NAIZ

Gernika-Lumon atxiloketa, arma zuri batekin eraso egiteagatik eta indarkeria matxistagatik

Gizon bat atxilotu zuen igandean Gernika-Lumon indarkeria matxistagatik, gaur astelehenean ezagutu denez. Bikotekidea jo eta emakumeari laguntzen saiatu ziren bi pertsonei labana batekin eraso egin zien. Espetxeratu egin dute. 

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa Gernikan.
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa Gernikan. (@GernikaFeminist)

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen igandean, goizaldean, Gernika-Lumon bikotekidea erasotzeagatik. Emakumeari laguntzen saiatu ziren bi pertsonei ere labana batekin eraso egin zien, zabaldutako informazioaren arabera.

Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez, erasoa goizaldeko ordu biak hogei gutxian gertatu zen Gernika-Lumoko erdialdean. Bi herritarrek bikote bat kalean eztabaidan ikusi zuten, eta halako batean gizonak bi ostiko eman zizkion emakumeari.

Bi lekukoak biktimari laguntzera hurbildu ziren eta eztabaidan bakeak egiten saiatu ziren, baina erasotzaileak labana atera eta bati eraso egin zion eta zauria egin zion hanka batean eta besteari, berriz, kolpea eman zion ahoan. Gero alde egin zuen erasotzaileak .

Lekura Ertzaintzaren hainbat baliabide hurbildu ziren, eta iritsi zirenean ikusi zuten biktimetako batek zauria zuela hanka batean eta odoletan zegoela, eta bestea, berriz, ahotik odola dariola zegoela. Agenteek osasun-zerbitzuen laguntza eskatu zuten, eta bi gizonak Gernikako Ospitalera eraman zituzten.

Ertzainek inguruan aurkitu zuten emakumea, eta zer gertatu zen galdetu zioten. Emakumeak adierazi zuen ez zuela erasotzailea ezagutzen, eta eztabaida bultzakada batengatik sortu zela. Dena den, zegokion ikerketa egin ondoren, ustezko erasotzailea identifikatu ahal izan zuten, eta emakumearen egungo bikotekidea zela jakin zuten.

Polizikideak emakumearen etxera hurbildu ziren eta honek esan zien ez zuela ezagutzen erasotzailea. Etxean egon zitekeela susmatuta, epailearen agindua eskatu zuten emakumearen etxean sartu ahal izateko. Bertan atxilotu zuten susmagarria, 43 urteko gizona, lesio-delitu bat eta genero-indarkeria leporatuta.

Atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten beharrezko eginbideak betetzera, jarraian agintari judizialaren eskuetan jartzeko. Epailearen aurretik pasa ondoren espetxeratu egin dute.