Rio de Oro saharar herriaren aldeko Gobernuz Kanpoko Erakundeak asteazken honetan azaldu duenez, datorren martxoaren 5ean, larunbatarekin, lau kamioik Sahararako bidea abiatuko dute Donostiatik. Kamioiek Durangaldeko biztanleek supermerkatu eta ikastetxeetan elkartasunean emandako 100 tona elikagai, jantzi eta eskola material eramango dituzte ‘Karabana Solidarioa’ kanpainaren baitan.
Rio de Oro GKEak azaldu duenez, zehazki, 25.600 kilo elikagai batzea lortu du Durangaldean eta arestian aipatutako trailerrek eramango dituzte Saharara.
Ibilbideari dagokionez, lau kamioiak Alacantera joango dira lehenengo. Bertan, ferry batean ontziratuko dira, zeinak Aljeriako Oran hirira eramango dituzten. Bertan, Fronte Polisarioko kideekin batzea da asmoa, gero hauek Euskal Herrian batutako materiala Tindufeko errefuxiatu eremuetara eraman dezaten.
Rio de Oro GKEko arduradunek Durangaldeko auzokoek izan duten inplikazioa eskertu dute. Izan ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeak azaldu du pandemiak zailtasunak eragin dituen arren, «finkatutako helburu guztiak gainditu» dituztela. Iaz, pandemiaren testuinguru ezezagunago batean, GKEak diru bilketa bat egin zuen janari bilketaren ordez eta boluntarioak kanpainaren eraginkortasunaren inguruan mesfidati baziren ere, azkenean emaitza onak lortu zituen diru bilketak.
‘Oporrak Bakean’ bueltan da
Elkartasun karabanaz gain, Rio de Orok asteartean iragarri zuen ‘Oporrak Bakean’ proiektua ere uda honetan itzuliko dela. Hori horrela, bi urteko etenaldiaren ondoren, Tinduf kanpamenduko haurrak Durangaldera joango dira uda pasatzera.
Rio de Orok ohartarazi du aurten «inoiz baino gehiago» behar direla haurrentzako harrera familiak eta, gainera, jakinarazi du erakundea egingo dela «gastu esanguratsuenen erantzule». Harrera familia bezala izena emateko epea martxoaren 11ra arte egongo da zabalik 676.108.794 telefonoan.