Iragan otsailaren 10ean Bulebarrean egin zuten bezala, bart ere gaua kalean igaro dute berrogei lagunek Donostian, oraingo honetan Gipuzkoa Plazan, egunero kalean lo egiten duten etxerik gabeko hainbat lagunekin batera. Hotzaren aterpe gisa egokituta dagoen La Sirena aterpetxea neguko gau guztietan irekita egon dadila eskatzen diote Udalari, eta ez bakarrik tenperatura gradu konkretu batetik behera jaisten denean. Hiritarron Harrera Sarearen deialdiari erantzunez hurbildu dira herritarrak.
Foru Aldundiaren arkupeetan egin dute lo eta hainbat pankarta jarri dituzte bertan beren aldarrikapenekin.
Gaur Donostiako Gipuzkoa plazan gaua igaroko dugu gauero gauero kalean lotan egoten direnekin. Aukera paregabea haiek ezagutzeko. Haien esker oneko hitzek aurrera jarraitzeko indarra ematen digute. Batek gosez diraueino... pic.twitter.com/3c1fYz1tei
— Agus (@Agus08414035) February 17, 2022
Egunoooon!!! pic.twitter.com/E705m37wMY
— Agus (@Agus08414035) February 18, 2022
Hiritarron Harrera Saretik NAIZi adierazi diotenez, Udalaren erantzun bat jaso arte ostegunero gaua kalean igarotzeko asmoa dute, martxoaren 31 arte, orduan desaktibatuko baita hotzaren protokoloa.
La Sirena aterpetxeak 44 plaza ditu eta Udalak tenperatura 0 gradura jaisten denean eta izotz arriskua dagoenean soilik irekitzen du etxerik gabeko pertsonentzat. Donostiako Hiritarron Harrera Sarearen kalkuluen arabera, hirian 150 lagun baino gehiagok egiten dute lo kalean eta «horietariko asko gazteak dira». Aterpea itxita egotea «onargaitza» da sarearen ustez.