NAIZ
DONOSTIA

‘Laburbira’ film laburren zirkuitu ibiltaria otsailaren 25ean abiatuko da

Otsailaren 25ean Areatzan hasi eta apirilaren 4ean Lantaronen amaituko da aurtengo ‘Laburbira’, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria. Tartean, 30 herri bisitatuko ditu mundu zabaleko zinemaldietan ibilbide oparoa egin duten bederatzi lan laburrek.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen ‘Laburbira’ euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak 19. edizioa egingo du aurten. Guztira, 30 herritara iritsiko da bederatzi filmek osaturiko bilduma, otsailaren 25ean Areatzan abiatu eta apirilaren 4an Lantaronen amaituz.

Egutegi osoa Topagunearen webgunean dago ikusgai. «Askotariko lanez gozatzeko aukera izango du ikusleak, eduki zein estiloz aniztasun handiko bilduma osatu baita aurtengo edizioan», adierazi dute sustatzaileek.

Euskal Herrian ekoitzitako bederatzi film laburrek osatzen dute aurtengo sorta, horietako asko ibilbide oparoa egindakoak dagoeneko mundu zabaleko zinemaldietan: Iban del Campo arrasatearraren ‘Serendipia’, iazko Kameratoia rallyko lan irabazlea den ‘Itsasoaren mugimendua’ (Alba Romera eta Rony Levoz), Paula Iglesiasen ‘Lanbroa’, ‘Falta zaizuna’ (Jose Luis Lopez), ‘Hurrengo geltokia’ (Naia Aizpurua), ‘Rewing’ (Amaia San Sebastian), ‘Turnoka’ (Aitor Alberdi), ‘Subandilla’ (Josu Martinez) eta ‘Itsaso’ (Sergio Martinez).

Egitasmoa, «euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta» da, adierazi dute ohar bidez, izan ere iaz ekoitzitako film labur adierazgarrienak ezagutu eta berauetaz gozatzeko aukera eskaintzen baitie herritarrei. Urtero bezala, gainera, aurten ere zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da hainbat emanalditan.

Laburbira zirkuitua Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, ikus-entzunezkoen sorkuntza hauspotzeko bultzatzen dituen beste hainbat egitasmorekin batera: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea, DemaSA lehiaketa eta Kameratoia.

Aurten 19. edizioa beteko du euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuituak, eta urtez urte sendotzen doa egitasmoa. Horren erakusgarri, aurtengo ediziora aurkeztutako film kopurua: 19 aurkeztu dira, eta horietarik bederatzi hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Aukeraketa prozesua lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila kontuan hartuz burutu da.