Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Tolosa inauterietan da; ba al da munduan Patxi baino alkate maitatuagorik?

Pandemia gurera iritsi zenetik ez zen halako irudirik ikusten. Tolosak ireki dio, agian, bidea normaltasunari Inauterien txupinazoarekin. Gaur eguerdian lehertu da jaia eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere izan du bere lekua. Protagonista, berriz, Patxi Kabi Alaiko alkatea izan da.

«Telebistatik ikusten ari gara zer egiten ari zareten». Horrela ekin dio Tolosak inauteriei. Txantxetan, noski, Iñigo Urkullu lehendakariaren deia jaso dutela esan dute Kabi Alaikoek pregoia irakurtzen ari ziren bitartean. Txantxetan, noski, baina gaur abiatu diren ospakizunen testuingurua ederki markatuz.

Pandemia lehertu zenetik ez da horrelako irudirik ikusten eta Tolosak hartu du jai martxa normala berrabiarazteko ardura. Urtarrilean ospakizunak bertan behera geratuko zirela iragarri arren, iragan otsailaren 11an baieztatu zuen Udalak egoera epidemiologikoak hobera egin eta gero, inauteriak berreskuratuko zituztela.

Bi urte igaro dira Tolosak bere festa bihurrienak azken aldiz ospatu zituenetik. Orduan ezin genuen imaginatu 2020ak ekarriko zuena. 2021eko «ez-inauteriak» tristeak izan ziren, festarik gabekoak, eta aurtengoak arrisku bizian izan ziren. Izan ere, Udalak festak bertan behera uztea erabaki zuen hasieran. Azkeneko momentuan frankismoak ere gelditzerik izan ez zituen inauteriei heltzea erabaki dute, eta herri guztiak indarrak batu ditu azken bi asteetan dena antolatzeko.

Tolosako inauterietako pregoia eta txupinazoa. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gaur goizean nabari ziren tolosarrek zituzten gogoak. Txilabadunak eta txarangak goiz atera dira kalera, taberna eta saltokiek azken uneko apainketak bukatzen zituzten bitartean. 11.30k inguruan Udaletxeko plaza jendez lepo zegoen jada. Arraroa egiten da hainbeste jende batera ikustea. Maskarillak han eta hemen ikusten ziren, batzuek ondo jarrita, beste batzuek sudur edo kokots azpian. Laister agertu dira Kabi Alai konpartsako kideak, eta euren buruzagia den Patxi alkatea.

Garraxika eman diote ongi etorria Patxiri, Olatz Peoni egun batez postua kendu dion horri. Rock izar bat balitz bezala txalotu dute balkoira ateratzean. Bere txapel altuak, bere bizarrak eta bere kapak seriotasuna transmititzen badute ere, algararako aukera zabaltzen du. Ezinegona somatzen zen, erlojuari begira, eguerdia noiz joko zai, urduri. 

«Kaixo tolosarrok, hemen zaudetenak eta falta direnak. Hemen gaude Olatz eta biok, bi urte latzak izan dira eta batzar gogorra izan ondoren erabaki dugu festa alaitsuenei hasiera emango diegula Txupinazoa botaz», iragarri du Patxik. Baina Peonek ez zuen hain argi, zalantzak omen zituen Inauterizale Kuttunik ez zegoelako. Baina Patxik ideia bat izan du: bertan zeudenen artean zozketa egitea.

Estatu Batuetako Kapitolioaren aurkako erasoaz mozorrotutako pertsona bat. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Horretarako, Iker Galartza aktoreak jendearen gainean zegoen kutxa bat zabaldu du eta pilota pila bat erori dira. «Pilota honen berdina duena, Kabi Alai jartzen duena, altxa dezala besoa eta igo dadila balkoira», esan du orduan pilota bat erakutsiz.

Baina festak aurrera egin aurretik Urkulluk deitu omen dio Peoni, bere alderdikideari. «Ixo, ixo! Anoetakoak Anoetara, ibarrarak Ibarrara eta gu guztiok makurtu zuen tokietan», esan du inauteriei hasiera emateko zorian izkutatu nahian. Ondoren Gotzone Sagardui Osasun sailburua agertu da, dena ondo zegoela konprobatzera. «Ekarri al duzue denok covid pasaportea?», galdetu du, eta Peoni esan dio 401 pertsona bazeuden ezingo zituztela inauteriak ospatu, bere esku uzten zuela erabakia.

Patxik, berriz, ardura hartu du, bera baita egun hauetan zehar alkatea eta erabakiak hartzen dituena, eta festarekin jarraitzea onartu du.

Inauterizale Kuttun olinpikoa

Aurtengo urtea berezia izanik, Inauterizale Kuttuna ere berezia hautatu dute: Tolosa herria. Herri guztia, denek asko itxaron dutelako data hau iristeko eta sekulako lana egin dutelako ospakizunek aurrera egin ahal izateko. Baina guztiek ezin dutenez titulua jaso, zozketa egin dute herriaren izenean txupina nork botako zuen erabakitzeko. Neska gazte bat izan da hautatua jaiei hasiera ematen dien suziriari su emateko.

Kuadrilla bat Tolosako inauterietako txupinazoaz gozatzen. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Era berean, Tolosa izena mundu guztian zehar eramaten ari den enbaxaboreari, Imanol Rojo iraupen eskiatzaile olinpikoari, omenaldi txikia egin diote. Peonek gogoratu du hiru joko olinpikoetan parte hartu duela, urtez urte gero eta marka hobeak lortuz. Izan ere, aurten, top 10ean sartzea lortu du.

«Olatzek esan zidan ea Joko Olinpikoen ostean nahi nuen etorri. Tolosan inauteriak oso garrantzitsuak dira eta egia esan ilusio handia egin zidan orain dela urte asko ez nintzelako etortzen. Oilo ipurdia jarri zait gazteak saltoka ikustean. Gustatuko litzaidake hor beheran egotea», kontatu digu kirolariak.

Gaur eta bihar Tolosan ospatuko ditu inauteriak, denboraldia amaitu ez denez festa askorik egin ezin duen arren. «Hemen egoteak bakarrik poz handia ematen dit», aitortu digu.