NAIZ

Osakidetzan «erreseteo urgentea» behar dela nabarmendu du EH Bilduk

«Erreseteo urgentea» beharrezkoa da Osakidetzan, EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak Donostian nabarmendu duenez. «Osasun publikoaren desmantelamenduaren» aurrean kalitatezko zerbitzua eta plantilla egonkorren aldeko apustua egin du.

Lehen arretaren egoera salatzeko Santutxun egin zuten mobilizazioa, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Lehen arretaren egoera salatzeko Santutxun egin zuten mobilizazioa, artxiboko irudi batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU) (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Osakidetzan «erreseteo urgentea» beharrezkoa dela nabarmendu du EH Bildu legebiltzarkide Rebeka Uberak Donostian egin duen agerraldian.

«Agerian geratu da Osakidetzak urteetan erantzunik izan ez duten egiturazko gabeziak dituela. Herritarron osasun arretaren kalitatea okertzea eta osasun sistema publikoaren desmantelamendu iraunkorra gauzatzen ari da. Denbora luzez, osasun profesionalen gainesfortzuari esker, mantendu da kalitatezko osasun arreta, osasun arretarako sarbidea, kontsulta presentzialetarako irisgarritasuna… Baina jada gainesfortzuak goia jo du, ezin da denboran gehiago luzatu. Beraiek bakarrik ezin diote Osasun Sistema Publikoari eutsi», adierazi du Uberak.

Osasun arloko profesionalek Lakuaren errekonozimenduarekin eta esker hitzekin nahikoa ez dutela gaineratu du Uberak. Berriz, «erantzunak, baliabideak, planifikazioa eta berrantolatzeko politikak behar dituzte», EH Bilduren parlamentariaren arabera. Horregatik, datozen egunetan egingo dituzten mobilizazioei sostengua eta langileei babesa adierazi die.

«Osakidetzan gertatzen ari dena ez da kasualitatea edo ez da pandemiaren ondorio. Osakidetzan gertatzen ari den gainbehera, osasun sistema publikoaren desmantelamendu saiakerak, erantzuleak ditu, izen-abizenak ditu eta politika jakin batzuen ondorio zuzena da. Osakidetza zaurituta dago, eta ez du covid-19ak zauritu. EH Bilduk herritarren aurrean konpromisoa hartzen du osasun sistema publikoaren aurkako politika ilun horiek geratzeko lanean jarraituko duela eta Osakidetzak inoiz galdu behar ez zuen estatus soziala berreskuratzeko jardunean buru-belarri inplikatuko dela», erantsi du.

Kalitatezko osasun arreta

Egoera honen aurrean, kalitatezko osasun arreta eskaini behar dela gaineratu du. Horretarako, lehen arreta indartzea eta bertan diharduten profesionalek lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela adierazi du. Aurrekontuen negozioazioan 30 milioi gehiago lehen arretara bideratzea lortu zutela gogoratu du.

«Guk lehen arretako desmantelamentuari aurre egiteko proposamen zehatzak ditugu, besteak beste, lehen arretako plantilla igotzeko, plantilla egonkortzeko, egoiliarrak lehen arretan geratzeko, lehen arreta desburokratizatzeko edo mediku faltari erantzuteko, baina, datozen egunetan sindikatuekin bilduko gara berriz ere, ronda bat egingo dugu beraiekin, egoera ebaluatzeko, kontraste bat egiteko, momentu honetan ezinbestean hartu beharreko neurriei buruz hitzegiteko eta lehentasunak markatzeko. Eta saiatuko gara ere, noski neurri horiek sustatzen», azaldu du.

Honekin batera, ostiralean Gasteizko Parlamentuan Osakidetzako plantilla estrukturala handitzeko eta egonkortzeko proposamena egin zutela gogoratu zuen, hasteko 3.000 lanpostu berri gehitzea aurreikusten duena.