NAIZ

Epaileen erabakiaren ondoren Aroztegia gelditzeko eskatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Aroztegiako Udalaz Gaindiko Proiektu Sektoriala (UPGS) bertan behera uzteko eskatu dio LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari, epaileek egitasmo honen obrak legez kanpo egin zirela berretsi ondoren.

Aroztegia makroproiektua geldiarazteko maiatzaren 15ean izandako manifestazioa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Aroztegia makroproiektua geldiarazteko maiatzaren 15ean izandako manifestazioa. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aroztegiako lanak legez kanpo hasi zirela berretsi ondoren, LABek proiektu honen Udalaz Gaindiko Proiektu Sektoriala (UPGS) baliogabetzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, «Gobernuak baitu eskumen guztia horretarako».

LAB sindikatua izan zen Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian Aroztegiako prozeduraren kontra salaketa jarri zuena. Auzitegi honek arrazoia eman zion LABi, lanen adjudikazioa ez zela legeak eskatzen duenaren arabera egin onartuz. Orain, enpresak helegitea paratu ondoren, hasierako erabaki hori berretsi du Auzitegi Nagusiak. Hots, lanak hasteko adjudikazioa ez zetorrela bat legediarekin. 2021eko maiatzean LABek Aroztegiako lanak gelditzeko eskatu zuen, «legez kanpokoak zirelako».

Sindikatu honen arabera, Aroztegiaren proiektuaren sustatzaileak eta obrak egin behar zituen enpresak «zitalkeria ederra egin zuten egintza burutuen estrategia baten barnean».

«Kapitalak agintzen duen mundu batean, errealitatea gauzen logikaren adibide garbia da. Horrela, Zuzenbidearen aurka eta ondorio konponezinekin jardun dutenak, zigorrik gabe irteteaz gain, Baztango bizilagunak kriminalizatzen saiatu dira. Ez dira argitu Zuzenbidearen aurkako obra batzuetan parte hartu duten arduradun politikoen eta enpresaburuen erantzukizunak. Sustatzaileeen eta obrez arduratzen den enpresaren arduradun bakar batek ere ez du Nafarroako Auzitegian amaitu. Aitzitik, Baztango bizilagunek bai amaitu dute, Administrazioak egin behar zuen lan bat egiteagatik», nabarmendu du LABek.

«LABek azpimarratu nahi du erabaki judizial honek arrazoia ematen diela Baztango biztanleei, eta balioan jarri nahi du espekulazioaren aurkako aktibazioa, Baztan bailaran lan eta bizitza duina bermatzearen aldeko borroka, ingurunea zainduz eta inguruko behar eta errealitate sozio-ekonomikoaren arabera», gaineratu du sindikatuak.