NAIZ

Nafarroako egoitza elektronikoaren edukiak eta izapideak euskaraz izatea onartu dute

Nafarroako egoitza elektronikoaren edukiak eta izapideak euskaraz izatea onartu dute PSN, Geroa Bai eta EH Bilduk. PSNk eta Navarra Sumak, aldiz, atzera bota dute herritarrek telefonoz zein aurrez aurre euskaraz artatzeko eskubidea jasotzen zuen puntua.

Inma Jurio,PSNko legebiltzarkidea, mozioa onartzeko eztabaidan.
Inma Jurio,PSNko legebiltzarkidea, mozioa onartzeko eztabaidan. ((NAFARROAKO LEGEBILTZARRA))

Nafarroako Legebiltzarrak Geroa Bairen eta EH Bilduren mozio bat eztabaidatu du ostegun honetan. Mozio horren bidez, Foru Gobernuari eskatzen dio Gobernuaren beraren eta bere erakunde autonomoen egoitza elektronikoaren edukiak, izapideak eta gainerako jarduerak euskaraz egon daitezela. Puntu hau aho batez onartu da.

PSN, Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek zuzenketa bat adostu dute, Navarra Suma salbu gainontzeko talde guztien babesarekin. Horren arabera, «departamentu bakoitzeko hizkuntza planetan beharren ebaluazioa aurreikusi behar da, egoitza elektronikoaren edukiak, izapideak eta gainerako jarduerak euskaraz egon daitezen».

Jatorrizko testuak hirugarren atal bat zuen, Navarra Suma eta PSNren aurkako botoekin gaitzetsia, «departamentu bakoitzeko hizkuntza planean lanpostu eta zirkuitu elebidunak ezartzea, herritarrei arreta euskaraz, bai telefonoz bai aurrez aurre, berdintasun baldintzetan emateko».

«Miseriazko» arreta

EH Bilduko bozeramaile Bakartxo Ruizek kritikatu du «desoreka handia» dagoela egoitza elektronikoan euskara erabiltzeko aukerari dagokionez, euskaraz egin daitezkeen izapideak soilik %24 baitira.

Ildo beretik mintzatu da Podemoseko ordezkari Ainhoa Aznarez, «miseria» gisa deskribatuz Foru Gobernuaren egoitza elektronikoan euskarazko arreta: eskura dauden 1.400 izapideetatik «300 inguru». Kopuru hori, esan du, %2,5era jaisten da tokiko erakundeetan.

«Ez da bidezkoa 2022an Administrazioak tramiteak euskaraz egiteko ahalmenik ez izatea», esan du Geroa Bairen ordezkari Jabi Arakamak.

Aldiz, Navarra Sumako Marta Alvarezek adierazi du Euskarari buruzko Foru Legeak «ez duela eskubide absoluturik ezartzen» euskaraz artatua izateko, eta «ez du babesten edozein funtzionarioek hizkuntza hori hitz egin behar izatea Administraziora joan nahi duten bakoitzean euskaldunen arreta bermatzeko».

Bestalde, PSNren bozeramaile Inma Juriok bere taldeak aurkeztutako zuzenketa defendatu du, eta adierazi legegintzaldiko programa-akordioak «euskara borroka politikotik ateratzea eta hizkuntza arloko akordio politiko eta sozial gorenetara iristea» adostu duela.

Izquierda-Ezkerra taldeko Marisa de Simonek «ehuneko ehunean» babestu du mozio hau, «herritarrei telematikoki eskaintzen zaizkien eduki, zerbitzu eta baliabideetarako sarbidea bermatzea» eskatzen duena.