Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Elkarrizketa
Malen Ruiz de Azua
Pertika-jauzilaria

«Edonork egin dezake orain arte egin duen marka baino dezente hobea; ezin naiz erlaxatu»

Malen Ruiz de Azua (Arrasate, 1995) pertika-jauzilariak iazko garaipena errepikatu nahi du pista estaliko Espainiako txapelketan. Aurten, ziurgabetasun handiagoa dauka, denek iaz baino marka eskasagoak egin dituztelako, eta gehiago emateko gai direla iritzi du gipuzkoarrak, baita berak ere.

Malen Ruiz de Azua, Arrasateko atletismo pistan.
Malen Ruiz de Azua, Arrasateko atletismo pistan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Urduri» dago Malen Ruiz de Azua arrasatearra. Larunbat honetan pista estaliko Espainiako txapelketan lehiatuko da, denboraldiko «zita garrantzitsuenean» eta orain arte egindakoa hobetzeko asmoz joango da Ourensera. Azken egunetako entrenamenduan harrapatu dugu, Arrasateko atletismo pistan, pista estaliko denboraldia biribiltzeko gogotsu, jakinik ere txapelketa honek laburbilduko duela pista estaliko sasoia.

Orain arte emaitza onak lortu dituzu: Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun, taldeka Espainiako Kopako txapeldun...

Bai, postuetan emaitzak onak izan dira; lortutako markekin, ordea, ez nago hain pozik.

4,15 metro azken txapelketan.

Bai, 4,15 Espainiako Kopan, eta pista estalian 4,30eko marka daukat aurten. Iaztik 4,43 metroko marka daukat eta oraindik ez naiz gerturatu. Entrenatzen ondo nabil, negu osoan oso ondo entrenatu gara, baina txapelketara iristen naizenean ez naiz gerturatzen nik buruan daukadan marka horretara.

Hala ere, balio izan dizu irabazteko. 

Bai, orain arte bai. Garbi dago Espainiako txapelketako helburua irabaztea dela, marka hobea edo txarragoa izan, baina irabaztea; baina marka on bat egiten baduzu, ba, askoz hobeto, dena bikain irtetea litzateke. Ziurgabetasun puntu horrekin nago. Nik ez dut ikusten nire burua nire marketatik gertu…

Eta aurkariak ikusten dituzu beren momenturik onenean?

Ez, egia da denok gaudela marka onenetatik urrun; uste dut denok garela gai askoz ere hobeto egiteko. Nik uste dut Ourensen denok hobetuko dugula denboraldiko marka, ondo ibiliz gero. Ez dakit ondo egingo dugun edo ez, baina denok garela  marka horiek hobetzeko gai garbi daukat. Ezin naiz konformatu 4,15 edo 4,20 batekin.

Zein da helburua? Aipatu duzu irabaztea dela…

Irabaztea bai, baina nik uste dut 4,40 metroko marka egiteko prest nagoela. Oraindik aurten ez dut atera, gauza bategatik edo besteagatik, baina nik ikusten dut nire burua 4,40 inguruan.

«Aurten harritu nauena da nik pentsatzen nuela iaz hain ondo egonda, antzeko sasoian jarrita, mantenduko nintzela maila berean, baina kostatzen ari zait»

Iazko denboraldia gogoan edukiko duzu, ezta? Espainiako txapeldun pista estalian, Europako txapeldunorde, Espainiako txapelketan brontzea… 

Iazko denboraldia ia perfektua izan zen. Zerbait falta izan bazitzaion, aire zabaleko Espainiako txapelketan titulua irabaztea izan zen. Lortu nuen Espainiako txapelketa irabaztea pista estalian, bertan neguko marka pertsonala lortu nuen, aire zabalean denboraldi hasieran lortu nuen marka hobetzea, 4,47 metro, eta horrekin lortu nuen Europako txapelketarako sailkatzea, han bigarren egin nuen…

Ordutik hurbildu zara marka horretara?

Bai, aire zabalean oso erregularra izan nintzen, dena biribil joan zen. Egin nuen 4,47 metro, 4,45, 4,40... 4,35 metro egiten nuen ia egunero. Aurten harritu nauena da nik pentsatzen nuela iaz hain ondo egonda, antzeko sasoian jarrita, mantenduko nintzela maila berean, baina kostatzen ari zait.

Entrenatzailearen adierazpen batzuk irakurri ditut Goienan. Bertan, onartzen du jauzian oso ondo ari zarela, baina jauzi aurreko lasterketa hobetu behar duzula. 

Bai, jauzia guztiz baldintzatzen du lasterketak. Nik zehaztuta daukat eman behar ditudan pauso kopurua eta badakit nondik pasatu behar dudan momentu bakoitzean. Egia da ez dudala egiten lasterketa hori beti berdin; ez dakit zer daukadan buruan, batzuetan lasterka gehiago edo gutxiago egin behar dudala pentsatzen baitut, eta ez dut lortzen lasterketa fase hori beti berdin egitea. Ondorioz, jauzia ez da beti berdina eta, horren arabera, bat ona da, bestea ez, hurrengoa bat-batean oso ona…

Eta nola hobetzen da hori?

Egin, egin, egin eta egin…

Eta aste honetan ez zara pertikarekin entrenatuko.

Ostegunean entrenatuko gara; azkenengo jauzi gutxi batzuk egingo ditugu. Baina bai, azkenengo astean ezin duzu ezer konpondu. Entrenatu behar duguna, entrenatu dugu. Azkenengo astean, batez ere, atseden hartzen dugu txapelketara pilak kargatuta iristeko.

Azterketetan bezala, ezta? Alferrik da goizeko bostetan jaikitzea…

Bai (barrez). Hori esaten dit nire entrenatzaileak; egindakoa egina dago. Orain atseden hartu, bideoak ikusi, irudikatu ze jauzi egin nahi dugun eta aurrera!

«Ez dut presiorik sentitzen alde horretatik; badakit ni nire mailan egonda irabazteko borrokan egon naitekeela»

2020an fitxatu zintuen Valentziako taldeak. Igarri duzu pauso bat eman duzula?

Igartzen dut talde modura desberdintasuna. Maila indibidualean, nik berdin jarraitzen dut. Txapelketetara joaten naiz eta segitzen dut nire onena ematen bertan. Baina txapelketa zehatz batzuk egiten ditugu taldeka, pista estaliko Espainiako Kopa eta gero aire zabalean egoten den liga bat –izaten dira hiru jardunaldi eta lehendabiziko bi jardunalditan lortutako emaitzen arabera, txapelketa irabazteko edo salbazioa lortzeko borrokatzen duzu– eta hor bai igarri dut ezberdintasuna.

Bidasoa etxeko talde bat da, atleta gehienak ingurukoak gara, sekulako giroa dago, baina helburua izaten zen beti maila mantentzea. Nahikoa geneukan horrekin. Denbora pila bat egon ginen Lehen Mailan Ohorezko Mailara igo nahian, 2018an gorenera igotzea lortu genuen eta ja helburua da hor mantentzea. Eta Valentziarekin, ordea, soilik irabazteak balio du. Ez da etxeko talde bat; Valentziakoak direnak oso gutxi daude taldean, 26. aldiz irabazi du Espainiako Kopa, Europako txapeldun ere izandakoa da...

Klub historikoa da, ezta?

Bai, 26 titulu irabazi dituzte pista estalian, Europako txapeldunak ere izan dira. Helburuak ezberdinak dira. Batean, etxeko atletak zaintzen dituzte, maila txukuna lortu dute eta orain, hori mantentzea dute xede. Valentzia jada beste kontu bat da. 

Profesionalagoa?

Bai, apur bat bai. 

Eta bertara joan zinen taldeak hutsune bat zuelako pertikan, ezta?

Bai, kontua da Espainiako taldekako txapelketa irabazteko talde bakoitzak atera behar duela ordezkari bat modalitate bakoitzean. Onena izateko ezin duzu huts egin, ze beste taldeak ere indartsuak dira. Valentziak ikusi zuen ahulgune bat zuela pertikan, aukera suertatu zen eta bertara joan nintzen.

Eta presiorik edo? Ze irabazteko joan zinen… 

Ba tira… Lehenengo urtean, Espainiako taldekako txapelketan laugarren egin nuen (barrez). Ez zidaten bronkarik bota, nik uste dut une horretan taldeak bere osotasunean ez zela ondo lehiatu eta, egia esan, apur bat kamuflatuta bezala geratu zen egun hori. Ez dut presiorik sentitzen alde horretatik, badakit ni nire mailan egonda irabazteko borrokan egon naitekeela.

Zein da zure errutina horrelako txapelketa baten atarian?

Ostiral eguerdian egingo dugu bidaia, iritsiko gara Ourensera eta txapelketa aurreko egunean aktibazio saio bat egiten dugu, han pistan. Larunbatean, entrenatu, gosaldu, ahalik eta lasaien egon, goizean bueltatxo bat eman hankak soltatzeko, bazkaldu, siestatxo bat egiten saiatu nerbioek uzten badute… 

Urduri egoten zara txapelketen atarian?

Bai, nahiko urduria naiz. Lo nahiko lasai egiten dut, baina beti edukitzen dut zirrara hori txapelketaren aurretik.

Eta nola kontrolatzen da? Zirrara horrek on egiten dizu?

Orokorrean, uste dut ondo lehiatzen naizela hitzordu garrantzitsuetan, baina egia da batzuetan txarto ere egin izan dudala. Egin izan ditut hiru nulo edo… Baina ez dut uste denik urduritasunagatik; batzuetan egun txarrak ateratzen dira, hala egokitzen direlako.

«Nahiko urduria naiz. Lo nahiko lasai egiten dut, baina beti edukitzen dut zirrara hori txapelketa aurretik»

Amesgaiztorik izan duzu inoiz hiru jauzi baliogabe egiten dituzula?

Bai, beti daukazu buruan; batez ere, pertika bezalako proba batean. Lehendabiziko nuloa egiten duzunean, oraindik ere badaukazu marjina akatsak zuzentzeko. Bigarrena egitean, bai, urduri jartzen naiz. Beste aukera bakarra daukazu eta kale egiten baduzu, etxera zoaz. Kasu horretan, entrenatzailearengana joaten naiz eta berak esan behar dit guztia. Robot bat izango banintz bezala, saiatzen naiz burua hotz mantentzen eta ez gehiegi azeleratzen.

Iazko Espainiako txapelketatik hona igartzen duzu desberdintasunik irabazi izanagatik?

Ez daukat presiorik, ze ez dut ikusten nire burua faborito. Lider izan eta besteak ikusten badituzu 10 zentimetroko aldearekin, agian sentitzen duzu presio hori, ezin duzulako kale egin. Aurten, ordea, guztiok hain pareko gaudenez, ez dut sentitzen presio hori.

Alegia, irabazten ez baduzu, dena berdinduta dagoelako da, ez zuk huts egin duzulako.

Presioa baino sentitzen dut dena eman behar dudala. Lider nago, 4,30 metrorekin; bigarrena 4,25ekin dago; hirugarrena, 4,20rekin; laugarrena, 4,16rekin; bosgarrena eta seigarrena, 4,15ekin (tartean Maialen Axpe arrasatearra)... Oso parekatuta dago guztia eta denok daukagu aurtengo marka baino hobea. Edonork egin dezake orain arte egin duen marka baino dezente hobea. Ezin naiz erlaxatu eta oso zentratuta egon behar dut.