NAIZ

IMQko 89 langileren kaleratzea baliogabetzat jotzeko eskatu du ELAk epaitegi aurrean

ELA Bilboko epaitegiaren aurrean mobilizatu da IMQko garbiketa zerbitzuko 89 langileen kaleratze kolektiboaren epaiketa dela eta. Sindikatuak salatu duenez, langile horien oinarrizko eskubideak urratu ditu IMQk, «euren eskubideak defendatzeagatik bota baitituzte».

ELAren elkarretaratzea IMQko kaleratzeak salatzeko.
ELAren elkarretaratzea IMQko kaleratzeak salatzeko. (ELA)

IMQ aseguru etxeak Bilboko Zorrotzaurre eta Virgen Blanca kliniketako garbitzaile guztiak, 89 langile, kaleratzea erabaki zuen duela ia bi hilabete. Gehienek 10, 15, 20 eta 40 urte zeramatzaten lanean.

Gaur horren kontrako epaiketa egin da Bilboko epaitegietan, ELAk jarri duen demanda dela eta. Sindiatuaren arabaera, langile horien oinarrizko eskubideak urratu ditu IMQk, «euren eskubideak defendatzeagatik bota baitituzte», eta hori da defendatu duena epailearen aurrean. Orain epaiaren zain dago auzia. Justizia egin dadila eskatu du sindikatuak, eta epaileek erabaki dezatela «kaleratze kolektibo hori baliogabea dela, kolektibo horren oinarrizko eskubideak urratu direlako».

«Euren eskubideak defendatzen dituzten emakume kolektiboa osatzeagatik bota dituzte. Izan ere, IMQk berak aitortu du urte askokoko borrokari esker garbitzaile ‘garestiak’ direla, mobilizazioei eta bide judizialari esker euren lan baldintzak hobetu dituztelako», azaldu du ELAk.

Era berean, gaur Soldata Arrakalaren aurkako eguna dela eta, epaitegien aurrean egindako ekitaldian, sindikatuak garbiketaren sektorean dituen eta soldata arrakala ardatz duten gatazketako langileek hartu dute parte: Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaileak; Deustuko Unibertsitateko garbitzaileak; Bermeoko udal garbitzaileak; Guggenheim Museoko garbitzaileak...

ELAk urteak daramatza garbiketaren sektorean dagoen soldata arrakala salatzen, eta datuak «ikaragarriak» direla salatu du: «EAEn arrakala orokorra %24,2koa da eta Nafarroan %28,8koa. Hala ere, zuritze moreko politikak bogan daude alderdi eta administrazio publikoetan. Zuritze horren aurrean, soldatetan benetako berdintasuna aldarrikatzen duten langileak mespretxatu egiten dituzte, kaleratu egiten dituzte edo lanpostuak galtzeko mehatxua egiten diete. Hori da, esaterako, Bermeoko langileen kasua; administrazioak mehatxatu egiten du zerbitzua publifikatu eta lanpostu horiek arriskuan jartzearekin».

Beraz, egoera horren aurrean, gatazka sindikal feministak «genero arrakalen eta utzikeria administratiboaren aurkako txertorik onena» dela adierazi dute ordezkariek ekitaldian. Eta borroka horrekin jarraitzeko «konpromisoa» erakutsi du sindikatuak.