Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Begietan

Serieko bortxatzaile bat epaitzen ari dira asteotan Donostian, azken urteotan Gipuzkoako hainbat herritan gertatutako dozenatik gora bortxaketaren egilea delakoan. Biktimetako bat bortxatzailearen parean eseri da epaiketan, berak hala eskatuta. Eraso egin zionari «aurpegira begiratzeko» beharra zeukala esan du. Bortxatu zuen egunean ez zion aurpegia ondo ikusi, atzetik harrapatuta eraso ziolako, begiak erakutsi gabe.

Biktimaren aitak, berriz, erasoaren ondoren bere alaba ez dela lehengo bera esan du, indartsua dela eta aurrera egiteko borrokan ari dela, «baina begietan sumatzen zaio ez dela lehengo pertsona bera». Begietan.

“Miñan” liburuan –Amets Arzallus eta Ibrahima Balde–, Ibrahimak esaten du begietara begira hitz egiten duzunean hitzak ez direla erortzen. Ez dakit badagoen hori esateko modu hoberik.

90 urteko emakume batek, duela hamarkada asko gertatutakoa oso ondo gogoratzen zuela adierazteko, «oraindik begietan daukat» esan zidan behin. Sekulakoa iruditu zitzaidan.

Begietan gordetzen dugun memoria ezin da inoiz itzali, begiak itxita ere ikusten segitzen dugulako. Hori du ona eta txarra. Ona, begietan pizten zaizun akordua gogoratzeko gozoa baldin bada; txarra, ahaztu nahi eta ezin ahaztu zabiltzanean.

Imajinatu dut emakume horrek bere bortxatzaileari begietara begiratu nahi ziola objektu bat balitz bezala tratatu zuen arren, pertsona izaten segitzeko borrokan ari dela esateko. Hautsi zuen arren, puskak lurretik jaso eta berreraikitzen ari dela esateko. Berak baimenik gabe inbaditu zuen gorputzak berea izaten segitzen duela oihukatzeko. Gustura esango nioke, begietara begira, epaiketa kirasdun eta krudel horretan sumatu dudan argi-izpi bakarra bere begietan piztu dena izan dela. •