ondoren, inauterien aurretik, iragarriko da eragileekin batera antolatutako egitaraua», adierazi du ohar baten bidez.
Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duenez, momentuko osasun egoera eta neurriei erreparatuta erabaki zuen urtarrilean Udalak inauteriak bertan behera uztea. «Egoerak nabarmen egin du hobera eta osasun larrialdi egoera eta indarrean zeuden neurriak indargabetuta, inauteriak ospatzea erabaki dugu, ezinezkoa izango da ohiko programazio osoarekin egitea, baina ahalik eta ekimen gehienak berreskuratu eta antolatzeko prestaketa lanean hasita gaude».
Udaletik aurreratu dute Ostegun Gizeneko txupinazoa egingo dela, baita Diana ere eta inauterietako kontzertuak ere izango direla kalean. Edonola ere, egun batzuk barru iragarriko da egitaraua bere osotasunean, eragileekin bilerak egin eta prestaketa lan guztiak amaitu ostean.