NAIZ

Bost preso gehiago Euskal Herrira, 71 oraindik espainiar kartzeletan

Bost preso Euskalherriratzeko erabakia iragarri du Espetxe Zuzendaritzak astearte honetan. Beste bi Iruñetik EAEko espetxe batera eramango dituzte. Honekin ehundik gora izango dira ekarritakoak, baina 71 geldituko dira oraindik espainiar kartzeletan.

Mobilizazioa Gasteizen, urtarrilaren 8ko jardunaldian.
Mobilizazioa Gasteizen, urtarrilaren 8ko jardunaldian. (Endika Portillo | Foku)

Bost euskal preso Euskal Herrira lekualdatuko dituzte hurrengo egun eta asteotan, Gobernu espainiolaren Espetxe Zuzendaritzak astearte honetan jakitera eman duenaren arabera. Hori gauzatzen denean 101 izango dira Martutene, Basauri, Iruñea eta Zaballan (edo etxean espetxaldi arinduan) direnak, eta 71 oraindik kanpoko kartzeletan, Estatu espainolari dagokionez.

Zazpi mugimendu iragartzen dira hedabide ezberdinetan baina horietatik bi lekualdatze «teknikotzat» hartu behar dira, preso horiek jada Euskal Herrian direlako. Jose Mari Dorronsoro eta Mikel Otegi dira (azken honek erietxean segitzen du, aurreko astetik, gaixotasun bat dela medio), eta biak Iruñetik EAEko espetxe batera eramango dituzte. Nora zehazki ez du Madrilek jakitera eman, Lakuako Gobernuak erabakiko duelako, bere eskumena betez.

Euskalherriratuko dituzten presoak hauexek dira: Anabel Egues Asturieseko Villabonatik ekarriko dute; Javier Gallaga, Zaragozako Darocatik; Endika Garate, Kantabriako Duesotik; Maite Pedrosa ere, Duesotik; eta Mikel Izpura, Zaragozako Zueratik. Darocan bi euskal preso geldituko dira bakarrik iragarpena gauzatzen denean.

Nabarmendu behar da hauetako batzuek jada zigorraren hiru laurdenak gaindituta dituztela, eta ondorioz legea era arruntean aplikatuz gero kalean izan beharko zuketen. Gainerakoak muga horretatik gertu dira.