NAIZ
BILBO

Bizkaiko elizak sexu abusuen «erantzukizuna» bere gain hartu du hogei salaketa jaso ostean

Bizkaiko elizak bere baitan eman diren sexu abusuen «erantzukizuna» bere gain hartu du eta aitortu du hogei direla momentuz jaso dituen salaketak. Kasuak ikertzeko 2019an sortu zen barne batzordeak ditu eskuartean denak; horietatik sei, azaldu duenez, elizbarrutiko apaizekin lotura dute.

Joseba Segura Bilboko gotzaina.
Joseba Segura Bilboko gotzaina. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ezin da jakin zenbat diren Elizaren baitan eman diren sexu abusuak, baina salaketak gehituz doaz eta iluntasunetik argitara ateratzen ari dira kasuak eta haien biktimak. Egiteko dagoen bidea, luzea da ordea.

Auzi honen bueltan igande honetan Bizkaiko elizak «erantzukizuna» bere gain hartu du eta, momentuz, hogei salaketa jaso dituela aitortu du. Kasuak ikertzeko 2019an sortu zen barne batzordeak ditu eskuartean eta, horietatik sei, elizbarrutiko apaizekin lotura dutela zehaztu du.

Bilboko Elizbarrutiak azaldu duenez, asteburuan zehar Bikaritza Nagusiaren adierazpena irakurri dute Elizbarrutia egunotan egiten ari den ospakizunen baitan. Idatziak tokiko elizaren baitan eman diren sexu abusuak eta irekita diren ikerketak izan ditu hizpide eta, bertan, «gertatutakoaren erantzukizuna» onartzeaz gain testuak dio arazo orokor bat izanagatik jendarteari zor dion betebehar moralari ezin diola bizkarra eman.

«Biktimak entzun nahi ditugu, ikertu, erreparatu eta, batez ere, edozein motatako abusua jasan dituztenen zauriak sendatu, zein unean gertatu diren aparte utzita. Jasandako minak ez du preskribatzen», adierazi du Bizkaiko Elizak.

Gogorarazi duenez, gertatutakoa argitu eta xehetasunak jaso asmoz, Bilboko Elizbarrutiak 2019an adingabekoen babeserako eta abusuen prebentziorako batzordea sortu zuen. Geroztik gaurdaino, hogei salaketa jaso dituzte; horietatik sei elizbarrutiko apaizekin lotura dute.

«Batzordea barne lanetan ari da beharrezkoak diren miaketak eginez. Kasu batzuetan, eta ikerketei independentziaren bermea emateko, espezializatutako kanpo erakundeen lankidetza eskatu dugu. Era berean, instantzia publiko zein judizialetatik jasotzen ari diren eskakizunak erantzuten» ari dela baieztatu du.

Zentzu horretan, nabarmentzekoa da eman diren salaketa kopuruaren artean eta instantzia judizialetan maneiatzen diren kasuen arteko aldea. Adibidez, aste honetan bertan EAEko Fiskaltzak Estatuko Fiskaltzari lau kasu baino ez dizkio igorri (hiru Bizkaiari dagokionez eta bat Arabari. Gipuzkoakoa bakar bat ere ez). Publikoki salatutako sexu abusuak askoz gehiago izan arren, fiskaltza batek besteari jakinarazitakoak irekita dauden prozedura penalak dira.

«Salaketek iraganetik ikastea ahalbidetzen dute, eta antidoto onena dira horrelako kasu eskandalagarriak ezin ezkutatuta mantentzeko, ezta etorkizunean errepikatzeko ere».

Azkenik, inork sexu abusuak jasan baditu, edo kasuren bat ezagutzen badu, Elizbarrutiko batzordearekin harremanetan jartzera deitu dute, dela posta elektroniko bidez (protecciondemenores@bizkeliza.org), dela aproposa iruditzen zaion beste modu baten bidez.