Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Libiak ez du lortu Gadafik duela hamaika urte herentzian utzitako hutsunea betetzea

Muamar Gadafi koronela boteretik bota zuen matxinadaren 11. urteurrenean krisi politiko larria bizi du Libiak. Afrikako iparraldean kokatuta dagoen herrialde honen ekialdearen eta mendebaldearen arteko gerra itzuliko ote den beldurra nagusitzen ari da.

Muamar Gadafi koronela boteretik bota zuen matxinadaren 11. urteurrenean krisi politiko larria bizi du Libiak.
Muamar Gadafi koronela boteretik bota zuen matxinadaren 11. urteurrenean krisi politiko larria bizi du Libiak. (MAHMUD TURKIA | AFP)

2011.eko otsailaren 17an hasi zen Libian «udaberri arabiarraren» haritik Muamar Gadafi koronelaren aurkako matxinada. Misratako portu-hiria, Tripolitanian (mendebaldea), eta Bengasi, Zirenaikako (ekialdea) hiriburua izan ziren altxamenduaren gotorlekuak.

Tripolitik matxinoak suntsituko zituela iragarri zuen Libiako buruzagiak baina Mendebaldeak, batez ere Estatu frantsesak eta, atzeko lerrotik, AEBek, Gadafiren eraso militarra geldiarazi eta altxamendua babestu zuten, erregimenaren heriotza bultzatuz.

Handik hilabete batzuetara, 2011ko urriaren 20an, Gadafi eta bere familia atzeman zuen Armada frantsesak Sirteko bere gotorlekuan. Matxinoek torturatu eta heriotzera arte lintxatu egin zuten Gadafi, haren seme zaharrenarekin batera.

Hamaika urte igarota, bi aginte daude Libian, Tripoliko «Batasunerako» eta Trantsiziorako Gobernua eta Tobrukeko oasi-hirian (ekialdea) erbesteratuta dagoen Ordezkarien Ganbara.  

Hori gutxi balitz, otsailaren 10etik bi lehen ministro daude Tripoli hiriburuan, iazko abenduaren 25erako iragarri ziren hauteskundeek porrot egin ondoren.

Tobrukeko Parlamentuak Fathi Bachagha Barne ministro ohia izendatu zuen lehen ministro karguan, Abdelhamid Dbeibah Tripoliko gobernu-buruaren ordez. Paradoxikoki, biak Misratakoak dira, matxinadaren gotorlekua izan zen portu-hiri otomandarrekoak. Dbeibah Gadafiren aroan negozioak eginez aberastu zen oligarka da.

Bachaghari dagokionez, mendebaldean oso ezaguna den politikaria da baina azkenean egin ez ziren abenduko presidentzialetara aurkeztu ondoren, Bengazira  joan eta, «adiskidetze nazionalaren» izenean, ekialdeko agintariarekin bildu zen, bere garaian Gadafiren erregimenean Armadako goi-agintaria izan zen Halifa Haftar mariskalarekin.

Bi lehen ministroen arteko lehiak libiarren arteko gerra zibila suspertu dezakeela beldur dira asko.

Afrikako iparraldeko herrialdeak hondoa jo du Gadafiren desagerpenaren ondoren. Koronelak mendebaldearen eta ekialdearen arteko tirabirak kontrolpean zituen, tribuak bata bestearekin lehian jarriaz eta bere aginte gordinarekin.

11 urte hauetan trantsizio politikoa ez da hasi ere egin, Libiak bederatzi gobernu ezagutu ditu, bi gerra zibil pairatu ditu eta ez da hauteskunde presidentzial bat bera ere egiteko gai izan.

Kanpoko herrialdeen eragina (batez ere Errusiarena eta Turkiarena baina ez bakarrik hauena) nabaria da eta krisi ekonomikoa eta segurtasun falta izugarriak dira zazpi milioi biztanle baino ez dituen eta petrolio-itxaso baten gainean kokatzen den herrialdean. Nahikoa eta sobera gizartea aise bizitzeko.

Tentsioak gora egin du azken garaian eta Misratako miliziak Tripolira abiatu dira Abdelhamid Dbeibah-ri babesa eman asmoz. Lehen ministro honek atentatu saiakera pairatu zuen aurreko astean eta Haftarren alde egiten duten miliziei egotzi die erantzukizuna.

2020. urte bukaeran su-eten bat iragarri zuten bi aldeek, ekialdeko mariskalak Tripoli hiriburua bereganatzeko asmotan porrot egin ondoren. Emirerrien eta Errusiaren babes militarra zuen, baina aurrean zituen Tripoliko eta Misratako miliziek Turkiaren laguntza jaso zuten.

Su etenaren ondoren bake prozesu bat eta elkarrizketa politikoak martxan jarri ziren. Testuinguru horretan Trantsiziorako gobernu berria eratu zen, Dbeibah-ren agintaritzapean. Helburua instituzioak batu eta iazko abenduan hauteskunde presidentzialak eta legislatiboak deitzea zen.

Hauteskundeak data berririk gabe atzeratu egin dira, nazioartearen etsipenerako. Izan ere, kaosan itota dagoen Libia Europarako bidean etorkinen eta errefuxiatuen ate bihurtu da.

Badago, ordea, gauzek hobera egin dutela sinesten duenik. Jalel Harchaoui Libiari buruz aditua baikor agertzen da. «Libian ez da arma liskarrik egon 2000ko ekainetik. Eliteen artean etsai amorratuak zirenek elkar hitz egiten dute eta zeharkako aliantzak ere eman dira» dio adituak. «Berradiskidetze baten atarian egon gaitezke», uste baino, nahi du Harchaouik.

Izan ere, eta Tobrukeko Parlamentuaren aginduz, Tripoliko Senatuaren babesa ere baduen Fathi Bachaghak otsailaren 24a du Gobernua osatzeko epemuga.  

Eta ez dirudi, oraingoz bederen, Dbeibahk amore emateko asmorik duenik.

Azkenean bi agintari politikoen arteko lehia bere horretan geratzen bada, ez dago gaizki. Arazoa zera da, liskar honek Libiako ekialdearen eta mendebaldearen arteko mesfidantzaren isla izatea.