Endika Barrenetxeak merezita irabazi du Iparlur Masterseko finala, Imanol Ansa 30-22 menderatu ostean. Hernaniko atzelariak sendotasun handiagoa erakutsi du sakean nahiz piloteoan eta horri esker bereganatu du txapela Galarretan.
Gauza jakina da sakea dela Barrenetxearen armarik arriskutsuena buruz buruko lehietan, baina hala ere zaila da horri erantzuna aurkitzea. Lehen sakea hernaniarrari egokitu zaio zozketan eta aurreneko hiru tantoak sakez egin ditu 3-0 aurreratzeko.
Ez du burua jeitsi Ansa II.ak, eta aurrelari urnietarra gai izan da markagailuan zuloa ixteko. 8-5 atzetik egon ondoren, 8-6koa errestoan egindako dejada eder batekin lortu du eta sakez hiru tanto jarraian eginda 8-9 aurreratu da.
Une horretara arte finala hotz joan da, tanto oso motzekin, eta lehen piloteoa Barrenetxeak atzean bere alde amaitu duen 9-9ko tantoan iritsi da. Baina hortxe amaitu da ikuskizuna, Endikaren hurrengo sei tantoak saketik iritsi baitira: bost berak eginak eta beste bat Ansak motzegi ateratakoa. Hortxe apurtu da finala eta 13-1eko partzial bati esker Barrenetxea 21-10 aurreratu da.
Hortik amaierara arte indarrak berriz ere parekatu egin dira, baina zuloa jada handiegia zen markagailuan eta Ansak ez du lortu aurkariaren garaipena arriskuan jartzea. Hori bai, bere kalitatearen argi printza batzuk behintzat utzi dizkigu 24-13ko dejadarekin edota 25-15eko eta 28-19ko horma-bikoekin.
Neurketako azken tantoa ere ederra izan da, Barrenetxeak aurrean harrapatu duen pilota ederki amaitu baitu atzean 30-22koa sinatzeko. Finala, hala ere, ez da gogoratzeko horietakoa irten, buruz buruko lehiaketetan askotan gertatu ohi denez.
Barrenetxeak 10 tanto egin ditu jokoan eta beste 10 sakez; jokoan galdutakoak 6 zenbatu dizkiogu eta sakez bi falta ere egin ditu. Ansak 6 tanto egin ditu jokoan eta 7 sakez; galdutakoak ere 6 izan ditu jokoan eta sakez hiru falta egin ditu.
«Ez dakit kanpotik nola ikusiko zen, baina ni barruan ez naiz batere eroso sentitu. Aurreneko aldia zen faborito argi moduan iristen nintzela final batera eta nabaritu egin dut. Gainera, nik piloteo gogor batzuk behar izaten ditut izerdia bota eta partidan sartzeko eta gaur ez da halakorik egon», adierazi du amaieran Endika Barrenetxeak.
Eta Imanol Ansaren sentipenak ere antzekoak izan dira: «Hauxe da buruz buru jokatzea. Ez da batere piloteorik egon eta ez naiz partidan sartu. Hotz nengoen, jokatzeko gogoz baina pilota aldamenetik pasatzen ikusten nuen eta ezin ezertxo ere egin», aipatu du urnietarrak.