NAIZ

Bidasoak otsaila arrakastatsuari amaiera ona eman eta Anaitak behingoz garaipena nahi du

Gipuzkoarrek, orain arteko helburu guztiak beteta, sailkapeneko azkena den Antequera jasoko dute larunbat honetan Artalekun (18.30); eta nafarrak aurkari zuzena den Torrelavegaren etxean lehiatuko dira ordu berean.

Bidasoak eta Anaitasunak larunbat honetan jokatuko dituzte euren Liga partidak.
Bidasoak eta Anaitasunak larunbat honetan jokatuko dituzte euren Liga partidak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Otsaila amaitzear den honetan, Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasuna helburu ezberdinen bila arituko dira larunbat honetan Asobal Ligan. Bi euskal taldeek 18.30etik aurrera jokatu dituzte euren partidak: gipuzkoarrek Artelekun Antequeraren kontra eta nafarrek Kantabrian Torrelavegaren pistan.

Irundarrek sekulako hilabetea igaro dute. Orain arte bederatzi neurketa jokatu dituzte hilabete honetan: Ligako bost, Kopako bi eta HF European Leagueko beste bi. Beraz, biharkoa hamargarren lehia izango da. Hori bai, orain arteko helburu guztiak bete dituzte: Ligan bigarren dira eta Asobal Koparako sailkatuta daude, Kopan aurrera egin dute eta Europan hurrengo faserako txartela eskuratuta dute jada.

Ligako bigarren postu hori ostegunean Valladoliden irabazita indartu zuten. Hori dena oraindik Jon Azkue eta Rodrigo Salinas bezalako jokalari garrantzitsuen bajak izan dituztela ikusita. Jacobo Cuetarak taldea oso ondo errotatu du eta gazteei minutu asko eman dizkie. Hauek oso ondo erantzun dute orain arte, taldea oso orekatuta dagoela ziurtatuz.

Larunbat honetan Asobal Ligako azken sailkatuaren kontra arituko dira. Hala ere, Ligan ezin da inoiz partida bat irabazita bezala eman, eta Antequera azken neurketan Navari 34-25 irabaztetik dator.

Gainera, Jacobo Cuetara Bidasoa-Irungo entrenatzaileak bere jokalarien «desgastea» adierazi du atarikoan. Nahiz eta egoera horrek «ezin duen aitzakia izan», bihar adi jokatu beharko dutela azpimarratu du.

Bidasotarrei ez zaie zaleen berotasuna faltako. Hilabete gogor baten ostean, klubak egitasmo berezia antolatu du. Izan ere, lehen taldeak zaleen bultzada hurbiletik jaso dezan bazkideek beste lagun bat dohainik eramateko aukera izango dute eserlekuak agortu arte. Larunbatean, norgehiagokaren egunean bertan, leihatilan hartzeko aukera egongo da, oraindik sarrerarik egongo balitz.

Gainera, Antequeraren aurkako neurketa Inauteriekin bat egiten du eta Bidasoak aukera hori baliatu nahi du ikusleak Artalekura mozorrotuta joatera animatzeko. Horia nabarmentzen den mozorro batekin jantzita datorren edonor, klubeko arropa ofizialaren zozketan sartuko da. Lotea honako hauek osatuko dute: lehen ekipazioa eta joko-galtzak, jertsea eta paseorako kamiseta.

Anaitasuna, mahaian kolpea eman nahian

Helvetia Anaitasunaren hilabetea zeharo ezberdina izan da, ez baitituzte hainbeste atzeratutako partida jokatu behar izan. Ligako hiru neurketa eta Kopako beste bi jokatu dituzte. Azken txapelketa honetan aurrera egin dute Valladolid kanporatuta, baina Ligan gauzak ez dira oso ondo joan azken asteetan.

Nafarrek bi porrot eta berdinketa bat lortu dute azken hiru partidetan –aurten oraindik ez dute garaipena ezagutzen–, eta larunbat honetan burua altxatzeko aukera bikaina dute sailkapenean aurkari zuzena den Torrelavegaren kontra.

«Asko mentalizatu gara eta badakigu puntuek zer nolako garrantzia duten», adierazi du Quique Dominguez prestatzaileak, klubarekin 2025a arte berritu eta egun gutxitara.

Bidasoaren aurkako derbian irabazteko gertu geratu zen, ondoren Cuencan berdinketa lortu zuen eta Granollersen aurka oso ondo lehiatu zen, baina porrota jaso zuen.

Orain beste aukera bat dute garaipenaren bidera bueltatzeko. «Torrelavega engainatzen ez dizun taldea da. Beraien aurka jokatzen duzunean badakizu partida oso fisikoa, kontaktu askokoa eta erritmo eta abiadura handikoa proposatuko dizula», azpimarratu du Dominguezek.

Lehen itzuleko neurketan iruindarrek garaipena lortu zuten (37-34) hasiera batean maila mantentzeko helburua zuen taldearen aurka. Oraintxe bertan nafarrak eta kantabriarrak 15 punturekin daude berdinduta sailkapen nagusian, hamargarren postu eroso batean.

Hala ere, bedintasuna handia da sailkapenaren erdialdeko taldeen artean eta edozein detailek baldintza dezake partida.