Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Pandemiaren eraginez, desorekak handitu egin dira Latinoamerikan

Berez desberdintasun handiak daude Latinoamerikan, baina covid-19aren pandemiak areagotu egin ditu, lehen pobreak zirenak muturreko pobrezian murgilduz. Egoera guztiz zaurgarrian eta etorkizunean ere horri buelta emateko aukerarik gabe. Pobrezian direnek aukera gutxi dituzte euren egoera hobetzeko.

Maniapure Fundazioak mediku adituekin prestatzen  dituen kontsultetako batera sartzeko ilara.
Maniapure Fundazioak mediku adituekin prestatzen dituen kontsultetako batera sartzeko ilara. (Federico PARRA | AFP)

Covid-19aren pandemiak mundu osoan eragin zabala izan du, baina sektore guztietan ez du berdin jo. Izan ere, pertsona zaurgarriak zaurgarriago dira orain.

Horren adibide argia da Latinoamerikako kasua. Bertan, biztanleen muturreko pobreziaren tasak gora egin du azken bi urteetan, 86 milioi pertsonara iritsi arte, duela 27 urteko datuak berdinduz, Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoak (Cepal) jakinarazi duenez.

Nazio Batuen Erakundearen mende dagoen batzorde horren arabera, muturreko pobreziaren tasa %13,1etik %13,8ra igo zen 2020an (bost milioi pertsona gehiago), pobrezia indizea %33tik %32,1era jaitsi zen bitartean.

«2021ean susperraldi ekonomikoa izan den arren, pobreziaren eta muturreko pobreziaren mailak 2019an erregistratutakoen gainetik mantendu dira, eta horrek krisi sozialaren jarraipena islatzen du», adierazi du Cepalek, “Latinoamerikako panorama soziala” txostenean.

Latinoamerika eta Karibe izan zen, osasunari eta ekonomiari dagokienez, covid-19ak gehien kaltetutako lurraldeetako bat: 2020an barne produktu gordinaren (BPG) %6,8ko uzkurdura eragin zuen, 120 urteko atzerapausorik handiena. Izan ere, 2020an eremu horretan munduko biztanleriaren %8,4 izanik, abenduan munduko kutsatzeen %18,6 hartzen zuen. Urte horretan covidaren ondorioz hil zirenen %27,8 Latinoamerikan edo Kariben bizi ziren.

Pandemiak gogor jo zuen lurraldean, gizarteko desberdintasuna errotua dagoelako arrazoi desberdinak direla-eta: egoera sozioekonomikoa, generoa, adina, etnia edo arraza, gaitasun urritasuna edo estatus migratorioa. Horiek guztiek bazterkeria eta diskriminazioa areagotzen dute eta herritar horiek zaurgarri gelditzen dira gaixotasunaren aurrean, askotan desberdintasunak eragiten duelako osasun zerbitzuetan artatuak izateko aukera galtzea. Era berean, pobreak diren familietan egoki elikatzeko aukerak murriztu egiten dira, eta horrek ere osasuna kaltetzen du; finean, sorgin-gurpil bat da.

Kaltetuenak, haur eta gazteak

Pobrezia eta muturreko pobrezia tasak handiagoak dira emakumeen artean, indigena eta beltzen artean, haur eta nerabeen artean, ikasketa maila baxuko pertsonen artean eta guraso bakarreko familietan.

Era berean, landa eremuetan nabarmenagoa da pobrezia, soldata txikiagoak jasotzen dituztelako langileek orokorrean. 2019an landa eremuetako pobrezia tasa %45,7koa zen, hiriguneetan baino 19 puntu altuagoa.

Arraza eta etniari dagokionez, indigenen %46,7 pobrezian ziren (%17,3 muturreko pobrezia egoeran), pertsona ez-indigena eta ez-beltzen bikoitza (eta hirukoitza muturreko pobreziaren kasuan).

Krisi garaiek haur eta nerabeen garapenari eragiten diete. Euren eskubideak beteko direla zein giza gaitasunak garatuko dituztela ezin da bermatu. Hortaz, nahiz eta covid-19ak ez dien adin txikikoei zuzenean hainbeste eragiten, haiek dira epe luzera pandemiaren ondorioak gehien sufrituko dituztenak.

2020an 32 herrialdek ikasketa zentro guztiak itxi zituzten birusaren hedapena gelditzen saiatzeko. Hala, 165 milioi ikasle etxean gelditu ziren. Herrialde gehienek ikasketekin jarraitzeko moduak pentsatu zituzten –Internet, telebista edo irrati bidez–, eta hilabete batzuen ostean eskoletara itzuli ziren, pixkanaka.

Horrek guztiak irakaskuntzaren moldaketa azkarra ekarri zuen eta bitarteko digitalen bitartez eskolekin jarraitzea posible izan zenez, belaunaldi oso baten «katastrofea» ekidin zen. Baina, era berean, desberdintasunak areagotu egin ziren.

Pandemiaren aurretik desabantaila egoeran zeuden ikasleen egoerak okerrera egin zuen. Alde batetik, arraila digitala handitu egin zen, familia batzuek ez dutelako Interneterako sarbiderik. Bestetik, genero rolen ondorioz, neskatilek mutikoek baino lan karga handiagoa zuten etxean, eta beraz, ikasketak alde batera uzteko arrisku handiagoa ere bai.

Cepalek uste du bi faktore horiek eskola porrota areagotuko duela, zentroetara joan behar ez izateak eskolarekiko atxikimendua murriztuko duelako. Gainera, familia pobreen egoera latzaren ondorioz, goi mailako ikasketetara iristen diren ikasleen tasa nabarmenki murriztea aurreikusten da.

Lan munduaren galera

Pandemiak lanpostuak galtzea eta soldaten jaitsiera ere ekarri zuen kasu askotan; batez ere behe mailako jendeari eragin die horrek.

Pandemiaren eragina handiagoa izango litzateke sektore ahulentzako gizarte laguntzarik gabe –45.200 milioi dolarretik gorakoak iaz–. Horiek, txertaketa prozesuarekin batera, «ekonomiaren susperraldi motela» ahalbidetu zuten, eta BPGaren igoera %6,2koa izan zen 2021ean.

Hala ere, emakumeen desokupazio tasak %11,8koa izaten jarraitu zuen iaz eta %8,1ekoa gizonenak. Horrek esan nahi du «oraindik ez direla krisiaren aurreko mailetara itzuli».

Cepalek azaldu duenez, muturreko pobreziaren hazkundea «larrialdiko diru sarreren transferentziak murriztearen ondorioa izan zen, eta transferentzia horiek ez dira konpentsatzen enpleguaren diru sarreren igoerarekin».

Izan ere, egindako ikerketarekin lortutako datuen arabera, laguntza horiek gabe pobrezia tasa %37,2koa izango litzateke, eta muturreko pobreziarena %15,8koa.

Bi indizeetako gorakadarik handienak Argentinan, Kolonbian eta Perun izan ziren, non portzentajezko 7 puntu edo gehiago lortu zituzten.

Txilen, Costa Rican, Ekuadorren eta Paraguain 3-5 puntu hazi zen, eta Bolivian, Mexikon eta Dominikar Errepublikan, berriz, 2 ehuneko puntu baino gutxiago.

El Salvadorren, pobrezia tasa ia ez zen aldatu –muturreko pobrezia bai, ordea, bi ehuneko puntutan–, eta bi indizeetan beherakada izan zuen herrialde bakarra Brasil izan zen, %1,8 eta %0,7 jaitsi baitziren, hurrenez hurren.

Kalkuluen arabera, 2019 eta 2020 artean gizarteko behe mailakoen kopuruak gora egin zuen; eta maila ertainekoen kopuruak, behera. Hala, 2019an maila ertainean kokatzen ziren 59 milioi biztanletatik, 28 milioik ekonomikoki behera egin zuten 2020an; 3 milioi pobrezia egoeran gelditu ziren eta beste 25 milioik maila ertainean bizitzen jarraitu zuten, ekonomikoki estuago egon arren. Nahiz eta hasiera batean laguntza publikoak pobrezian dauden pertsonei sostengua emateko diren, Cepalek ikusi du horiei esker milioika pertsona pobrezian ez erortzea lortu dela.

Metropolien arriskua

Esan bezala, susperraldirako funtsezko faktore bat txertaketa da, 2021ean Latinoamerikako biztanleriaren %59,4k jaso baitzituen (389,4 milioi pertsona) bi dosi, gaixotasunaren larritasunaren aurrean babestuz.

Pandemiak 55,7 milioi kasu eta 1,5 milioi heriotza utzi ditu bi urtean eskualdean, eta omikron aldaera gora egiten ari da hainbat herrialdetan, hala nola Mexikon, Argentinan, Perun eta Txilen.

Heriotza tasa altuarekin badu zerikusia biztanleriaren banaketak. Izan ere, Latinoamerikan eta Kariben herritarren %81 hiriguneetan bizi da; %35 milioi bat pertsona baino gehiagoko hiri batean bizi da. 10 milioi biztanle baino gehiagoko bost megalopoli daude: Buenos Aires, Mexiko Hiria, Lima, Rio de Janeiro eta Sao Paulo. Dentsitate demografiko handiak birusaren kutsatzea biderkatu zuen. Izan ere, 2020an covid-19aren kasuen %90 hiri eta herri handietan antzeman ziren.

Hiri eta metropoliek badituzte beste arrisku batzuk: pilaketak; uraren, argindarraren edo Interneten eskuragarritasuna, prekaritatea edo garraio publikoaren saturazioa. Horiek guztiek pobrezian bizi diren pertsonei eragiten diete batez ere, eta horregatik egoera sozioekonomiko baxuko pertsonek covid-19aren krisia larriago bizi izan dute.

Pilaketa da faktore guztietan garrantzi handien duena. 2019an hiriguneetako etxebizitzen %30ean jendea pilatuta bizi zen (bi lagun baino gehiago logela bakoitzeko), eta zifra hau %50ekoa zen familia pobreen artean. Horiek ezinezkoa dute berrogeialdia egitea.

Ur garbia lortzeko zailtasunak ere pandemiaren zabaltzea eragin du, eskuak ondo eta maiz garbitzeko aukerarik ez dagoelako. Bost herrialdetan (Txile, Kolonbia, Guatemala, Mexiko eta Peru) 8 milioi indigenek ez dute urik etxean. era berean, indigenen artean pilaketa ohikoagoa da.

Osasun orokorrari begira

Pandemiak osasunean izango duen eragina ez da covid-19ra mugatzen (mundu osoan aplikatu daiteke hau, ez bakarrik Latinoamerika eta Kariben). Krisialdiak bestelako gaixotasunak alde batera uztea eragin du. Horrekin batera, pertsona batzuk birusarekin kutsatzearen beldur dira eta ez doaz medikuarenera. Ondorioz, diabetesa, hipertentsioa eta gisako beste gaixotasun batzuk eduki arren inolako kontrolik gabe dauden pertsonak biderkatu egin dira.

Bestalde, osasun mentalean, haur eta amen osasunean eta ugalketako eta sexu osasunean ere galerak nabaritu dira. Horiek epe luzera eragina izan dezakete. Adibidez, ugalketa osasunera sarbiderik ez izateak antisorgailuen bazterketa ekar dezake, eta ondorioz, nahi gabeko haurdunaldiak ere bai. Bestalde, krisi ekonomikoak ama izateko erabakia atzeratzea ekar dezake.

 

SUSPERRALDI ARRAKASTATSURAKO GAKOAK

Adituek uste dute krisialdia pixkanaka gainditzen ari garela eta, epe laburrera, susperraldi azkarra espero da Latinoamerikan eta Kariben, baina Cepalek uste du susperraldi hori arrakastatsua izateko eta iraun ahal izateko, beharrezkoa dela ekonomia martxan jartzeko prozesuei adi begiratzea, larrialdiaren aurrean gizartea babesteko sortu diren programak indartuz, eta ez alde batera utziz.

Programa horiek gai izan beharko lirateke familien oinarrizko gastuak finantzatzeko, zorren ordainketak atzeratzeko, zaurgarriak diren familiek galera handiak izan ez dezaten neurriak hartzeko eta, finean, gizarteak ongizatean atzerapausorik ez emateko. Hala, Cepalek beharrezkoa ikusten du epe ertain eta luzera babes neurri unibertsalak eta osatuak garatzea, azken bi urte hauetan ikasitakoa kontuan hartu eta erabiliz.